Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (III). Peñasanta.

Motxila bete istorio

Europako mendien mendebaldeko gailurrik altuena da Peñasanta. Itxura beldurgarria du, eta izaera basatia. Gailurrera iristeko gainditu beharreko hormak ikusgarriak dira.

Gotzon Arruabarrena
2019ko abenduaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
67 udaberri, eta mendira bidean beste behin ere. Gaztetasunaren odola borborrarazten duen irteera baten bezperan urduritasuna eta ilusioa nahasten zitzaizkidan, baina orduan modu berezi batean. Mendi liburu zein pasarte ugariren irakurketan miresmena sorrarazi izan didan Peñasanta izango zen gure helmuga. Erronkak ez zuen erraza izateko itxurarik, baina nire alboan betiko bidelagunak, etxekoak, izanda, bidea xamurragoa egingo zitzaidalakoan nengoan, ziur.

 

Mendi horretara joateko asmoa pare bat urte lehenagotik buruan bueltaka izan genuen, baina aukeratzen genituen data guztietan baldintza desegokiak iragartzen zituzten. Horrela, soka horri etena jartzeko gogoz, 2018ko sanignazioetan saiakera bat egitea erabaki genuen. Izan ere, egun honen bueltan elur gutxi eta eguraldi ona egin ohi du. Izan ere, Pen?asantak erakarri izan nau ez bereziki Europako mendietako (Espainia) mendi multzoaren mendebaldeko altuena delako, baizik eta mendi ez entzutetsua izateak, bere itxura inponenteak eta bere izaera basatiak sortzen duten konbinazioak. Eta gailurra zapaldu ahal izateko gainditu beharreko horma ikusgarriak, bihurritu bezain zuzenak.

Azken horrek, ordea, zailtasun berri bat gehitzen zigun: eskalatzea. Gure esperientzia mendi eskaladan urria izanda, mendi gidari bat bilatu beharrean aurkitu ginen, eta horri ekin genion. Hortaz, Pen?asantarako igoera egiteko bide ohikoenean zegoen aterpetxera deitu genuen, zerbitzu hura eskaintzen zuten jakiteko. Baiezkoa esan ziguten, baina aukeratutako datarako ezin izango zutela; izan ere, aterpetxea bidaiariz lepo egon ohi zenez, horientzako jan eta lotarako zerbitzuekin tarterik ez zuten izango. Ondorioz, Internetera jo genuen mendi gidarien bila. Enpresa ugari zeuden, eta interesgarriak denak, eta aukeraketa ez zen erraza izan. Baina bete-betean asmatu genuelakoan nago.

Irteeraren aurretiko prestaketaren xehetasun guztiak ondo lotuta genituen, eta gure motxilak material, jaki eta ilusioz beteta, Asturias aldera abiatu ginen, Covadongako El Repelao ostatuan mendi gidariarekin elkartzeko gogoz. Espero bezala, eguraldia gure alde geneukan, harik eta Europako Mendien ingurura gerturatzen hasi ginen arte... Euria lotsati hasi zitzaigun, baina dotoretzen hasi zen. Hitzordua baino lehentxeago iritsi ginen, beraz, ingurua bisitatzeko aukera ona izan zitekeela pentsatu genuen.

Horrela, aterkiak hartu, eta santutegia nahiz kobako baseliza famatuak beti bezalako edertasuna mantentzen zutela ziurtatzera joan ginen. Berriro begiratu nien inguruoi 718. urtean gotorleku bihurtu zuten Covadonga ikusi nahian, non Don Pelayok, Ama Birjinaren laguntzapean, musulmanen erasoak ustez gainditu zituen, musulmanen aurkako Errekonkista gudari hasiera emanez.

Ordurako ostatuan ginen, eta mendi gidaria zain. Bertako goxotasunak gure hezetasunak lehortu bitartean, adi-adi entzun genituen asturiarraren azalpen denak. Profesionaltasun, ziurtasun eta pazientzia osoz azaldu zizkigun xehetasun guzti-guztiak. Baina bilerak luze jo zuen, mendiko bitxikeriak eta pasarteak bata bestearen atzetik lotu baikenituen... berriki egondako Vignemaleko Clot de La Hount eta Cerbillonako lepoko Perdido zein Marboreko puntako zeru izartuen inguruan ari ginela, afalordua gainera etorri zitzaigun arte.

Abenturaren hasiera

Orduan, ohartu ginen telefonoz adostuta genuen ibilbidearen antolaketan moldaketa egitera behartuta geundela. Hasierako asmoa egun horretan bertan gora abiatzea, ibilbideari ekitea, zen, Enoleko lakuetara igo eta, jarraian, Pan de Carmen izeneko aparkalekuko eremura abiatzeko. Bileraren luzapenaren ondorioz, aurreikuspenak aldatu eta ostatuan afaldu eta lo egin genuen. Azken orduko aldaketarekin oso gustura gelditu ginen denok; izan ere, solasaldi atseginaz gain, otorduan aukera aparta izan genuen Asturiasko janariak duen fama gure papilen bitartez aspaldiko partez baieztatzeko.

Goizak bustitik hasi zuen, baina iragarpenek San Ignazioren ukitua bazetorrela zioten. Horrela, eguerdian gure abenturari hasiera eman genion. Gidariaren autoan sartu, bide sigi-sagatsuari aurre egin, eta Enol zein Ercina laku bikoteen ondoko aparkalekuan egin genuen lehen geldialdia. Dirudienez, «pan» hitzak, bable hizkuntzan, leku urtsua eta belardi gunea deskribatzen ditu; nork esango zukeen, baina gure begiek egiatik ez duela ezer falta baieztatu zuten.

Aterrunearen hasiera aprobetxatuta, gora aldera jo genuen, oinez, Vegarredondako aterpera heldu ginen arte. Erritmo bizian egin genuen bidea, presa bagenu bezala; arnasa nahiko estu neraman, baina hemengo giro fresko, garbi eta paraje ederrek energiaz betetzen zidan arima. Iritsi bezain pronto, gidariak zoriondu egin ninduen, ibilaldiaren abiadurari aurre egin niola eta. Dirudienez, nire adinaz jabetu zen, eta nire egoera fisikoa neurtu nahi izan zuen, hurrengo eguneko irteeran moldaketarik egin behar zuen jakiteko. Proba pasatu nuen, antza, guztion onerako.

Jabi Malo aterpeko zaindariak arrakastaz bete zituen horma mugetaraino beteta zegoen jangelako mendizaleon gosea. Ardoz busti genituen gure zintzurrak, eta kafearekin amaitu genuen. Lotarako gogoa ere joan zitzaigun, eta aterpe aurrean solasaldi ederra egin genuen mendizale ugariren artean. Horietako askok hurrengo egunean gailur ezagunetara ekingo zuten bitartean (horien artean Torre Santa Maria de Enol, edo Pen?asanta de Enol bezala ere ezagutua), guk beste aldera joko genuen.

Akeita edo ilusioaren urduritasunak eraginda nonbait, begiak asko biltzerik ez nuen izan, eta inguruan baziren beste batzuk ere tankeran. Atsotitzak dioen moduan «askoren mina, tontoen atsegina» buruan nuela eta Maloren gosari energetikoak sabelean, nire nekeak disimulatu egin ziren. Goizeko zazpiak ziren, eta laurok prest geunden atarian, lehengo eguzkiaren printzen berotasunak giharrak martxan jartzen zizkiguten bitartean. Ordurako bizkaitar mendizale talde bat iritsi berria zen aterpera, Ariokora joateko asmotan. Mugimendua nabaria zen, eta gu ere martxan jarri ginen.

Esperotako egun urdin eta eguzkitsua iritsi zen. Llampa cimera igoera aldapatsua gainditu genuen, Porru bolura ere iritsi ginen, eta jada ahaztuak ditudan bablezko toki berezi eta bakartiak igaro genituen. Denek eta denak bere zentzua hartzen zihoazen. Inguruko usainek, laztanek, soinuek, koloreek, formek inguruon gainean zenbaitetan irakurritako deskribapen zein istorio eta argazki liluragarriak hezurmamitzen zituzten, gure zentzumenen gozamenerako. Zenbaitek diotenez, Europako mendietako mendi erregina da; ez zegoen dudarik.



Urduritasuna miresmenaz jabetzen joan zitzaidan eskalatu beharreko horma gero eta gertuago sentitzen nuen heinean. Izan ere, nahiz eta asko aritu izan garen Pirinioetako bi mila eta hiru milakoen artean, eskalatzaile moduan arituko nintzen lehenengo aldia izango zen. Pixkanaka, ordura arte inoiz pisatu gabeko udaberri horiek guztiak bere lekua nonbait hartzen hasi zirela sumatzen hasi nintzen... Marokoko Atlaseko bidaiak ezinegona amaitu zuen arte. Duela lau urte egin genuena, Toubkaleko gailurra erraz menderatu genuenekoa, nire indarrak berreskurarazi zizkidan, konfiantzaz asez.

La Fraguako bitartera gerturatu eta hantxe ikusi nuen lehenengoz nire amesgaiztoa: Peñasantako harri kozkor handi eta ederra. Beldurrak eta miresmenak aurrez aurre nituen. Jou Santoko zulora hurreratu ginen, eta hantxe atera zuen tresneria gidariak: sokak, burdinak... Era guztietako tresnak zeuden. Horiek egoki jantzi genituen, eta eskaladako lehen nozioak eta igoera honetan beharrezko guztiak banan-banan azaldu zizkigun. Hunkidura eta tentsioa nahastuta, paretaren oinarrira iritsi ginen. Hortik bai, ikusten zen zuen handitasuna.



Une batean nire artean otu zitzaidan autoan betaurrekoak ahaztu zitzaizkidalako aitzakia erabiltzea eta igoera beste baterako uztea... Baina seme-alabak aurreratu egin zitzaizkidan, eta beraien animoek eta eskainitako segurtasunak beldur guztiak uxatu zizkidaten, konturatzerako hormaren hiru laurdenak egin nituela ohartu nintzen arte. Bueno, aitortu beharrean nago behin baino gehiagotan esan niola gure xerpari nire soka gogor eusteko. Amaiera aldera nire besoak dardarizoan murgildu zitzaizkidan, gogortu, esku puntak minberatu... zerua hatzekin ukitzera heldu ginen arte. A zer besarkada eman genion laurok elkarri!

Jaitsiera

Ikuspegi ederra zegoen ortziko txoko txiki horretatik: Kantauri itsaso urdin eta zabala aurrean genuen, eta mendi zorrotz, harritsu zein puntadunek inguratzen gintuzten. Haien artean aurkitzen ziren Torre Cerredo Europako Mendietako garaiena, baita duela urte batzuk adarraz isiltasuna apaindu genuen Llambrion mendiaren gainaldeak ere. Igoerak ahituta, eta parajearen handitasunaren estasiak logalea eragin zidaten, eta lo-kuluxka bat egiteko eskaera onartu zuten bidelagunek, une berezia borobilduko zuen azken osagaia. Bien bitartean, gertu sumatzen genuen mendizale taldea igoko zen, eta jaisteko gure bideari lekua egingo zioten.



Indarrak berreskuratuta, eta tripako orroak aseta, jaitsiera hasi genuen. Rappel kontuetan ederki moldatu nintzen, kolpe txikiren batek edo bestek neurria hartzen lagundu zidatelarik. Barre ederrak egin genituen, eta esperientzia gozamen hutsa izan zen. Argazkiak ere neurrikoak izan ziren, eta oharkabean hormaren behera iritsi ginen. Soineko traste guztiak erantzi, mokadutxo bat jan, eta harri artetik belar artera pasatu ginen istorioz istorio. Konturatzerako berriro Carmengo belardi hezeetan geunden, eta gure autoa hortxe geneukan zain, etxerako bidea egiteko prest. Bete-beteta geneukan arima, eta beste hainbat istorio motxilan hartuta; hurrengoak ere noiz etorriko zain.

Bihar: Bidaia eta mendi kroniken lehiaketa (IV): Vietnam.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.