Casteller-ak atzo, Senegalgo musika, Argentinako balleta eta mariatxiak gaur, kunbia bihar. Tako mexikarrak, patata tortillak eta Argentinako alfajoreak jateko. Argi: Ferixa Nausiko festek iraun bitartean, Elorrion dago mundua (Bizkaia). Atzo hasi ziren ofizialki herriko jai handiak, eta urtero egiten den abere azoka da gaurko ekitaldi nagusietariko bat. Egitarauari begirada bat ematea nahikoa da, ordea, ohartzeko esfortzu berezia egin duela aurten udalak herrian munduko hamaika txokotako doinu, dantza eta zaporeak ere biltzeko.
«Urte osoan kultur aniztasuna da lantzen dugun gaietariko bat, eta jaietan ere ez dugu bazterrean utzi nahi izan». Lanketa luzeago baten parte da festen programa ere, Maitane Lopez udaleko Kultura zinegotziak azaldutakoaren arabera. Eta horregatik mundua Elorrion biltzeko asmo hori. «Dantza mota ezberdinak ditugu egitarauan. Saiatu gara pixka bat denetarik egon dadin, eta publikoari parte hartzeko aukera eskaintzen dioten eskaintzak egiten saiatu gara, musikari dagokionez». Agertokian ez ezik agertokitik kanpo ere arituko dira taldeak hori dela eta.
«Lurrean eta jendearen artean egitekoak dira ikuskizunetariko asko», azaldu du. Jendea parte hartzera animatzea da helburua, zehaztu duenez. «Jendeak musika hori bere inguruan ere senti dezan nahi dugu».
Lehiakortasun gutxiago
Kuadrillen egunarekin ere lanketa berezia egin dute herrian. Kuadrillen jaitsiera, bazkaria eta jolasak izango dira bihar herrian, baina, udaleko Kultura zinegotziak azaldu duenez, azken urteetan «hainbat arazo» sortu dira jolasen harira, eta horri buelta emateko ekitaldia beste era batera antolatzea erabaki dute. Lopezek azaldu du: «Kuadrillen arteko arazo horiek saihesteko saioa egin dugu. Gainera, jolasak oso lehiakorrak zirela iruditzen zitzaigun, eta denak indar bidezkoak. Beti berdinak izan dira gainera azken urteetan, eta horregatik erabaki zen aldatzea. Jai batzordean egindako berdintasun tailerretan ere lehiaketa horiek aipatu ziren, gainera, puntu ahulen artean». Kuadrillak deitu dituzte horregatik ekitaldia berrantolatzera, eta haiekin batera egin da jolas hautaketa. «Parte hartzaileagoak dira», azaldu du Lopezek. «Gauza berriak dira, eta jendeak ondo pasatuko du».
Horrez gainera, sexu erasoen aurkako protokoloa ere egokitu dute. Jai batzordearekin batera egin dute gai horren lanketa, eta, kuadrillen lehiaketaz gainera, musika ere izan da landu duten beste alorretariko bat. Lopezek gehitu du: «Taberna, txosna eta barrakei pasatu zaie mezu sexistarik ez daukan kanta zerrenda bat».
Ferixa Nagusikoak Elorrion
Mundua Elorrion dago
Elorrioko Udalak esfortzu berezia egin du aurten Ferixa Nausiko festen egitarauan hainbat kulturatako proposamenak eskaintzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu