Mugitu da basoa

Abian da perretxiko sasoia. Adituek diote horien dibertsitateak eta kopuruak behera egin dutela azken urteotan, eta bilketa ez dela eragile nagusia. Klima aldaketa, eta basoen eta zelaien kudeaketa ezegokia aipatzen dituzte faktore gisa.

Onddoak basoan, irten berritan eta saskian. E. T. S.
enekoitz telleria sarriegi
2020ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Basoan bada mugimendua. Jendearena bai horratio. Onddoena? Saskia lepo bete duen horrek baietz esango du. Joandako bakoitzean kale egin duen beste hark ezetz, «falta da oraindik». Eta izango da saskia lepo bete arren alerik ez dagoela esango duenik. Ez fidatu sekula onddozaleez. Hobe adituei kontsulta egitea. Eta haiek diote baietz, mugitu dela basoa, egin duela euria, eta orain hasi direla aktibatzen mizelioak. Ez, ordea, toki guztietan proportzio berean.

[youtube]https://youtu.be/tzXMQITSQjg[/youtube]

Joxepo Torres Aranzadi zientzia elkarteko mikologoa da. Urteak daramatza jardun horretan. Ez da erraza egunotan hura etxean harrapatzea. «Onddo dezente dago momentu honetan mendian. Baldintza meteorogikoen arabera mugitzen dira. Onddoak beti daude hor. Guk ikusten ditugunak onddoen fruituak dira, perretxikoak. Duela hiru astetik euri dezente egin du. Horrek onddoek fruitua emateko duten zikloarekin bat egin du, eta orain mendian asko ari gara ikusten».

Ultzamako (Nafarroa) parke mikologikoan ere nabaritu dute mugimendua, baina ez oraindik horrenbestekoa. Amaia Esparza parkeko bozeramailearenak dira azalpenak: «Iraileko azken astean laginketa egin genuen, eta basoa oso lehor zegoen. Mediterraneo isurialdean dago, eta nabaritzen da hori azken urteetan. Iraila lehorra izan da, eta ez Ultzaman bakarrik. Orain dela hiru aste hasi zen euria, eta egindako laginketetan ikusi da badagoela hezetasun nahikoa, eta perretxikoak mugitu direla, baina lotsaz oraindik».

Kolpeak izaten dira oraindik, otarreak onddoz betetzen dira, eta Whatsappak zientoka daudela adieraziz. Baina hori ez da joera. «Ultzaman ez dugu horrelakorik izan. Lasaiago doa dena. Eta ez da berritasuna. Azken urteetan lasaiago eta gutxiago eman du basoak, eta aurtengo denboraldia ere halakoa espero dugu», azaldu du Amaia Esparzak. Eta urrutirago doa Joxepo Teres: «Onddoen dibertsitatea eta ugaritasuna jaisten ari dira. Eta biltzaileena ez da faktorerik garrantzitsuena horretan. Badaude bestelakoak: klima aldaketa —landaretzan ondorioak eragiten dituelako, eta pagadia atzeratzen bada, han mikonizatzen diren onddoak desagertzen joango direlako—, zelaien kudeaketa produktu kimikoen eta purinen erabilera ezegokia delako—, eta basoen kudeaketa —etengabe mozten eta soiltzen direlako—».

Bada, beraz, beheranzko joera bat. Kontua da jakitea pandemiak ere eragin ote duen. Kasu honetan, onerako. Baietz dio Teresek: «Udaberrian izan zen konfinamendua, eta egia da orduan dela espezie batzuen zikloa. Horrek mesede egin die. Perretxiko asko usteldu dira basoan, eta ez da ahaztu behar badutela funtzio bat: haiek gabe zabortegi ikaragarri bat izango litzateke basoa. Materia organikoa deskonposatzen dutenak dira, eta elementu garrantzitsuak dira ekosistema guztiek ongi funtzionatu dezaten». Baietz dio Esparzak ere: «Gu etxean sartuta eta autoa hartu gabe egoteak arnasa eman dio basoari, eta arnasa perretxikoei».

Mikoturismoaren onurak

Eta behar dute arnasa. Azken urteetan perretxikoak adina jende ibili baita basoan, edo gehiago. Denak ez dira adituak. «Jendeak sei-zazpi espezie ezagutzen ditu, eta kito. Jendearen kultura mikologikoa jangarri eta ez-jangarrietara mugatu da», nabarmendu du Teresek. Esparzak, berriz, «mikoturistak» aipatzen ditu, eta haien«soslaia» aldatu egin dela. Lehen, Ultzamako parke mikologikora Gipuzkoatik eta Nafarroatik joaten zirelako, edo Kataluniatik asko jota. Orain, ez. «Azken hiru-lau urteetan soslaia aldatu da. Andaluziatik, Valentziatik... jende asko etortzen da orain. Biltzaile horiek ez dute onddoa bakarrik bilatzen —nafarrek eta gipuzkoarrek bezala—, hemen horrenbeste estimurik ez duten espezieak bilatzen dituzte. Eta oso soslai onuragarria da gure haranarentzat. Bidaia, ostatu, jatetxe... zeharka, diru asko uzten du mikoturistak gure haranean. Gainera, kalte gutxiago egiten dio, nolabait, mendiari. Bidaian datozenez, ezin dituzte kilo asko bildu, ezin dituzte kozinatu, ez dira mendian ordu mordo batez ibiltzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.