ATZEKOZ AURRERA. Eukene Sagues. Dantzaria

«Mugimendua da nire hiztegia »

Okzitaniako Tolosan dantzan aritu da 14 urtetatik, eta, orain, Danimarkara joanen da Ballet Errealean dantzatzera. Antzerkia eta dantza uztartzea maite du, bere azken obran agerian utzi duenez.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
2017ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Hamalau urte besterik ez zituela,Nafarroa atzean utzi, eta Tolosara (Okzitania) abiatu zen Eukene Sagues (Ororbia, Nafarroa, 1994). Biolina jotzen hasi zen 3 urterekin, etxekoak antzerki mundukoak zituen —Angel Sagues zuzendaria eta Asun Abad aktorea ditu gurasoak—, eta berak dantza aukeratu zuen. Miarritzeko (Lapurdi) nazioarteko lehiaketa batean irabazitako bekak eraman zuen Okzitaniara. Orain, azken lau urteotako lana utziko du Ballet du Capitolen, eta Danimarkako Ballet Errealean hasiko da. Aurretik, bere koreografiak dituen Esmokin lana zuzendu du, eta Antsoaingo antzokian (Nafarroa) aurkeztu zuen larunbatean.

Danimarkara joateko egunak kontatzen dagoeneko?

Oraindik ez dut askorik pentsatu horri buruz, lanean nabilelako uztail erdialdera arte. Baina oso gogotsu nago.

Zer esan nahi du Danimarkako Ballet Errealean hastea?

Salto handia da. Konpainia askoz ere handiagoa da, emanaldi pila bat dituzte, antzokia oso handia da, eta koreografiak oso desberdinak. Hasieratik hasi beharko naiz.

14 urterekin jende gutxik uzten du gurasoen etxea. Nolatan?

Uxua, dantza eskolako irakasleak nazioarteko lehiaketan eman zuen nire izena, eta aukera baliatu nuen. Gurasoentzat gogorra izan zen, baina bide honetan babestu naute.

Nola moldatu zinen?

Eskolatzea euskaraz egin nuen, eta, Tolosara etorri nintzenean gazteleraz hasi behar izan nuen. Gogorra izan zen, baina esperientzia oso positiboa izan da. Erabaki zuzena zen, dantzatu nahi nuelako.

Gogorra eta zorrotza omen da dantza. Estu ibili zara noizbait?

Presioa badago, baina txikitatik egunero gogor lan egiten saiatu naiz. Lana gogotik ez baduzu egiten zaila da postu bat lortzea. Gero, konpainian zuzendariarekin lan egitean eta... gogorra da bai mundu hau, baina niri dantza asko gustatzen zait, eta beti saiatzen naiz nire burua argi izaten ongi egoteko.

Biolina eta dantza, antzerkia eta dantza... Arteen uztarketaren aldekoa zara?

Arte guztien nahasketa inportantea da. Dantzan musika dago, antzerkia dago... egunero pertsonalitateak espresatzen ditugu; beraz, garrantzitsua da musika eta antzerkiarekin harremanean sartzea. Nire ustez, arte guziek elkar elikatzen dute.

Bestelako arloetan jasotako hezkuntzak lagundu dizu dantzan?

Bai, bai. Musikaren oinarriak ezagututa, askoz ere errazagoa da musika jarraitzea, azentuak... Eta espresatzea errazagoa da antzerkiaren oinarriak eskuratu badituzu. Esmokin egiteko asko lagundu zidan, nire dantza oso teatrala baita.

Orduan dantza ez da bakarrik gorputzaren mugimendua?

Nik uste dut arte guzien zeregina dela mezu bat zabaltzea. Nik mezu politiko eta sozial bat eman nahi nuen. Mezu ahalik eta argienaeman behar diegu ikusleei, eta gozarazi; arte hau zein ederra den erakutsi, eta guk sentitzen dugun energia transmititu.

Dantza politika da?

Antzokian taldeak mezu bat bidaltzen die ikusleei bere ideiekin. Politika ere hori da, talde bat gizarteari ideia batzuk zabaltzen. Harreman estua dute.

Bide egokia da mezuak emateko?

Modu ezin hobea da. Izan ere, kalera atera zaitezke, eta oihukatu, sumindu, baina, antzokian zaudenean, zure momentu pribilegiatua da. Inork ezin zaitu gelditu.

Esmokin lanean kontsumo gizartea duzu jomugan. Hitzez azaltzeko gai zaila izanik, zaila al da mugimenduen bidez azaltzea?

Mugimendua da nire hiztegia, horixe da txikitatik gehien ikasi dudana. Niretzat, errazagoa da mugimenduaren bidez mezu bat zabaltzea, baita antzerkiaren bidez ere. Proiektu hau nik sinesten nuen zerbait izan behar zuen, hartu dugun norabideari buruz galdetzera bultzatzen diona neure buruari. Inportantea zen mezu hau bidaltzea, baina batez ere hiztegi honekin, ikuslearentzat eskuragarria den dantza egitea, ez sobera abstraktua, jendeak bere burua identifika dezan eta egoera horretan ikus daitezen.

Zein izan da zure kezka?

Sistema suntsitzaile batera hurbiltzen ari gara; beraz, sistema aldatu behar dugu. Egunero handitzen den elur bola da.

Zer moduz moldatu zara zuzendari eta koreografo lanetan?

Gehienak zaharragoak dira; nola jarri hauen gainetik, berez, ni banaiz haiengandik ikasi beharko lukeena? Ez da soilik artea, lidergoa hartzeko gaitasuna ere bada. Laguntasuna, lidergoa eta proiektu artistikoaren arteko oreka gorde behar izan dut. Bestalde, koreografiakbakarrik prestatu ditut, estudio batean, eta zailena zen hori dena buruan irudikatzea haiek bertan egon gabe. Oso profesionalak dira, eta nik dena argi izatea behar dute, unean bertan koreografia egiten denborarik ez galtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.