Ezerk ezin dio kontra egin konpartsakideen lanerako gogoari. Beroak ere ez. Atzo, berrogei gradu inguru ere izan ziren Bilbon, eta konpartsakideek goiz guztia eman zuten muntaketa lanetan. Muturreko egoerara moldatu beharra izan zuten, eta 08:00etan ekin zioten lanari —normalean, pare bat ordu geroago jartzen dute elkartzeko ordua konpartsa gehienek—. Ura eta kapela izan zituzten laguntzaile nagusi, eta, lehen eguna izanik, gogo handiz zeudela adierazi zuten gehienek. Beste batzuek, ordea, aitortu zuten konpromisoagatik joan zirela. Aurten, federazioak Bilboko Udalarekin lortutako akordio bati esker, egun bat gehiago izango dute lanak betetzeko: hamar egun denera.
Jardunari lehenago ekin badiote ere, konpartsen federazioak 11:00etan eman die hasiera muntaketa lanei, ofizialki. Konpartsa guztietako kideak elkartu dira Arriaga antzokiaren atzealdean, eta konpartsetako kamisetak harrotasunez jantzita egin dute agerraldia. Kamiseta koloretsuak ez ezik, arnesak eta kaskoak ere izan dira tartean. Harkaitz Peña federazioko kideak azaldu du garrantzitsua dela segurtasuna zaintzea: «Txosnen tamaina dela eta, segurtasun neurriak erabiliko ditugu lanak irauten duen bitartean geure burua babesteko. Bilbok Marijaiari harrera egin aurreko hamar egunetan, aldamioak eta margoa bezain garrantzitsuak izango dira arnesak eta kaskoak».
Atzokoa prozesu luze baten hasiera baino ez da izan. Egunotan, 110.000 aldamio kilotik gora jarri, 1.000 litro margo baino gehiago eman, eta 1.500 panel inguru muntatu beharko dituzte 400 konpartsakide inguruk. «Egun hauetan izerdi asko botatzen dugun arren, dena bukatzean emozio positibo bihurtzen da dena», adierazi du Eukene Larrea Altxaporrue konpartsako kideak.
Lehenengo eguneko lana aldamioaren estruktura muntatzean datza. Hori da prozesuaren alderik «gogorrena» Itziar Oar-Arteta Hau Pittu Hau konpartsako kidearentzat, metalezko tutuek «asko» pisatzen baitute. «Hala ere, behin txosna muntatuta ikusten dugunean, oso pozik geratzen gara emaitzarekin. Hurrengo egunetan egin beharrekoek buruhauste handiagoak eragiten dizkigute. Panelak non jarri behar diren erabakitzeak eta elektrizitate zirkuitua martxan jartzeak ez digu horrenbesteko zoriontasuna eragiten», adierazi du Oar-Artetak.
Txosna bakoitza mundu bat da, eta bakoitza desberdin muntatzen da. Gehienetan prozesu osoa konpartsakideen eskuetan geratzen den arren, beste batzuek enpresak kontratatzen dituzte muntaketa lanen lehendabiziko pausoak emateko. Alegia, txosnaren egitura muntatzen diete, eta konpartsak txosnen dekorazioaz eta instalazioaz arduratzen dira.
Kexak eta gozamena
Muntaketaren inguruan kexaren bat edo beste adierazten dutenak egoten diren arren, asko dira Aste Nagusia baino lehenagoko egunez gozatzen dutenak. Larrearen esanetan, jaietan baino elkarlan «intimoagoa» egoten da konpartsakideen artean. Haren ustez, egun horiek dira konpartsa sendotzen dutenak. Oar-Arteta ere bat dator Altxaporrueko kidearekin: «Egun oso politak izaten dira. Azken finean, hiru aste pasatzen ditugu konpartsakideekin batera, eta horrek indartu egiten gaitu».
Konpartsak kuadrilla handiz osatuta dauden arren, txosna oso gutxitan aritu dira zortzi pertsona baino gehiago. Peñak azaldu duenez, muntaketa lanek konpromiso handia eskatzen dute, eta taldeko esfortzuak ateratzen ditu aurrera egin beharrekoak. Konpartsakideek esplikatu dute ahalik eta jende gehien biltzen saiatzen direla, baina askotan ez dutela lortzen. Horregatik, Larreak muntaketa lanetan parte hartzeko deia egin dio jendeari, laguntza «beharrezkoa» baita.
Konpartsakideen ahalegina eta konpromisoa ezinbestekoak dira Aste Nagusia ospatzeko. Halaber, esfortzu ekonomikorik gabe ezinezkoa litzateke bederatzi eguneko festa izatea. «Inflazioa pairatzen ari garen garai honetan, konpartsen ahalegin ekonomikoa azpimarratu behar da. 1983ko uholdeetan oso argi ikusi zen konpartsek zenbateko inbertsioa duten jokoan Aste Nagusian», gogoratu du Peñak.
Bilboko Konpartsen Federazioaren esanetan, muntaketa prozesua lortu nahi duten gizartearen isla da: elkarlana nagusitzen den gizartea. Eta, hala, hauek dira egun hauetan transmititu nahi dituzten balioak: auzolana, elkarlana eta autogestioa.
Muntaketa, izerdi patsetan
Beroa izan da eguneko protagonista nagusia. Ez, ordea, bakarra. Bilboko txosnak muntatzen hasi izanak zeresana eman du bilbotarren artean. Txosnen lehen argazkiak zabaldu dira sareetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu