ATZEKOZ AURRERA. Lierni Fresnedo. Trapu Zaharra antzerki taldeko aktorea

«Munduarekin batera aldatu da taldea»

40 urte bete dira Trapu Zaharra taldeak lehen antzezlana estreinatu zuenetik. Geroztik, 30 kale antzerki baino gehiago egin dituzte.

Lierni Fresnedo, eskuinean, Turistreatzen antzezlanean. -.
Igone Urtaza
2023ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Trapu Zaharra antzerki taldeko kideak Turistreatzen ibili dira, euren antzezlanaren izenak dioen moduan. Umorea bizkarrean, Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo antzeztu dute. Umorea ez ezik, esperientzia ere badaramate soinean. Izan ere, aurten 40 urte bete dira Kraka, euren lehen lana, estreinatu zutenetik. Guztira, 30 kale antzezlan baino gehiago egin dituzte. Lierni Fresnedo (Lezo, Gipuzkoa, 1961) Trapu Zaharra taldeko aktorea da. Duela zazpi urte sartu zen taldean. Antzerkian ez ezik, telebistan eta zineman ere lan egin du; besteak beste, Goenkale telesailean (1994-2015) edota Kutsidazu bidea, Ixabel (2006). Gaztea zenetik ezagutzen du, ordea, Trapu Zaharra. Inprobisazioaren eta umorearen irakasle gisa definitzen ditu.

Zer sentitzen duzue Trapu Zaharra taldeak 40 urte bete dituela esaten dizuetenean?

Poza. Zahar samarrak sentitzen gara, baina ilusioa eta gogoa ez dira desagertu. Munduarekin batera aldatu gara. Errenterian [Gipuzkoa] antzerkia egiten nuenean, Trapu Zaharra ere bertan zen, eta ongi gogoratzen dut taldeak zer xarma zuen. 1983an txikia eta dinamikoa zen. Trapu Zaharra taldearen bereizgarri nagusia originaltasuna zen; obrak ere taldeak berak sortuak ziren. Halaxe da oraindik ere. Inprobisazioarekin jolasten dugu, eta, horretarako, kaleko jendearen laguntza behar izaten da.

Taldeak lehengo helburu bera du gaur egun ere?

Bai, noski. Inguratzen gaituzten kezkak eta arazoak umorearekin lantzen ditugu. Umorerik gabe, ez dago Trapu Zaharrik. Ona da taldeko kideen artean dugun harremana. Familia bat gara. Hala izango ez balitz, egiten duguna ezinezkoa izango litzateke.

Aldatu da kale antzerkia 1983. urtetik?

Asko. Azken urteetan kalea legez bete dute. Trapu Zaharra sortu zen garaian, kalea oso bizia zen, jende asko zegoen... Antzerki taldeok ere libreagoak ginen; gaur egun, ordea, pribatizatu egin gara. Enpresa bilakatu behar izan dugu.

Zerk eragin du hori?

Gizartearen eskaintza publikoa txikiagotzeak. Herri ekimenak, esaterako, gutxiagotu egin dira. Lehen, herriko elkarte gehiago zeuden, eta ekintzak antolatzen zituzten; gaur egun, ordea, udaletxeko kultur teknikariek egiten dute lan hori.

Ni antzerkian hasi nintzen garaian, erokeria gehiago egiten genituen. Antzerkia auzokide baten etxetik hasiko genuela esan, eta inork ez gintuen gaizki begiratzen; egun, niretzat pentsaezina da. Ezagutzen duzu, artea egiteko, bere etxeko ateak irekitzen dituen inor?

Zer du kaleak agertoki itxiek ez dutena?

Kalea bizirik dago, eta ez dakizu zer gertatuko den, nor aurkituko duzun... Jendea ere kalea da. Gu haiekin nahasten diren umoristak besterik ez gara. Mugimenduarekin eta errealitatearekin jolasten gara; magia berezi bat sortzen dugu ikusleekin batera. Agertoki itxiek, aldiz, ez dute inprobisatzeko aukera handirik.

Kaleari neurria hartu behar zaio, eta, batzuetan, ez da erraza. Aire zabalean ere denak ez du balio. Zuk umorea egiteko asmoa izan dezakezu, baina kaleak ere baditu errespetatu behar dituzun gorabeherak. Batzuetan ez da antzerkirako momentua, eta nabari egiten da.

Gogoratzen duzu taldearekin bizi izandako anekdotarik?

Anekdota asko bizi izan ditugu. Batzuetan, kosta egiten da antzerkia eta errealitatea bereiztea. Behin, taldekide bati zaplazteko bat eman zioten. Zorrak ordaintzera behartzen duen pertsonaia antzezten zebilen: El Cobrador del Frac. Taberna batera sartu, eta zordunei euren zorrak ordaintzeko eskatu ostean, gizon batek jo egin zuen. Benetan dirua zor zuela uste dugu [barrez].

Polizia etxean ere amaitu izan dugu. Ero itxurak egiten genbiltzala, polizia batek atxilotu gintuen. Horrelakoetan, kultur teknikariek gure bila etorri eta antzerkia dela azaldu behar izaten dute. Telebistan agertzen diren kamera ezkutuek zaildu egin dute jendeak gu sinistea. Batzuk kameraren bila hasten dira.

Nolakoa da taldearen etorkizuna?

Gutxi falta zaio taldeari. Momentu honetan, Turistreatzen, Dale Ramón eta Mesede bat egitearren antzezlanak ditugu esku artean. Seguruenik azkenak izango dira. Taldea bizirik dagoen arren, adina ere nabaritu egiten da. Erreleboa oso gustura pasatuko genuke.

Erretiroa hartzeko asmoa duzu?

Baldintzak aldatu diren arren eta aktoreen lan itun berria sinatu duten arren, gure erretiroa zaila da gaur egun ere. Ez dakit antzezteari inoiz utziko diodan. Topiko bat izan liteke, baina antzerkia droga bat eta bizitzeko modu bat da. Antzerkiaren munduan sartu nintzenetik sentitzen dut horrela. Beharbada, lasaiago hartuko dut lanbidea hemendik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.