ATZEKOZ AURRERA

Mozorroen tenplua

Zaldibiako Jaiak mozorro dendan lan askotako egunak izaten dira inauteri aurrekoak. Aurten, animalien mozorroak ari dira saltzen gehien, hotzari aurre egiteko egokiak direlako.

Agustin Mujika Takolo pailazoa izan zen urte askoan, eta pailazogintza utzitakoan ireki zuen saltokia. JON URBE / ARP.
Ilargi Agirre.
Zaldibia
2015eko otsailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erotzekoak izaten dira inauterien aurreko asteak. Lana pilatu eta arnasa hartzeko ere astirik gabe ibiltzen dira egunero. «Bihotzekoa emateko modukoak», dio Agustin Mujikak, umorez. Zaldibiako (Gipuzkoa) Jaiak mozorro dendaren jabea da, eta gelditu gabe dabiltza egunotan.

Hiru solairuko saltokian mota askotako mozorro eta osagarriak aurkitu daitezke. Imajinatu daitekeen edozer. «Guztira, 16.000 elementu ditugu salgai. 500 ileorde inguru egongo dira hemen. Hala ere, beti zerbaiten faltan ibiltzen gara. Jendeak oso eskaera zehatzak egiten dizkigu», esan du Mujikak. Takolo pailazoa izan zen Mujika urte askoan, eta mozorrotzea betidanik gustatu izan zaio. Pailazogintza utzi zuenean ireki zuen saltokia. «Txirrindulariak ere egin izan dute hori. [Marino] Lejarreta eta [Jokin] Mujika txirrindulariek, adibidez, bizikleta saltokiak ireki zituzten erretiratutakoan», jarraitu du Mujikak.

Donostian ere badute mozorro saltokia, eta Ordizian (Gipuzkoa) euskal jantziak saltzeko beste denda bat dute. Salmentekin ez da kexatzen, baina urte hobeak izan dituztela aitortu du. Gero eta lehia handiagoa egoteak eragin die.

Inauterien denboraldirako langile gehiago kontratatzen dituzte,hamabost bat lagun ibiltzen dira lanean saltokian. Mujikaren familia osoa ere hantxe egoten da, jo eta ke. «Emaztea, arreba, alaba... denak jartzen ditut lanean!», dio irribarrez. Inauteriak dira lanik handieneko urteko egunak, baina gainontzeko egunetan zein dira erosleak? «Barnealdeko herri gehienetan, ohitura dago beti mozorroen egun bat ospatzeko festetan. Jai horiekin eta ezkondu aurreko agur festekin betetzen dugu urtea», azaldu du Mujikak.

Andoaindik doaz erostera

Urtero mozorrotzeko modak izaten direla nabarmendu du jabeak. Aurten hotza aurreikusita dago, eta goitik beherako jantzi luzeak eskatzen ari da jendea, gehienbat. Kalean eroso egotea da kontua. «Animalienak-eta, asko ari dira saltzen aurten. Harritu egiten nau katalogoetako mozorro asko oso hotzak direlako, erdi tropikalak izaten dira», esan du Mujikak.

Hain justu, horri erreparatu dio Andoni Baltasarrek. Mozorroa beroa eta eroso ibiltzeko modukoa izatea nahi du. Andoaindik (Gipuzkoa) etorri da emaztea eta bi semeekin zerbait erostera. Eskimalaren jantzia probatzen ari da. «Saltokian sekula egon gabe nengoen, eta izugarri ondo dago. Hori bai, gu bezala gauzak oso argi eduki gabe etorriz gero, arriskutsua da aukera asko dagoelako», adierazi du. Herrian haurren eskolako konpartsan ateratzen dira kalejiran, eta egunen batean Tolosara (Gipuzkoa) buelta bat emateko asmoa ere badute. «Guk polizia jantzita joan nahi dugu. Biak berdin», diote Jokin eta Ibai anaiek, gurasoei erruki aurpegiz begira.

Familiak bakarrik ez, gazteak ere badabiltza apaletan ikusmiran. Kapelak, maskarak, ileordeak, mota guztietako betaurrekoak... edozer gauza aurkitu daiteke. Mozorroen tenplua dirudi. Marina Cano, Amaia Cano eta Leire Bergara lagunek argiago dute zer mozorro behar duten. Lazkaotarrak dira, eta herriko gazteek urtero gai bat aukeratzen dute. Aurten 70eko eta 80ko hamarkadako pertsonaiak aukeratu dituzte. Slash musikari joango da hiruretako bat, eta gitarra puzgarria erosi du. «Parrandarako eta inozoarena egiteko balio dute inauteriek. Goizetik ateratzen gara kalera, eta sagardotegira joaten gara bazkaltzera autobusean. Egun osoko festa izaten da», azaldu du Bergarak.

Bezeroei kobratzen ari ez diren langileak osagarriak elkarren alboan jartzen ari dira txukun-txukun. Horietako bat da Maialen Etxabe. «Biologia ikasketak egindakoa naiz, eta urte hasieratik inauteriak bukatu arte hemen aritzen naiz lanean», azaldu du Etxabek. Lana asko gustatzen zaiola dio, mozorrozalea delako eta bere saltsan ibiltzen delako. Aspertzeko denborarik ez dutela izaten nabarmendu du. Inauteri egunetan langileak ere mozorrotzen dira. «Giroa berotzeko egiten dugu; askotan, Agustinek suziriak botatzen ditu saltokiaren kanpotik. Ederki pasatzen dugu. Egun normaletan egin ezin diren gauzak egiteko aukera ematen dute inauteriek».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.