Mugarik gabeko pasioa

Abesti, bandera eta malko bakoitzaren atzean, kirolaren botere eraldatzailea agerian uzten duen istorio bat dago, eta zaleak dira pasioz beteriko istorio horien narratzaileak.

Zaleak animatzen
Zaleak animatzen. BERRIA
Maixa Utrera Puelles.
2024ko martxoaren 13a
05:05
Entzun

Munduko bazter guztietan daude, kolorez betetzen dituzte zelaiak, eta, partida hasten denetik amaitzen den arte, helburu bera dute denek: euren taldea animatzea. Mugarik gabeko grinaren iturri dira, eta edozer emango lukete beren taldea irabazten ikusteko. Askorentzat, zale amorratua izatea kirol zaletasun batetik harago doa: nortasunaren funtsezko parte bihurtzen zaie. Sarri, baina, kirol esparrutik kanpo ez da ulertzen talde batek hainbesteko garrantzia izatea inorentzat, eta kritikatu egiten dira zale amorratuen jarrera ugari. Baina nola azaldu inoiz halakorik sentitu ez duen norbaiti zer diren partida baten aurreko urduritasuna eta irabazi osteko zirrara, eta nolakoa den galtzeak ematen duen amorrua?

Kirol esparruko ikertzaile eta aditu gehienek identitate kolektiboaren ideia erabiltzen dute argudio nagusi gisa. Hala egin du Ekain Rojok ere, EHUko irakasle eta Nor ikerketa taldeko kideak: «XXI. mendeko norbanakoak multzo baten parte sentitu nahi du, eta talde baten jarraitzaile izateak talde nortasun hori ematen dio». Komunitate horretatik kanpo, ordea, kirolzaletasuna «mespretxuz» ikusten da, haren ustez: «Kirola ez diren beste esparru batzuetan ere sortzen dira horrelako kidetasun sentimenduak, baina, jendeak uste duenez kirola bigarren mailako zerbait dela, ezin du ulertu mugako zaletasuna. Aurreiritzi horietan, ordea, handikeria puntu bat dago». 

Ideia berari eutsi dio Javier Lopezek, Pennsylvaniako Unibertsitateko (AEB) Kinesiologia, Filosofia eta Bioetikako irakasleak: «Kirola garrantzirik gabeko zerbait da askorentzat, baina klasismo handia dago kritika horien atzean, batzuentzat kirol xumeak eta kirol jatorrak baitaude. Badirudi zure bizitza futbolaren edo saskibaloiaren inguruan eraikitzen baduzu xumea zarela, eta ehizaren inguruan egiten baduzu, berriz, intelektuala». 

«Kirola garrantzirik gabeko zerbait da askorentzat, baina klasismo handia dago kritika horien atzean».

JAVIER LOPEZIkertzailea

Erlijioarekin alderatu du Lopezek kirolzaletasuna. XIX. mendean, sekularizazioak «garatzeko lekua» utzi zien erlijioaz bestelako ekintza batzuei, baina Lopezek uste du ekintza horietako askok —tartean, kirolak— «antzeko efektua» sortzen duela jendearengan: «Askotan entzun dut zaleen ahotik familia baino garrantzitsuagoa dela taldea, eta hori ulergaitza izango da batzuentzat. Baina badaude erlijioa edo estatua familiaren aurretik jartzen dituztenak ere, eta horiek ez ditugu zorotzat jotzen. Zergatik talde baten zaleak bai?». 

Politikan ere argi islatzen da «fanatismoa», Lopezen ustez: «Eskuinekoak eta ezkerrekoak daude, edo demokratak eta errepublikanoak, AEBetan. Askotan zaila da gai bati buruz beste alderdi bateko norbaitekin hitz egitea, talde horretako kide izateko sentimendua izugarria delako. Beste hainbeste gertatzen da kiroletan».

Funtzio katartikoa

Mugarik gabeko zaletasuna ulertzeko, Antzinako Greziara begiratu du Lopezek: «Greziarrek zioten antzezlan batean parte hartzeak funtzio katartikoa izan behar zuela. Hots, emozioak kanporatzen lagundu behar zuela. Kirol zelaietan antzera gertatzen da, emozioak kanporatzeko toki artifizial bat eraikitzen baita». Hala ere, argi du «modu osasuntsuan» egin behar dela «katarsia»: «Egunerokoan kanporatu ez ditugun emozioak ateratzeko leku bat izan daiteke zelaia, baina ezin da gauza txarrak egiteko baliatu toki artifizial hori. Oihu arrazistak arrazista baitira bai zelaian eta bai zelaitik kanpo».

Bat dator Rojo; harentzat ere emozioak kaleratzeko «leku segurua» da zelaia: «Beste leku batzuetan azaleratzen ez diren emozioak maila gorenean ateratzen laguntzen die zaleei, egunerokoan egin ezin duten modu batean». 

Kirola baino askoz gehiago

Emozioen katarsirako leku seguru bat ez ezik, jendea batzeko modu bat da partidak ikustera joatea. Urteetan elkarrekin esertzen diren ezezagunen artean sentimendu indartsu bat sortu ohi da, Ametz Gil de Paules Alaves taldearen zaleak azaldu duenez: «Bi astean behin, pertsona berberekin zaude. Urteak pasatu ahala, zure albokoak nola hazten edo nagusitzen diren ikusten duzu, eta batzuetan, tamalez, nola hiltzen diren. Hasieran ezezagunak ziren horiekin sekulako harremana osatzen duzu».

Unai Balza ere Alavesen zale amorratua da txiki-txikitatik, eta inguruan esertzen zaizkion zaleek eragin handia izan dute haren bizitzan: «Ni oso pertsona isila izan naiz beti, eta Mendizorrotzara joateak adiskideak egiten lagundu dit». Aitonak irakatsi zion Alavesen zalea izatea zer zen, eta pasioa indartuz joan zaio denborarekin. Gogoan ditu bere taldearen efemerideak; begiak itxita zerrendatu ditzake, baita 7 urte zituenekoak ere: «Alavesek, Bigarren Mailan jarraitzeko, Balaidosen irabazi behar zuen. Nik bazkaria neukan, osabaren etxean. Iago Aspasen golarekin negarrez hasi nintzen, Juanjoren golak poztasuna itzuli zidan, baina, gero, Iago Aspasen bigarren golarekin, berriz hasi nintzen negarrez. Oso barruan sentitzen duzu min hori». 

«Oso pertsona isila izan naiz beti, eta Mendizorrotzara joateak adiskideak egiten lagundu dit».

UNAI BALZAAlavesen zalea

Amaia Diazi bere buruarengan konfiantza izaten lagundu zion Athleticek. «San Mamesera joatea ez da partida bat ikustera joatea. Txikitan ez nuen maite nire gorputza, eta Athletic jokatzen ikusteak pentsamendu horietatik ihes egiten laguntzen zidan. Irabazi osteko zirrarak eta azken minutuetako urduritasunak bizirik sentiarazi naute ordutik».

Carmen Digoni ere asko lagundu zion Baskoniak bolada gogorrei aurre egiten. Bularreko minbizia izan zuen 2021ean, eta Baskoniako jokalariek orduan behar zuen «bizitasuna» eman zioten. Etxeko ordu luzeak labur egin zizkioten jokalariek, eta haiekin pozik, haserre eta triste sentitzeak asko lagundu zion: «Haiei helduta, salbatzeko modua izan nuen».

«Haiei [Baskoniako jokalariei] eta euren emozioari helduta, [bularreko minbizitik] salbatzeko modua izan nuen».

CARMEN DIGONBaskonia zalea

Ohikoa da zaleek taldean babesa eta gotorlekua bilatzea. Gainera, talde batekiko grina, normalean, belaunaldiz belaunaldi transmititzen da. Gil de Paulesek ez du inoiz ahaztuko aitonarekin bizi izan zuen tarte «hunkigarria»: «Hainbat urtez egon zen gaixo, eta aspaldi ez zen altxatzen golak ospatzera. 2018ko urrian, Real Madrilen aurka jokatu genuen, eta Manu Garciak gola sartu zuen, luzapeneko 95. minutuan. Eserlekutik altxatu zen, guztiok bezala, ospatzera. Inoiz ez dut ahaztuko haren aurpegia. Horrelako gauzak kirola baino askoz gehiago dira».

Beste jokalari bat

Talde baten jarraitzaile sutsua izateko beste arrazoi bat gertutasuna da. Zalea talde baten parte sentitzen da, emozioak kanporatzeko leku seguru batean eta familia bihurtu zaizkion ezezagun batzuez inguratuta. Bada, horri guztiari gehitu taldearen balioak eta gertutasuna. Ander Lareki realzaleak argi du jarraitzaileen eta klubaren arteko harremana dela zale amorratuak lortzeko biderik eraginkorrena: «Realak eta bere jokalariek jokoaren parte egiten zaituzte. Giro ederra sortzen da Anoetan zein Anoeta kanpoaldean, eta beti, topikoa bada ere, odol txuri-urdina izango bagenu bezala sentitzen gara Reala ikustean».

Euskal Herriko taldeen marka hori da, hain zuzen ere: gertutasuna. Zaleak beste jokalari bat izango balira bezala sentitzen dira, eta, biek bat eginda, jokalarien porrotak zaleenak ere badira. Carmen Digon harro dago Baskoniak sortu duen zale sareaz: «Ez dugu beste taldeek bezain aurrekontu handia, baina behar ere ez. Hau ez da diru kontu bat: hau maitasun kontu bat da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.