Hasi da. Miarritzen (Lapurdi) itzulika eta itzulika, ezin aparkatuz. Usaian erraza baita leku bat harrapatzea? Ez, baina udan, mirakulu bat behar izaten da. Edo aparkaleku ilunetan ederki ordaindu. Eguraldi polita atera du, ustekabean. Eta terrazak betetzen hasi dira. Jendea arin bezti. Ez denak. Bi hilabeteko euriekin sufriturik, txaketa ala aterkia besoan dabiltza batzuk, oraindik. Hondartzara hurbildu ahala, irribarreak, haize eztia, jantzi alaiak.
Eguerdi airean, eta uda hastapenean, jendeak ez du oraindik harea inbaditu. Baina hondartzak bere ohiko panorama eskaini du. Erraten dute haurrak ez direla eguzkitan utzi behar. Erraten dute bi bandera urdinen artean bainatu behar dela. Erraten dute eguzki esnea hobe dela olioa baino: horrekin itsasoko landareek ez dutela fotosintesia behar den bezala egiten eta. Erraten dute...
Jendea erretzen ari da eguzkitan. Hondartzako legea ez da egunerokoa. Harea gainean, beltza zuria da. Eta zuria, beltza. Mundua alderantziz. Eguzkia lehen aldikoz dastatzera doazenek, lotsarekin, poliki-poliki kendu dituzte jantziak, eta uretara joan dira kukutzera. Emazte horrek nahiago du poltsa eguzkitakoaren pean ezarri, bere burua baino. Hori da betebehar bakarra. Hori da betebehar bakarra. Denak gogotik atera dira eguzkitara. Gorputzak usaian baino gehiago biluzten menturatu dira, beren buruaz segur ala ez... Eta begirada biziek keinu batez aztertu dituzte, pasatzean.
Kafearekin, ikuspegia salgai
Hondartzaren parean, hainbat ostatu, beren terrazekin. Itzalean fresko geratzen da, oraindik. Eguzkiaz gozatu nahi dute bertako lagunek. Kafe bat, otoi. Bi euro. Milesker. Barnealdeko zerbitzari ezagunak ahalkez erran du prezioa. Bere sorterrian erdia ordaintzen da. Baina kafearekin ikuspegia ere saltzen dela erantzun du. Hara. Zapore hobea dutela gauzek eguzkipean, hondartzaren giroan, itsaso zabal eta urdinari begira. Aberastasun mota franko dago, azkenean.
Hondartza denena dela? Printzipioz. Han, besteak baino gorago, eguzkitan daude batzuk. Itsasoa, zerua, ainaren eta kaioen kantuak gozatzen ari dira. Baina ez besteek bezala. Barra txiki batek zatitzen ditu hondartza eta Hotel du Palais ospetsuaren terraza. Aberatsak ez dira itsasoan bainatzen? Igerilekua dute. Itsasoa baino hobea ote da? Naturaren aberastasunak ez du, iduriz, balio bera denentzat.
Bere olatuentzat, eta surflarientzat, famatua da Miarritze. Ez da, ordea, denentzat lekurik. Nahiz eta itsasoko ura franko hotza izan oraindik, bat baino gehiago ausartu da bainatzen. Surflariek ez dute horien usaiarik, negua eta udaberria bakarrik iragan baitituzte. Amatxi bat doi-doi huts egin du taula batek. Biakkontuz ibiltzeko oihuka hasi dira. Batentzat, «zentzugabea» da zaharra, eta, bestearentzat, «eroa» da gaztea. Urrunago, surfean ikasten saiatzen ari diren batzuk. Ur edaten eta uhainak dastatzen pasatzen dute denbora gehiago, taula gainean zutik baino.
Beroarekin kexaturik
Hondartzaren bazterrean, surflariei begira dago elbarritu bat. «Zer zoriona daitekeen», erran du. «Ez dugu karrikan baino aukera gehiago aurkitzen hondartzan. Kalean baino gutxiago, nik uste». Harea gainean ez da, beraz, beti mundua hankaz gora. Eskale bat ez da menturatu besteen erdian etzatera. Bere gitarrarekin, aulki gogor baten gainean lokartu da, gorriturik.
Bazkaltzeko tenorea da, eta karrikak hondartza inbaditu du. Bulegoetako gizon beltzak pausatzera etorri dira, aspaldiko partez eguzkia gozatzeko aukera baitute.
Gorbata desegin, eta ogitarteko bat aski zaie, horrelako eguraldiarekin. Biziaren gauza sinpleetara udako garaian itzultzen da jendakia. Kanpoa, natura preziatu. Kaleetan sartu ahala, zuriak bihurtzen dira hankak. Autoetan, hasperenka, beroarekin kexaturik. Uda hasi da.
[email protected]
Mundua alderantziz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu