Abentura handia. Horixe dute aurretik Kepa Escribano bilbotarrak eta Fernando Ferreras donostiarrak hurrengo sei hilabeteetan. Proiektuaren izenak berak laburbiltzen du bi mendizaleen asmoa: Mendi Bira 2007: Escaladas de alta dificultad alrededor del mundo. Munduari bira eman asmo diote bi eskalatzaileek, eta horretarako, mendia hartu dute ardatz. Ametsa zena errealitate bihurtzeko bidean da orain. Amerika, Afrika, Asia, Ozeania eta Europa, bost kontinente eta beste horrenbeste mendikate dituzte zain. Loiutik abiatuko dira gaur, Peruko Andeak jomuga. «Abentura bat da, abentura handia. Ideiak garbi ditugu, badakigu zer eta nola eskalatu nahi dugun, baina ez dugu aldaketak egiteko inolako arazorik. Aukeratu ditugun mendi, bide eta hormak zailtasun eta konpromiso handikoak dira, eta estilo arin eta alpinoan eskalatuko dugu», laburbildu du Fernando Ferrerasek. Azpeitiko Udalak eta Euskal Mendizale Federazioak antolatutakoJoxe Takolo bekak bi eskalatzaileon Mendi Bira 2007 egitasmoa saritu du. Hori izan dute diru laguntza bakarra.
Aspaldi ezagutzen dute elkar Ferrerasek eta Escribanok, eta aspaldian zuten asmoa buruan. Urtero prestatzen dute bidaiaren bat, eta mendia izaten da bidaiaren osagai ezinbestekoa. Mendizaleen hasierako asmoa zortzi hilabeteko txangoa osatzea zen, eta lehenengo eskaladak Alaskako mendietan egitea. Mendizale askoren ametsek izaten duten oztopoetako batek esnatu zituen, ordea: diru faltak. Kostu handia zuen Alaskara bidaiatzeak, eta hurrengo baterako utzi dute Alaskako urratsa. «Lastima da», dio Escribanok, eskalada dotore eta interesgarriak baitzituzten aurreikusiak: «Ilusio handia genuen Alaskara joateko, baina, diru laguntzarik ia lortu ez dugunez, bertan behera utzi dugu. Ideia oso onak genituen, baina beste batean beharko du». Denali (6.193 m) mendian bide klasiko bezain dotorea zuten begiz joa: Cassin. Mount Haunter (4.441 m) mendi ezezagunagoan, berriz, zailtasuneko eskaladan erreferente bihurtu den bideetako bat: Moonflower Butress.
Alaskako urratsa baztertuta, Peruko Andeetan osatuko dute mendibirako lehenengo etapa. Mendikate Zurira eta Huayhuashera bi hilabeterako joango dira. «Bi mendilerroak ongi ezagutzen ditugu, eta bide eder eta zail asko dago han aukeratzeko». Escribanok eta Ferrerasek ez dituzte txantxetako erronkak aukeratu. Mendikate Zurian Taullaraju (5.830 m), Hegoaldeko Huascaran (6.768 m) eta Esfinge (5.325 m); Huayhuashen, berriz, Siula Grande (6.356 m) eta Trapecio (5.653 m). «Peruko mendiek aukera handia eskaintzen dute. Dena dela, mendiaren baldintzen arabera ikusiko dugu; Taullaraju eta Huascaran ez daude beti baldintza egokitan. Ongi aztertuko dugu, lehenengo helburua ez baita eskalatzea, etxera itzuli eta abenturak lagunei kontatzea baizik», dio Escribanok.
Perutik Zeelanda Berrirako jauzia emango dute, eta bete-beteko negua izango dute han. «Negua gogorra dela esan digute, eta badakigu mendiak ere gogorrak direla, arriskutsuak izan daitezkeela». Mt. Cook (3.754 m) da Zeelanda Berriko gailurra, eta mendiaren lau aurpegietan biderik zailena aukeratu dute igotzeko. Handik gertu dago Hicks (3.184 m) mendia, «bildu dugun informazioaren arabera, gure estilokoa da, Alpeetako Droitesen antzeko horma du».
Ozeaniako negutik Afrikara egingo dute jauzi, abuztuaren 15ean. Bide zail eta gogorra aukeratu dute Mt. Kenya (5.188 m) igotzeko: Diamond korridorea, harribitxia. «Klima aldaketak eragin handia izan du han, eta oso baldintza txarretan edo korridorea osatu gabe izaten da maiz. Hala bada, harkaitz eskalada bideren bat hobetsiko genuke», argitu du Escribanok. Egonaldi laburra egingo dute Afrikan, irailean bidaiatuko baitute Nepal aldera. Himalayan Khumbu haranera joango dira eskalatzera: «Thamserku (6.608 m) mendian bide berri bat ireki nahi dugu. Duela hiru urte ere joan ginen hara, baina, azkenean, beste mendi batera joan behar izan genuen. Horma erdian serac handi bat dago, eta hura nola dagoen erabakiko dugu, segurtasunaren mesedetan».
Mendi Bira 2007 egitasmoari errematea Kaukasoko mendietan emango diote. Moskura joango dira hegazkinez, eta handik abiatuko dira mendira. «Berandu iritsiko gara, abenduan, baina, baldintzen arabera, oso sasoi ona izan daiteke mendi haietan eskalatzeko, izotz bide tenteak direlako eta udan baino gehiago neguan eskalatu behar delako han», argitu du mendizaleak. Abenduko lehen egunekin batera itzuliko dira etxera.
ASPALDIKO AMETSA. Escribano eta Ferreras eskarmentu handiko alpinistak dira. Aspalditik dira adiskide eta sokalagun, Jorasses Handietako Walker elkarrekin eskalatu zutenetik. Escribanok 16 urte zituen; 20 Ferrerasek. Ordutik askotan eskalatu dute elkarrekin, eta adinean gora egin arren, orduko ametsei eta mendirako eta eskaladarako pasioari eusten diote. «Bidaiatzea atsegin dugu, baina ezin gara turista moduan joan; mendiaren eta eskaladen inguruan antolatzen ditugu beti bidaiak. Hori dugu gustukoa», dio Escribanok.
Perun eta Himalayan eskalada interesgarri asko egin dituzte, «hogeita hamar bide behintzat bai Perun», baina ez dituzte ezagutzen beste kontinenteetako mendikateak. «Argazkiak ikusi, eta liburuetatik eta Internetetik bildutako materiala izan dugu informazio iturria. Horma ezagun eta interesgarriak aukeratu ditugu, baina betiko filosofiari eutsi nahi diogu: bide batzuk ditugu begiz joak, baina ikusten badugu baldintzak txarrak direla, eta aldameneko mendia hobeto dagoela, albokora joango gara eta kito. Azken finean, guk guretzat eskalatzen dugu».
Egitasmoa aspaldian zuten buruan Escribanok eta Ferrerasek. «Urte asko daramatzagu bidaiatzen. Europan, dela Alpeetan nahiz Pirinioetan, ez ditugu halako ideia duten mendizale asko ezagutu, baina Ameriketan eta Asian jende asko ikusi dugu bidaiatzen. Nik beti izan dut ideia buruan, baina orain arte ez dut aukera izan. Hau da momentua, eta ea nola irteten den guztia». Sei hilabete egingo dituzte etxetik kanpo, eta horrek kezkaren bat ere sortu die mendizaleei. «Bertigoa ematen du, batez ere, etxekoa sei hilabeterako lotuta uztea». Lan handia dute aurretik, baina dena behar bezala prestatzeak buruhauste gehiago eman die. «Azken urtea zoramena izan da; informazioa bilatu, argazkiak, agiriak prestatu, materiala, bidaiak zehaztu... nahaste handia izan da», oroitu du Fernando Ferrerasek.
Eta, noski, halako proiektu bati ekiteko ezinbesteko osagaietako bat ere ezin ahaztu: ekonomikoa. Joxe Takolo beka da jaso duten diru laguntza bakarra. «Eskertzekoa da bekarena, baina gutxirako balio du, zoritxarrez. Epaimahai bat dute, mendizale trebatuek osatzen dute, eta eskertzekoa da haien laguntza. Egia esan, ez digu inork zertan ezer eman, baina hitz on asko entzun ditugun arren, horretan geratu dira, hitz soiletan», esan du Ferrerasek. Zailtasunak zailtasun, benetako abenturari gaur bertan ekingo diote, Loiun. Bidaia on.
«Ilusio handia genuen Alaskara joateko, eta oso ideia onak buruan. Hurrengo baterako utzi dugu»
«Beti izan dut munduari bira mendiz mendi emateko ideia buruan. Ametsa zen, ilusioa, baina iritsi da momentua»
kepa escribano
Mendizalea
«Azken urtea zoramena izan da: informazioa bildu, agiriak prestatu, bidaiak zehaztu... nahaste handia»
«Aukeratu ditugun bide eta hormak zailtasun handikoak dira, eta estilo alpinoan eskalatzen saiatuko gara»
fernando ferreras
mendizalea
Munduari bira, menditik mendira
Peruko Andeetan hasi eta Kaukasoko mendietan bukatu, bost kontinenteetako mendietan eskalatuko dute Fernando Ferreras eta Kepa Escribano alpinistek. Aurtengo Joxe Takolo beka irabazi du egitasmoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu