Garai bateko kontzertu ugarien artean beste bat zirudien. Tuteran, (Nafarroa), NATOren aurkako elkarretaratzearen eta manifestazioaren aitzakian —Hego Euskal Herria urtebete lehenago sartu zen erakundean—, Bardeako tiro eremuan antolatutako jaialdi handia. Barricada, Basura, Eskorbuto, Hertzainak, La Polla Records, RIP eta Zarama taldeak oholtza gainean. 1983ko urriaren 22a zen, eta egoera gori gorian zegoen; eztanda egin beharrean. Eta egin zuen eztanda. Nola, gainera.
Tuterako kontzertu hura Euskal Rock Erradikalari (RRV) hasiera eman zioten ekitaldietako bat izan zen. Jose Mari Blasco kazetariak sortu zuen etiketa, Egin egunkariko Plaka-klik gehigarrian, jaialdiaren aurretik idatzitako artikulu batean: «Euskal Rock Erradikala jada errealitate bat da». Etiketa zabala sortu zuen, hainbat talde barruan sartzeko modukoa. Blasco, kazetaria izateaz gain, Soñua diskoetxean lan egiten zuen, eta, hasieran, zigilu horretako taldeak sustatzeko erabili zen RRV.
Baina, behin eztanda eginda, ez dago gelditzerik, eta gero eta talde gehiago sartu ziren Euskal Rock Erradikalaren gerizpean. Bitxia, talde gehienak mugimenduaren kontra agertu baitziren. Zeinek beroago zeinek epelago, uko egin zioten horren parte izateari, «asmakuntza» eta «marketin» terminoekin gaitzetsita. Eskorbutok egin zuen gogorren, baina ez zen bakarra izan. Nahi eta nahi ez, talde gehienekmugimenduaren barnean amaitu zuten.
RRVk izan zuen garrantzia ulertzeko, testuingurua ulertu behar da lehenik.Trantsizioaren lehen urteak ziren, eta, Roberto Moso Zarama taldeko kidearen hitzetan, «askatasun egarriz» zegoen gizartea. Iniziatiba ugari gauzatu ziren urte horietan: fanzineak, musika aldizkariak, gaztetxeak, irrati libreak... Guztiak behetik gora antolatuta. Auzolanaren lehen urratsak. Bainahaserrea eta drogen menpekotasuna agerian zeuden ere; ezinbesteko bi gai Euskal Rock Erradikala ulertzeko. Mugimendu aldarrikatzailea izan zen, apurtzailea, bide berriak ireki zituen.
Euskal kantagintzaren lekukoa hartu zuen RRVk. AEBetako rock & rollaren eta Erresuma Batuko punkaren filosofiak ederto egin zuten bat garaiko ezinegonarekin, eta, sustraiak baztertu gabe, ezaugarri bereiziak zituen mugimendua sortu zen. Eztanda uhinean hamaika talde berri sortzen ziren hilero, eta egunero, gaztetxeetan, tabernetan, antzokietan zein kalean kontzertuetan jotzeko aukera izaten zuten. Hertzainak, Barricada, RIP eta besteak ziren abangoardia, baina atzetik milaka zituzten.
Rock hitza darama etiketak, baina, rock soilaz harago joan zen mugimendua. Talde guztiak batzen zituen musika estilo bereizgarri bat eduki arren, bakoitzak bere bidea urratu zuen. Eskorbuto, RIP eta Cicatriz esaterako, Sex Pistols punk taldearekin zorretan zeuden, Erresuma Batukoen erritmo bizi, deseroso eta errepikakorrak jarraituta. Zarama, berriz, Euskal Herriko Rolling Stones bezala izenda daitezke. Gari (Hertzainak) eta Fermin Muguruza (Kortatu) izango lirateke hemengo Joe Strummer, The Clash taldeak bezala punk, rock eta ska erritmoak nahastuta. Jamaikarako bidaia musikala egin zuen Potatok, reggae musikarekin Euskadi Tropikala eratzeko.
Hasieran, politikariek mesfidati begiratu zuten mugimenduaren ernalkuntza. Gogor gaitzetsi zituzten, eta garrantzia kendu zioten aldarrikapenei. Herri Batasunak, esaterako, drogen menpekotasunaren arriskua eta atzerriko taldeen musika bereganatzea leporatu zien hasieran.
'Martxa eta borroka'
1985an, baina, iritzia aldatu zuen ezker abertzaleak. Ordura arte eramandako estrategia aldatu, eta Martxa eta borroka izeneko kanpaina hasi zuen 1985ean; festak bai, borroka ere bai. Ekitaldi politikoak eta kontzertuak elkarren eskutik joan ziren. Ez zen harritzekoa Jon Idigorasen mitin bat Kortaturen kontzertu batekin amaitzea. HB eta Euskal Rock Erradikala elkar elikatu ziren, eta biak indartsu atera ziren ekimenetik.
Bazirudien Hego Euskal Herrian RRVz gain ez zegoela besterik. Iparraldean, berriz, ez zuen eragin handirik izan. Niko Etxartek eta Errobik urte batzuk zeramaten beren rockarekin, eta ez zen aldaketarik egon. 1980ko hamarkadako Euskal Herri industrializatuan, gaztelaniaren presentzia ere nabarmena izan zen.Euskal Rock Erradikalaren gerizpean zeuden talde askok gaztelera hutsean kantatzen zuten. Zarama santurtziarrak eta Hertzainak gasteiztarrak ziren salbuespena. Nabarmendu beharrekoa da Kortaturen bilakaera ere. Muguruza anaien taldearen bi diskoetan gaztelera zen nagusi, baina, Kolpez kolpe hirugarren diskoan euskaraz abesten hasi ziren irundarrak.
Emakumeek izandako protagonismo faltaz ere luze bezain zabal hitz egin daiteke. Emakume gutxi zeuden taldeetan, agertokiak gizonezkoen lurraldea zirudien. Vulpes punk taldeak apurtu zuen dinamika hori, eta bigarren belaunaldi batean, Belladona taldeak ere oihartzuna lortu zuen.
Urte luzetako itzala
Ukaezina da RRVk Euskal Herriko musikagintzan utzitako arrastoa. Hurrengo urteetan sortu diren talde askotan eragin zuzena izan du, eta talde garaikide ugarik ezin izan dute burua underground-atik harago atera, haien musika RRVren arauetatik aldentzen zelako. Urteen poderioz mitifikatu egin da garai hura, eta oraindik ere 1980ko hamarkadako abestiak ozen entzuten dira taberna zein txosna guztietan. Izan ere, nork ez du abestu eta dantzatu azken hamar urteetan garagardo bat eskuan duela Mucha policia poca diversión, Eh, txo!, No hay tregua, Iñaki ze urrun dago Kamerun,Policia no eta beste hainbat abesti?
Mitifikazioa «ohikoa» dela uste du Mosok, beti pentsatzen dela «iraganeko edozein denbora hobea» izan dela, Beatles eta antzeko izarrekin ere berbera gertatu dela. Beste musikari batzuk kritikoagoak izan dira, eta Euskal Herriko musikagintza RRVren nolabaiteko diktadurapean egon dela salatu dute, hainbat talde aukerarik gabe utzita.
Kaltegarria edo mesedegarria izan da, orduan, Euskal Rock Erradikala? Ikuspuntu batetik edo bestetik begiratuz gero argudio desberdinak topa daitezke. Mosoren ustez, ez da «ez bata ez bestea izan: azkenean, ez dut uste gure ibilera edo Barricadarena, adibidez, oso ezberdinak izango zirenik etiketa hori existituko ez balitz. Zertaz hitz egiten ari garen definitzeko baliagarria da. Besterik ez». Musikari batzuk, baina, Zaramako abeslaria baino kritikoagoak dira. Esaterako, Eneko Abrego Inoren Ero Ni eta Bap! taldeetako kideak gogor jo du behin baino gehiagotan mugimendu haren aurka. «RRVk muga asko zituen. Euskal Rock Erradikala ez zen erradikala izan, ezta euskalduna ere», esan zuen orain dela urte batzuk.
Kontzertu bereziak (II). Euskal Rock Erradikalaren sorrera
Mugimendu berri baten eztanda
NATOren aurka 1983an eginiko protesten harira Tuteran egin zen musika jaialdiak berekin ekarri zuen Euskal Rock Erradikalaren hasiera; hurrengo hamarkadetan, eragin bizia izango zuen mugimendu hark.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu