Natura aberatsak inguratzen du Viana. Herria Nafarroako hego-mendebaldean dago, Kodes mendiaren eta Ebro ibarraren artean. Viana 1219an aipatzen da lehen aldiz historiografia ofizialean, Antso VII.a Azkarra erregeak berreraiki eta Forua eman zionean. Eremu estrategikoa izan zela ezin uka. Gaztelaren aurreko gotorleku izan zen, baita Nafarroako Donejakue bidearen azken geldialdia ere; halaxe da orain ere. Ordudanik, bertako monumentu, jauretxe eta jauregiek erakusten duten moduan, garrantzi historiko handia izan du. Horren adibide da 1423an Karlos III.a Nobleak Vianako Printzerria sortu zuela.
Geroago, Gaztelak bereganatu zuenean ere, XVI. eta XVIII. mendeen artean, hiria asko garatu zen; ordukoak dira ikus daitezkeen monumentu eta jauregi asko. Gotorlekuaren inguruan, oraindik harresien arrastoak ikus daitezke. Alde zaharra plazaren inguruan dago antolatuta, eta, bertan ibiliz gero, hainbat armarridun jauretxe bista daitezke, XVI. eta XVIII. mende artekoak. Horien artean, Añon eta Busto, Ripa, Itxaso eta Muskiz-Aldunatetarren jauregiak nabarmentzen dira. Dicastillo, Urra eta cerecedatarren gazteluak ere oso interesgarriak dira. Santa Maria eliza gotikoa ere ikusteko modukoa da.
Interes historiko, arkitektoniko eta artistikoaz gain, Navarro Villoslada eta Pablo Antoñana idazleen jaioterri izan da, eta Cesar Borgia Nafarroako armadako jenerala izandakoaren hilobi. Santa Maria elizaren aurrean, hilarri batek Cesar Borgiaren hilobia seinalatzen du.
Lurralde emankorra
Horretaz landa, Vianako lurretan badira nabarmentzeko bi interesgune: batetik, Las Cañas hezegunea; bertan bizi eta habia egiten duten hainbat hegazti bista daitezke. Naturgunean bada jendeari irekitako Naturaren Interpretazio Zentroa, eta bertatik urmaeleko bizitza eta hegaztiak beha daitezke. Bigarrenik, Longarreko Hipogeoa, berriki aurkitua eta berreskuratua. 4.000 urte inguruko lurpeko hilobi monumentua da, Nafarroako garrantzitsuenetakoa. Donejakueko erromesek ere ematen diote bizitza herriari. Garai batean bezala, Viana da bideak Errioxan (Espainia)sartu aurretik Euskal Herrian eskaintzen duen azken etapa. Horregatik, turismoak ere badu pisua herrian.
Iraganean ez ezik, egun ere bizi handia du Vianak. Bigarren sektorea da nagusi, eta 3.900 biztanle eskas ditu herriak. Herriko hiru industrialdeetan ehun enpresa baino gehiago ari dira lanean; gailetak eta altzariak egiten dituztenak dira handienak. Nekazaritza ere ez da atzean gelditzen. Lehorreko laboreak, hau da, garia eta garagarra nagusi diren arren, Ebro ibarraren inguruko sail ureztatuetatik piperrak eta zainzuri bikainak ateratzen dira. Olibondoak eta mahastiak ere ez dira falta inguruan, eta herritar askoren ogibide dira. Errioxako jatorri izena dute bertako mahastiek, eta bertako upeltegien mesedetan, produkzioak indarra hartu du azken urteetan.
Euskal Herriko txokoak. Viana
Mugan egotearen onurak
Nafarroako hego-mendebaldean dago; emankorra da oraindik ere, eta gaur egun ere bizi eta baliabide handiak ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu