Munduko 50 jatetxe onenen zerrenda kaleratuko dute bihar

'Restaurant' aldizkariak urtero argitaratzen du San Pellegrino zerrenda. Hirugarren postua lortu zuen iaz Mugaritzek

Adrian Garcia.
2012ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Munduko sukaldari onenek aurki utziko diote urduri egoteari; egun bat besterik ez da geratzen Restaurant gastronomia aldizkariak munduko 50 jatetxe onenen San Pellegrino zerrenda kaleratzeko. Nazioarteko 800 kritikari gastronomikok urtero egiten duten sailkapena argitara emango dute bihar iluntzean, 20:00etan, Londresen egingo duten ekitaldian.

Euskal sukaldariak ere Londresera begira egongo dira bihar. Iazko sailkapenean bost euskal sukaldariren jatetxeei egin zieten erreferentzia. Andoni Luis Adurizen Errenteriako (Gipuzkoa) Mugaritz jatetxeak hirugarren postua eskuratu zuen. Juan Mari Arzaken jatetxeak, berriz, zortzigarrena. Hogeigarrenera igo zen Martin Berasategirena, eta Axpeko (Atxondo, Bizkaia) Etxebarri jatetxeak itxi zuen sailkapena, 50. postuan. Bestalde, Bruno Oteiza eta Mikel Alonso gipuzkoarrek Mexikon duten Biko jatetxea 31. postuan geratu zen. Rene Redzepi sukaldariaren Kopenhageko Noma jatetxeak eskuratu zuen lehen postua.

Sailkapenak sailkapen, Arzak sendiak baditu kontent egoteko arrazoiak, Elena Arzak izendatu baitu berriki Restaurant-ek munduko emakumezko sukaldaririk onena. Juan Mari Arzakek berak jaso zuen iaz sukaldari ibilbideari aitortza egiten zion Lifetime Achievement saria.

Kaliforniako The French Laundry jatetxeko Thomas Keller estatubatuarrarentzat izango da aurtengo Lifetime Achievement saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.