Murumendiko herrixka

Murumendiko Burdin Aro amaierako herrixkako aztarnak Beasaingo Igartza jauregian jarri ditu ikusgai Suhar arkeologia elkarteak, ondare hori gizarteratzeko asmoz.

Ander Arrese Murumendiko indusketetako zuzendaria, Beasaingo Igartza jauregiko erakusketan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Beasain
2013ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Askok bisitatzen duten mendia izateaz gain, gizakiak historian zehar askotan erabilitako gunea da Murumendi, Beasain eta Itsasondo (Gipuzkoa) artean dagoena. Amildegi oso nabarmena du, eta horrek kokaleku estrategiko bikaina bihurtzen du. Orain 2.000 urte inguru, Burdin Aroaren bigarren aldian, mendian bi harresiko herrixka bat zegoen. Suhar arkeologia taldeak zibilizazio horretako aztarnak bildu, eta Beasaingo Igartza jauregian jarri ditu ikusgai,Murumendi Burdinarotik Antzinarora erakusketan.

Murumendiko aztarnategia nahiko berezia da, Ander Arresese indusketen zuzendariaren arabera: Burdin Arorako nahiko berriak diren materialekin egin dute topo. Horrez gain, Gipuzkoan ez dute bi harresi lerrodun beste herrixkarik oraindik topatu. «Ez da zertan beste aztarnategien gainetik baloratu, baina berezia da Murumendi», dio Arresek. Karbono 14rekin eginiko datazioen arabera, K. o. 10. urteko piezak aurkitu dituzte —30 urteko gorabeherako tarteak egon litezke—.

Aro aldaketa fase batean bizi ziren Murumendiko biztanleak, hortik aztarnategiaren berezitasuna eta erakusketaren izenburua. «Bigarren Burdin Aro aurreratu bateko materialak daude, Antzinaroarekin uztartzen direnak». Erakusketan ikus daitezkeen esku errota zirkularra eta zeramikako tornu azkarrak dira Burdin Aro aurreratu horren erakusgarri. «Eskuz egindako zeramiketatik tornuz egindakoetara hainbesteko aldean igarotzea, eta aurkitutako esku errota guztiak zirkularrak izateak bigarren Burdin Aro aurreratu bat dela pentsatzera eraman gaitu». Gipuzkoako beste aztarnategi guztietan bat edo bi errota zirkular aurkitu dituzte; Murumendin, berriz, zazpi bat. «Besteengandik desberdina da. Berezitasun oso nabarmenak ditu».

Herrixkan galdaketa gune bat bazegoela ziurtatu ahal izan dute, zepa edo galdaketaren soberakinak oso kontzentratuta aurkitu baitituzte. «Logikoa da, gune oso haizetsua baita, eta hauspo natural gisa aprobetxa zitekeen». Brontzea eta burdina lantzen zuten, beraz, herrixkan, eta material horiek ikus daitezke erakusketan.

Mendian malda oso bizia denez, etxebizitzak eraikitzeko lurzorua beheratu behar zuten. Zumea erabiltzen zuten hormak egiteko, eta haren gainean lasto buztina jartzen zuten. Egun lurzoruan sakonuneak besterik ez dira, baina erakusketako herrixkaren berreraikitzean zer itxura zuten ikus daiteke. Hamahiru metro inguruko zabalera eta hiru eta sei metro bitarteko luzera zuten. «Hortik kalkulatu beharko litzateke zenbat jende bizi zen. Txabola bakoitzeko dozena erdi bat biziko zirela pentsatzen dut. Guztira, 50-60 lagun inguru biziko ziren», azaldu du Arresek.

Gipuzkoan aurkitutako Burdin Aroko beste herrixkak ere, Murumendikoaren antzera, harresidunak dira. «Beldur bati erantzuten diote. Ez dakigu tribuen arteko liskarrak, lapurretak edo zer tentsio zeuden». Arreseren iritziz, harresiak ez zituzten erromatarren konkistei aurre egiteko eraiki. «Lehendik ere bazeuden kastroak».

Gipuzkoako beste Burdin Aroko herrixkekin Murumendikoak zer harreman zuen jakitea zaila egiten zaie Suhar taldeko kideei. «Gure datazioa besteekin alderatuta berriagoa da. Kronologiak bateratzea posible dela iruditzen zaigu, baina oraindik ez dugu lortu». Orain arte aurkitutako aztarnekin ezin dute ziurtatu garai berean bizi izan zirenik.

Herrixkaren sarrera nagusian dorre bat aurkitu dute, sarrera nagusia izan zitekeenaren tokian. Bi harresien arteko eremua abeltzaintzarako eremua izan zitekeen ustea du Arresek, eremu horretan ez baitute inongo aztarnarik aurkitu.

Herrixkaren berrerabilpena

Burdin Aroaren amaieran ez eze, gizakiak behin baino gehiagotan jo du Murumendira babes bila. «Teoria baten arabera, baliteke III. eta V. mendeen artean beste erabilera berantiarrago bat ematea». Halere, teoria hori eztabaidagarria eta gehiago ikertu behar dela ohartarazi du.

Halere, ziurtasun osoz jakin dezakete Murumendiko gotorlekua ANVko Euzko Indarra batailoikoek 1936ko gerran erabili zutela; Mauser pistolako 9 mm-ko bala zorro eta balen aztarnak aurkitu dituzte. Horrez gain, I. Karlistaldia garaikoak izan daitezkeen suharrizko fusil harri bat eta beste hainbat aztarnarekin ere egin dute topo. Berrerabilpen horiek unean unekoak direla argitu du Arresek, eta bizitoki gisa soilik Burdin Aroan erabili zutela uste du. Denboran atzerago joanez gero, Erdi Aroko hainbat aztarna ere ikusgai daude erakusketan.

Beste erakusketa askotan gertatzen denaren kontrara, Igartza jauregian ikus daitezkeen piezak originalak dira, nahiz eta erreplika gutxi batzuk badituzten.

Indusketak egiteaz gain, Suhar arkeologia taldeak historiaurrea eta arkeologia zabaltzen eta dinamizatzen egiten du lan, eta horretarako, hainbat tailer antolatzen dituzte. «Historiaurreari buruz ikastea gustagarriago izan dadin, eta aztarnategiekiko interesa eta grina sortzeko».

Goierritarren artean jakin-mina pizteko xedea ere badu erakusketak. «Mendira egunero igotzen da jendea, baina ez dakite zer den. Harresiak pasatzean uste dute bideak direla». Bertako jendeak Beasaingo ondarearekiko arreta piztu, eta haien inplikazioa bultzatu nahi du Suhar elkarteak. «Posible den heinean, interesa piztu eta dinamika parte hartzailea sortu nahi genuke. Egiten ari garen lana gizarteratze aldera».

Gizarteratze lan horren barruan, garrantzia eman diote egindako indusketa lanak era argi batean azaltzeari. Bide horretan, indusketa lanak nola egin dituzten eta hiru dimentsioko herrixkaren berreraikuntzak ikus daitezke bideo baten bitartez. Aste barruan ikastetxeetatik eta beste elkarteetatik bisitak egingo dituzte bai erakusketara, bai aztarnategira. Erakusketa, asteburuan ikus daiteke, 18:00etatik 20:00etara.

Indusketekin aurrera jarraitzeko asmoa dute Suhar arkeologia elkarteko kideek. «Oraindik gauza asko argitzeke daude. Argitu beharreko gabeziak eta definitu beharreko ondorioak ditugu oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.