Edozein objekturi argazkia atera, eta zer den esaten dien aplikazioa. Hori da Joxian Txintxurreta eta Ramoni Jauregi senar-emazteek iPhonera deskargatu duten aplikazio berria. «Duela astebete daukagu, eta, egia esan, oso lagungarria zaigu», dio Jauregik. Itsuak dira biak, eta halako baliabide teknologikoek autonomia handiagoa izateko bidea ekarri dietela nabarmendu dute, baina gogorarazi dute oraindik horietako batzuk ez daudela itsuentzako egokituta. Gainera, iritzi diote etorkizunari begira erronkak ondorengoa izan behar duela: halako teknologiak eguneroko bizimoduko ahalik eta esparru gehienetara iristea.
Applek eta Googlek erabat egokituak dituzte beren gailuak itsuek erabili ahal izateko: telefonoak, tabletak, ordenagailuak... «Guk iPhone-a erabiltzen dugu. Izan ere, ikusten dutenek ez bezala, ez zaigu inporta pantaila handia edo txikia izatea. Gainera, egokitzapen onena dauka», azaldu du Jauregik. Telefonoa fisikoki berdina da. Ez du berezitasun teknikorik, ezta diseinu aldetik ere. Baina sakelakoaren funtzioak eta harekin egiten diren eragiketak ahoz esaten dituen funtzioa du ezarria. Hala, erabiltzailea badaki zein aplikazio ari den erabiltzen, zein ikono ukitzen ari den, nori ari zaion deitzen, zein posta elektroniko jaso duen...
Aplikazioak erabili ahal izatea «abantaila handia» izan da itsuentzat, bai etxean bai kalean. «Aplikazioen bidez lortzen ditugun hainbat gauza pentsaezinak ziren guretzat duela urte batzuk», esan du Txintxurretak. Aplikazioen artean, dozena erdi bat dira gehien erabiltzen dituztenak. Horien artean dago GPS funtzioa egiten duena: BlindSquare. Aplikazio horrekin, zein lekutan dauden esaten die ahots batek, baita zein norabide hartu behar duten joan nahi duten lekura ailegatzeko ere. «Batez ere leku ezezagunetan oso lagungarria da. Lehen beti ibili behar genuen galdetzen», azaldu du Txintxurretak. Horri lotuta, beste aplikazio bat dute, norabidea argitu gabe non dauden eta inguruan egon daitezkeen jatetxeen eta bestelako zerbitzuen berri ematen diena. Dena den, biek argi utzi dute mugitzeko ezinbestean behar dituztela makila eta txakurra. «Aplikazio horiek ematen digutena kokapenari eta norabideari buruzko informazioa da, baina bidean izan ditzakegun oztopoak gainditzeko, adibidez, ez digute balio. Horretan makilak eta txakurrak laguntzen digute oraindik ere», esan du Jauregik.
Testuak irakurtzeko aplikazio bat ere badute. «Orriari argazkia atera, eta aplikazioak bertan jartzen duena irakurtzen digu. Hori abantaila handia da paper kontuak egitera goazenean, edo etxera iristen zaizkigun eskutitzek zer dioten jakiteko», azaldu du Jauregik. Baina aplikazioa gazteleraz dago, beraz, euskarazko testuak oso modu arraroan irakurtzen ditu. «Alde horretatik, gure hizkuntza eskubideak urratuta daude, eta nahiko genuke aplikazio horiek euskaraz izatea. Badakigu enpresa pribatuetatik hori lortzea zaila dela; hori dela eta, erakunde publikoei ahalegina egiteko eskatzen diegu». Posta elektronikoa, Whatsapp eta Skype ere erabiltzen dituzte. «Oso erraz egiten da, beste kasuetan bezala, ahotsa erabilita».
Tabletak eta ordenagailuak ere egokituak dituzte. Hor ere erabil ditzakete aplikazioak. Baina aplikazioekin ez bezala, webgune ugari ez daude egokituta. Kultura maite du Txintxurretak, eta kulturari eta astialdiari lotutako euskarazko orrialde egokitu baten falta sumatzen du.
Egokituta ez daudenen artean, nahiz eta salbuespenak egon, banketxeetakoak edo bidaiak hartzekoak daude. «Oso webgune gutxi daude erabat egokituta. Guretzat, adibidez, ez da nahikoa hainbat zatik ahots sintetikoa izatea. Izan ere, horra nola iritsi da arazoa», azaldu du Maria Jesus Varelak, ONCEko Ikerketa eta Garapenerako Zentroko buruak.
Liburu elektronikoa, ez
Beste zenbait kasutan, arazoa izaten da gailuak ez daudela egokituta. Hala gertatzen da, adibidez, liburu elektronikoak irakurtzeko gailuarekin. Soilik Amazonek egokitu du gailua. Gainera, Ameriketako Estatu Batuetan saltzen da bakarrik. «Han, araudia zorrotzagoa da gailu elektronikoen egokitzapenaren inguruan». Hango liburu elektronikoak, gainera, soilik ingelesezko liburuetarako balio dute. «Ahots sintetikoa hizkuntz horretarako dauka», dio Varelak. «Ulertezina» egiten zaio. «Tabletak, sakelakoak eta ordenagailuak egokitu dituzte, eta berez gailu konplexuagoak dira. Gainera, ezarri beharko litzatekeen teknologia berdina da. Beraz, egokitzea posible da». Baina ez da baikorra. Teknologia berrien sektorean puntan dauden enpresen «konpromiso falta» ikusten du Varelak. «Audio bidezko Daisy sistemarekin irakurtzen dugunez, ez dute negoziorako aukerarik ikusten». Baina kontrakoa izan beharko lukeela iritzi dio. «Liburu elektronikoak irakurtzeko gailuetan ahotsa sartzeak eta ikusteko zailtasunak dituzten pertsonentzat egokitzeak aukera emango lieke beste sektore batzuetara iristeko. Adibidez, ikusmena dezente nekatu eta horregatik irakurtzeari utzi dioten adinekoetara. Ameriketako Estatu Batuetan ere, inolako ikusmen arazorik ez duten pertsonek asko erabiltzen dituzte audio liburuak. Adibidez, gidatzen daudenean irakurtzeko».
Egokitzapen hori lortze aldera, harremanetan daude teknologia enpresekin. «Harremana ez da erraza, baina haiekin egoten garen aldiro gogorarazten diegu beharrezkoa dela beren gailuak egokitzea», azaldu du Varelak. Argitaletxeekin ere kexu dira. «Liburu elektronikoak argitaratzeko erabiltzen dituzten formatuetako asko ez dira baliagarriak ahots sintetiko batera egokitzeko». Horrek guztiak oztopatu eta zaildu egin du ONCErena moduko Ikerketa eta Garapenerako sailetan egiten ari diren lana. «Haien esku gaude. Haiei dagokie esku hartzea. Ez badute gure lana baliatzen, alferrik da».
Artean Daisy sistemarekin irakurtzen jarraituko dute. Sistema hori audio liburuetan oinarritzen da. ONCEk 40.000 liburutik gora ditu sarean. Elkarteko bazkideek aukera dute webgunetik hartu eta MP3 antzeko gailu baten bidez entzuteko. Horietako batzuk euskaraz daude. «Audio liburu horiek dira sarean itsuentzat dauden bakarrak. Esan daiteke gure liburu elektronikoak direla. Abantaila bat dute: ez daude ahots sintetikoan, egiazko esatari batek irakurrita baizik. Askoz atseginagoa da guretzat. Aldea handia da», azaldu du Inma Arrietak. Euskal filologoa eta ONCEko liburutegiko euskara arduraduna da Arrieta. Duela sei urte hasi ziren Daisy eta braile sistemaz euskarazko liburuak eskaintzen, Durangoko Azokan Manu Agirre itsuak egindako protesta baten ondorioz. Ordutik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ONCEk diru bat jasotzen du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzatik, egokitzapen horiek egiteko. «Urtero 40 bat liburu egokitzen ditugu Daisy sistemara. Bazkideek egindako eskariak izaten dira asko. Gainera, adi egoten gara arrakasta duten liburuekin eta argitaletxeen eskaintzarekin. Horren arabera aukeratzen ditugu besteak. Uxue Alberdiren Euli giro izan da egokitu dugun azkenetarikoa». Prozesua nahiko azkarra dela nabarmendu du Arrietak: «Esatariei pasatu, eta presa egonez gero bi astean grabatuta egoten da».
Arrietak bezala, Txintxurretak eta Jauregik ere asko irakurtzen dute. Gustura daude haiek ere Daisy sistemarekin. «Batez ere nobela beltza irakurtzen dugu, baina euskaraz eskaintza gutxi dago». Kezka bat dute biek. «ONCE hasi da liburu horietan ere ahots sintetikoa sartzen, ziurrenik merkeagoa delako. Ez dugu halakorik nahi». Hori saihesteko sinadurak biltzen ari dira.
Teknologia berriek gauza asko erraztu dizkietela onartu dute Arrietak, Jauregik eta Txintxurretak. Baina oraindik ere bidea luzea dela ohartarazi nahi izan dute. «Gauza asko konpondu gabe daude oraindik. Adibidez, kalean makina bat oztopo izaten jarraitzen dugu», azaldu du Jauregik. Banketxean dirua ateratzeko edo garraio publikoan bidaiatzeko ere zailtasunak dituzte. «Oso kutxa automatiko gutxik dute ahotsa. Garraio publikoaren kasuan ere, geldialdien berri ematen duen ahots sistemak askotan ez du funtzionatzen. Beste zenbait kasutan, ibilgailuak ez du sistema hori, edo ez dute martxan jartzen. Ulertezina da», iritzi dio Txintxurretak. Teknologia berriak halakoak konpontzeko gai diren argitzeko dago.
Ezarian. Itsuak eta teknologia berriak
Mundua ikusgarriago eginez
Autonomia handiagoa izateko bidea ekarri diete teknologia berriek eta haiei lotuta sortutako aplikazioek itsuei. Bide horretan gauza asko daude egiteko. Izan ere, gailuetako batzuk oraindik ez daude egokituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu