Orain 50 urte zuen grinarekin jarraitzen du Amnesty International gobernuz kanpoko erakundeak. Munduan barrena dauden bidegabekeriak konpondu daitezkeela sinetsita, alegia. Horregatik, erakundeak mende erdia bete duenean, mundua alda daitekeela gogorarazteko kartel erakusketa jarri du Donostian, Zurriola hondartzaren pasealekuan.
Artistek betidanik izan dute izaera subertsiboa, gizartearen zentzugabekeriak eta gehiegikeriak nolabait salatzeko eta irudikatzeko premia. Izaera horri tiraka, 1969tik 2011ra bitartean erakundeak sustatu dituen kanpainak laburbiltzen dituen 23 afixa bildu dituzte; tartean, Juan Aizpitarte artista donostiarraren Free Hakamada Iwao dago.
Injustizien salaketaren eta artisten arteko lotura garrantzitsua da Amnesty Internationalekoen ustez, eta, hartara, Steven Heller New Yorkeko Arte Bisualen Eskolako Arte Ederretako Masterraren zuzendarikidearen hitzak nabarmendu dituzte erakusketan. Hellerren arabera, «kartel bat sortzeko lana nork bere burua barrikadetara botatzea eta indar zapaltzaileari aurre egitea baino pasiboagoa da. Baina, protestaren eta defentsaren irudirik gabe, pankartarik, banderarik eta kartelik gabe, barrikadak jende multzoa baino ez dira».
Afixa batzuekin kanpaina orokorrak irudikatu dituzte, hala nola: kontzientzia presoak, torturak, heriotza zigorra, isolamendua edota emakumeen aurkako indarkeria. 1977an Amnesty Internationalek Bakearen Nobel saria jaso zuenean kontzientzia presoen alde hamabost artistekin bat eginiko kanpaina nabarmentzen da horien artean. Kanpaina horretarako Botero, Topor, Calder, Miro eta Cieslewicz margolariek eskainitako lanak ikus daitezke Donostian.
Beste batzuetan, berriz, gertaera jakin batzuetan oinarritu dituzte afixak: Tiananmengo plazako jazarraldia edo Hegoafrikako apartheid-an egindako giza eskubideen urraketak kasu. Kontzientzia presoen egoera salatzen duen 1969ko marrazki batekin hasten da erakusketa, eta Aizpitartek aurten eginiko margolanarekin itxi. Iwao Hakamada Japoniako presoaren egoera salatzen du donostiarraren kartelak. 43 urte bete ditu Hakamadak heriotzaren korridorean —halako egoeran denbora gehien daraman presoa da—, eta hainbat eragilek epaiketan irregulartasunak egon zirela salatu dute.
Hilabete amaierara arte
Kartelak jada kalean ipinita daude, eta jendearen arreta bereganatzen ari dira. Oinezkoengan harridura eta interesa sortzen dute afixek, eta bat baino gehiago dira kartelei begira eta horiek irakurtzera geratzen direnak. Argazkiak ateratzen dituenik ere badago. Iraila bukatu arte ikusi ahal izango dira artelanok.
Ohikoa den bezala, kartel batzuek besteek baino atentzio gehiago ematen dute oinezkoen artean. Asko geratzen dira 1989an heriotza zigorraren aurka egindako kanpainako afixari begira. Mao, Hitler, Hussein, Stalin, Khomeini eta Bush ageri dira besoa altxatzen, azpian heriotza zigorraren alde daudenek eskua altxa dezatela leloa dutela. Afixei begira geratu den hirukote baten aburuz, «eskertzekoa» da erakusketa kalean egotea, eta era horretako ekimenak «interesgarriak» direla uste dute.
Mundua aldatzeko afixak
Amnesty International erakundeak 50 urte bete ditu, eta bere ibilbidea laburbiltzen duen kartel erakusketa ipini du Donostiako Zurriola hondartzako pasealekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu