Hawaii eta Mumbai bi paradisu direla abesten zuen Ana Torrojak. Egunotan, baina, sanferminek deus gutxi izan dute paradisukotik. Euria eta kazkabarra gogotik bota zituen jaietako lehen bi egunetan Iruñean, eta bertan behera gelditu ziren egitarau ofizialeko kontzertu gehienak.
Alta, datozen egunetan izanen da aukerarik osteguneko eta ostiraleko desengainu meteorologikoak arintzeko. Urtero bezala, eskaintza eklektikoa ondu dute Iruñeko eragileek, eta askotariko estiloak entzungai izanen dira hiriburuko agertokietan. Egitarau ofizialari dagokionez, berriz, lehengo lepotik burua: Espainiako mainstream eszenan oinarritutako programazioa prestatu du beste behin ere Iruñeko Udalak, salbuespenak salbuespen.
Egiazki, agertokien eta kontzertuen antolaketa dira udal eskaintzaren berritasun ia bakarra: rock, rap, trap, punk edo bestelako estilo urbanoei eskainitako eszenatoki handia —Foruen plazakoa— desegin du Cristina Ibarrolaren udal taldeak, eta DJentzako karpa bat paratu dute horren ordez. Aurten, beraz, agertoki bakarrera mugatuko dituzte egitarau ofizialeko kontzertu handiak: Gazteluko plazara, hain zuzen.
Gune horretan, musikazale nostalgikoak eta 50 urtetik gorakoak gogobetetzeko moduko eskaintza ondu dute. Ana Torrojaz gain, ibilbide luzeko beste hainbat talde eta artista kontratatu dituzte egunotarako. Fangoriaren atzoko emanaldia izan zen horietako bat. Alaskak eta Nacho Canutek osatutako bikotearena kontzertu «izar» gisa aurkeztu zuten udal egitarau ofiziala iragartzeko agerraldian. Ia 40 urteko ibilbide musikala errepasatu zuten oholtza gainean. Horien ostean, agertoki horretara igoko dira Dani Fernandez (gaur), Funzo & Baby Loud (bihar) eta Ana Mena (hilaren 13an).
Euskarazko eskaintza urria
Pop espainiarraren ozeano horretan, abagune: asteartean, Merina Grisen pop elektronikoak Gazteluko plaza blaituko du — Madrilgo Delaporte indie taldeak lagunduta—; eta asteazkenean, berriz, ETS En Tol Sarmiento arabarrek beren pop-rock doinuak joko dituzte agertoki berean.
Compañia plazan, berriz, Jazzfermin zikloari eutsiko diote aurten ere, nazioarteko jazz, blues eta cumbia doinuak uztartuz. Gaur, adibidez, Txileko Chico Trujillo jazz latino taldea igoko da taula gainera. Bihar, berriz, Sara Dowling abeslari palestinar-irlandarrak jazz sotil eta dotorez beteriko emanaldia egingo du, bere laukotearekin batera. Asteartean, Carmen Souza lisboarrak soula, folka eta afrikar sustraidun musika uztartuko ditu, Interconectedness bere azken diskoaren aurkezpenean.
Hilaren 12an, blues eta soul musikaren aitzindari bat helduko da Iruñera: Robert Finley gitarrista, konpositore eta abeslaria. Urte luzez bildutako blues doinu klasikoak eta 2016an argitaratutako Age don't Mean a Thing diskoko abestiak interpretatuko ditu sanferminetako emanaldian. Jazzfermin zikloa hilaren 13an bukatuko da, Japoniako Minyo Crusaders taldearen folk doinuek girotuta.
Egitarau alternatiboetan, azkenik, askotariko estilo eta proposamenak bildu dituzte,baina egoera politikoak erabat baldintzatu du eskaintza. Herri Sanferminen egitaraua, adibidez, egun bakarrera mugatu dute, «udalak jarritako oztopoen ondorioz». Astelehenean izanen da, O plazan, eta bertan, The Titanians, Alarma Morea eta Hofe artistek joko dute arratsaldez. Herriko Tabernak ondutako egitaraua ere bertan behera gelditu zen, udalak baimena ukatu ostean.
Laba elkartean, azkenik, egitarau plurala osatu dute: Xabi Bang Bang eta Naken Selektor, DJ Lady Diana Revenge, DJ Pezon, DJ Reimy eta DJ Zuribostnerisei. Egunero, 18:30ean hasita.
Mundu bat Hawaiiz harago
Lehen egunetako ekaitzek bertan behera utzi zituzten egitarau ofizialeko kontzertu eta musika emankizun guztiak. Datozen egunetan, eskaintza zabalagoa izanen da egitarau alternatiboetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu