Munduko landareen lorategia

Pedro Cigak urteen poderioz, mundu osoko eta bertako hainbat landare mota bildu zituen, eta horiekin estilo erromantikoko lorategi bat osatu zuen, Bertizko bere jabegoetan.

2007ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Bertizko lorategia Bertizarana eskualdean dago, Nafarroako iparraldean. Bertizarana Baztan eta Malerreka bailaren artean dago ezkutatuta, eta hiru herriek osatzen dute ibarra: Narbarte, Oieregi eta Legasak. Lorategiaren sarrera Baztango Oronoz-Mugaire herrian dagoenez, jende askok Baztan dela uste du. Baina, ez da hala.

Bertiz Erdi Aroan jaurgo bat zen, eta bere lehen aipamena 1392an izan zen. Garai hartan, Pedro Migel Bertiz deituriko merinoa zen bere jabea. Hortik aitzin, jaurgoak hainbat jabe izan zituen Pedro Cigaren eskuetara iritsi zen arte. Azken horrek1898an Bertizko lurrak erosi zituen, eta, bere jabegoen zati batean, mundu osoko eta bertako landareak bildu, eta gaur egun dagoen lorategi erromantikoa egin zuen. Hura hiltzean, lorategia eta inguruko lurrak Nafarroako Gobernuari eman zizkion, eta jabearen nahiak aintzat hartuta, lorategia gorde eta inguruko eremua erreserba natural izendatu zuen Nafarroako Gobernuak, 1984an. Bertizkoa Nafarroako lehenengo erretserba naturala izan zen.

Lorategiak 3,4 hektareako eremua hartzen du. Esparrua burdinazko hesi batek inguratzen du, eta barruan, hainbat bide daude. Bideek lorategi guztia erakusten dute, eta hainbat ibilbide egiten ahal dituzte bisitariek. Lorategiaren barruan ere XVIII. mendeko jauregia badago. Egun, ordea, jauregiak jatorrizko funtzioa galdu du, eta han biltzarrak eta kongresuak egiteko prestatu dute eraikina. Jauregian ere Natura Interpretatzeko Zentroa dago, eta erreserba naturalaren ezaugarriak bisitariek ikusteko eta ulertzeko balio du.

Bertizko lorategian, mundu osoko eta bertako 126 landare mota daude ikusgai. Bertako ohiko landareekin batera, klima mediterraneoko landareak ikus daitezke. Bertzeak bertze, tortotxondoak, mingranondoak eta adelfak. Bestalde, munduko bertze herrialdetakoen artean, palmondoak, Txinako banbuak, sekuoia amerikarrak, Japoniako haginak, zedroak, ginkgoak, kakiak, araukariak, limoiondoak, errododendroak eta azaleak dira aipatzekoak.

Landaredi eta bideen artean, hainbat urmael badaude, eta lorategiaren eiteari xarma berezia ematen diote. Ur-jauzi artifizialak ere badaude, eta urmael horietan, ahateak bizi dira, adibidez. Zuhaitz asko daudenez, lorategia animalia mota anitzen bizitokia da. Hegaztien artean, zozoak, usapalak, birigarroak eta mikak hegaka ikus daitezke lorategian. Basapiztia ugaztunak ere badaude, baina zailagoak dira ikusteko. Tarteka, katagorriak ikusten dira zuhaitz batetik bertzera saltoka.



LEHENENGO ERRETSERBA NATURALA.

Bertizko lorategiaz gain, Ciga eremu handiago baten jabea zen. Hain zuzen, 2.040 hektareako eremua hartzen zuten baso eta mendi lurren jabea ere bazen. Lur hori ia ukitu gabea zegoenez, Nafarroako Gobernuak erreserba natural izendatu zuen 1984an. Erreserba ez da oso toki handia. Mendiz inguratuta dago, eta bizpahiru erreka txiki pasatzen dira handik. Erreka horiek guztiek elkartuta, Errekaundia deituriko erreka sortzen dute. Ondoren, Baztan ibaira isurtzen ditu urak Errekaundiak. Baztan ibaiak, Bertizko erreken urak hartu ondoren, bere izena galtzen du, eta Bidasoa izena hartzen du.

Bertizko mendietako landareetan, oso ongi nabari dira klima atlantikoko landarediko ezaugarriak. Batetik, garaiera baxuenetako mendietan, hariztiak daude gehienbat; eta, bertzetik, pagoek estaltzen dituzte 500-600 metrotik gorako mendiak. Pagoekin batera, gorostiak, gaztainondoak, haginak, gereziondoak eta urritzak ere badaude.

Erreserbaren parte diren mendien artean, garaiera handiena Aizkolegi (830m) mendiak dauka. Haren gailurrean, XX. mendearen hasieran eraikitako jauregia dago; eta, horregatik, izen berbera du. Jauregitik, bista ikaragarria dago, eta Bertizko inguru guztia ikus daiteke. Egun argietan, Pirinio mendietako gailur zuriak eta Lapurdiko kostalde urdina ikusten dira handik.

Bertizen barruan ibiltzeko, mendi errepide nagusi bat dago sarreratik Aizkolegiraino. Gutxi gorabehera 11 kilometro da luzean bidea, eta behin, goraino igota, toki berdinetik jaitsi behar da. Autoek debekatua daukate han sartzea. Baina, oinezko eta txirrindularientzat, bidea libre dago. Bestalde, bide txikiagoak daude basoan barrena ibiltzeko.

Onddo bilatzaileek oso ongi ezagutzen dituzte Bertizko bidezidor horiek; udazkenero, haietatik ibiltzen baitira saretoak onddo beltz gutiziatuez betetzeko asmoz. Onddoak hartzeko grinak, baina, onddo bilatzaile bat baino gehiago basoan barrena galtzea eragin du. Azkena, pasa den onddo sasoian; onddo bilatzaileak gau osoa iragan zuen basoan galduta.

Antzinako garaietan, Bertizko basoetatiko egurra ikatza egiteko erabiltzen zuten ikazgileek, eta, gaur egun, lanbide zahar horren arrastoak agerian daude oraindik, Aranea baserriaren inguruetan. Mendi errepidearen hasierako kilometroetan, informazio panelen bitartez, ikatza egiteko prozesua ikusten ahal da.

Toki berean, halaber, karea egiteko eraikinaren hondakinak daude. Baztango eremuan oso ohikoak dira, eta kisulabe izena hartzen dute.

 

jakingarriak



Nola iritsi. N-121.A Iruñea-Irun errepidea hartu behar da, eta Oronoz-Mugaire herrian irten. Iruñetik 40 km-ra dago Oronoz-Mugaire, eta Irundik bertze horren bertze kilometro daude. Gero, herria txikia denez, oso erraza da Bertizko parkearen sarrera bilatzea. Sarrera gasolina zerbitzugune ondoan dago.

Non lo egin. Urgain Hostala (Oronoz-Mugaire). 948-59 20 63. Arotzenea landa etxea (Oronoz-mugaire). 948-45 22 48. Mantxingonea landa etxea (Oronoz-Mugaire). 948-59 2 0 16. Bertiz Aterpea (Nabarte). 948-59 23 15. Errotaldea landa etxea (Narbarte) 948-59 22 70. Petitxenea landa etxea (Narbarte). 948-59 2 1 42.

Non jan. Urgain Hostala (Oronoz-Mugaire). 948-59 20 63. Pierresenea jatetxea (Oronoz-Mugaire). 948-59 20 43. El Rio jatetxea (Narbarte). 948-45 04 27. Narbarte jatetxea (Narbarte). 948-59 00 28.

Aisialdiko jarduerak egiteko. BKZ (rafting, piraguismoa, paint-ball, kanoien jaitsierak...). 948-59 23 22.

Informazio gehiago izateko. Landa Turismo zentroa. 948-59 2386. Naturaren Interpretazio Zentroa. 948-59 24 21. Zabala Etxea- Natura ikasgela. 948 -59 24 21.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.