Euskal Herriak gero eta museo gehiago ditu. Artearekin herri honek erakutsi duen arreta berezia aspaldiko kontua da. Bilboko Arte Eder museoak, esaterako, bere mendeurrena ospatu berri du. Oso gaztea, gazteegia, inguruotan aurki daitezkeen beste pintura erakusketa batzuen aldean. Lehenengo artistak Paleolito garaikoak dira. Orduan sortu zuten artea.
Grezieratik datorkio izena denboran hain urrun geratzen den sasoi hari. Paleos-ek zahar esan nahi du, lithos-ek harri. Beraz, harri zaharren garaia da Paleolitoa. Gizakiaren historian etaparik luzeena izan zen. Orduko aztarnak gaur egunera arte iritsi dira, eta Euskal Herria aztarnategi ugari mantendu dituen lur eremuan dago, batez ere Kantauriko eskualdea.
Historiaurreko gizakiak hemen izan zirela frogatzen duten hainbat aztarna aurkitu izan dituzte arkeologoek XX. mendean. Hauetako asko, gainera, kulturarekin lotutakoak izan dira; artelanak. Paleolito garaiko sormen lan hauez ezer gutxi dakite ikertzaileek eurek ere. Gutxi gorabehera noizkoak diren eta irudiak gutxi gora behera nola egin zituzten, bai. Zer esan nahi duten edota zergatik egin ziren galderei erantzuterakoan, berriz, ez dira adostasun batera iritsi.
Euskal Herrian hamar inguru dira Paleolito garaiko altxor hauek beraien hormetan gorde dituzten kobazuloak. Gehien errepikatzen diren irudiak bisontearenak eta zaldienak dira. Basahuntz eta elur-oreinen marrazkiekin gutxiagotan egin dute topo ikerlariek. Neurri apalagoan aurkitu dituzte arrain eta hartzak.
1. Bizkaia
Horma-irudiekin ikerlariek aurkitu zuten aurreneko kobazuloa Laperrakoa izan zen, Karrantzan (Bizkaia). 1904an ikusi zuen aurrenekoz Lorenzo Sierrak atariko irudia. Handik bi urtera, beste lau irudi aurkitu zituzten. Aurignac-Perigord aldikoak dira. Alegia, Euskal Herrian ezagutzen diren horma--irudi zaharrenak dira.
Nahiko eskematikoki marraztuta daude. Hartz bat, lau bisonte, abelgorri baten pareko animalia eta abstraktuak diren marra multzoa aurki daitezke tartean. Harkaitzean eginiko grabatu sakon baten bidez irudikatuta daude. Teknika arrunta da. Aurrena zintzelarekin zirriborro antzeko bat marrazten zuten eta gero errepasatu egiten zuten. Bitxia da sarrera inguruan kokatuta egotea eta eguzkiaren argiari esker ikusi ahal izatea. Ikertzaileen arabera, apaintzeaz gain helburu sinboliko bat ere bazuten.
Enkarterritik atera gabe, Galdamesen, Arenatza haitzuloa dago. 1973an aurkitu zuen Pedro Maria Gorrotxategik. Aurrekoan ez bezala, honakoan leizeko gunerik sakonenetan daude irudiak.
Gelaxka honetan orein emeen irudiak daude, hamar inguru, den-denak nahiko gaizki kontserbatuta.
Bizkaiko kobazulorik ezagunena, baina, Kortezubin dago. Santimamiñeko haitzuloa Ereñozar mendiaren barrenean dago ezkutatuta. 1916an aurkitu zituzten han barruan gordetzen diren margoak. Irudi multzorik garrantzitsuena, iristeko oso zail dagoen gela batean dago gorderik. Baita areto honetarako sarbidea den gelaurrean ere.
Osatu gabeko hainbat zaldi eta bisonteak gordetzen ditu. Azken hau da, hain zuzen ere, Santimamiñen gehien irudikatu den espeziea. Bi zaldi, orein bat, uro bat eta hartz bat ere ikus daitezke gainontzeko eremuetan. Orotara, 50 bat irudik osatzen dute kobazuloaren altxor piktorikoa. Gehienak beltzez margotuta daude eta oso gutxi dira grabatuta daudenak.
2. Gipuzkoa
Santimamiñeko horrekin batera, Euskal Herriko kobazulo garrantzitsuenak Altxerri eta Ekain dira. Hirurek Gizateriaren Ondare izendapena jaso zuten iragan uztailean Unescoren eskutik.
Altxerrikoa Aian (Gipuzkoa) dago kokatuta. 1963an aurkitu zuten Aranzadi Zientzia Elkarteko kide batzuek. Irudi multzo handia gordetzen du Altxerrik: ehun animaliatik gora -bisonteak, elur-oreinak, ahuntzak, zaldiak eta oreinak; baita uro eta sarrio bana-, bi giza itxurako irudi eta zeinu ugari. Sarreratik 100 metrora aurkitzen da irudi multzo handiena. Animalia gehien daukana ez ezik, marra gehien duena ere bada. Altxerrin gehien erabili den teknika grabatuarena da.
Urte gutxira, 1969an aurkitu zuten Ekaingo haitzuloa. Debako lurretan dago, nahiz eta Zestoako herrigunetik gertuago aurkitu. Euskal Herriko zaldien aztarnategi handiena da berau. Dena den, bisonteak, ahuntzak, oreinak, hartzak, bi arrain eta errinozeronteak izan daitezkeen beste bi irudi ere badaude. Batzuk beltzak dira, beste batzuk gorri eta beltzak. Oro har, pintura nagusitzen zaio grabatuari. Hainbat kasutan animalien soslaia baino ez dago margotuta. Sarritan erabili izan dira barne modelatua eta tinta lauak.
Galeria nagusi batek -120metro luze da- eta adarkadura gutxi batzuk osatzen dute. Hauetako batean dauden apurrak kenduta, irudi gehienak galeria nagusian daude. Guztiak ere oso egoera onean mantentzea lortu da.
3. Nafarroa
Urdazubiko lurretan (Nafarroa) dago herrialde honetan artelanak gordetzen dituen kobazulo bakarra. Berroeberriako aztarnategiaren ondoan kokatuta dago. 1939an aurkitu zituen Norbert Casteretek Alkerdi haitzuloko hormetan marrazki grabatuak. Handik 30 urtera, euskarri higigarrian sortutako artelan bat ere aurkitu zen leize berean. Oso haitzulo txikia da. Irudi gehienak galeria estu baten muturrean aurkitu diren arren, sarrera ondoan ere beste talde bat dago. Bisonte bat, orein bat eta zaldi itxurako animaila bat dira gehien nabarmentzen direnak. Grabatuak oso finak dira.
4. Nafarroa Beherea
Izturitze, Otsozelai eta Erberua haitzuloak Izturitze eta Donamartiri (Nafarroa Beherea) herrien artean daude. Gaztelu izeneko muinoaren erraietan daude hirurak, bata bestearen gainean: Izturitze goian, Otsozelai erdian eta horren azpaian Erberua.
Harriz, hezurrez eta adarrez egindako zenbait objektutan marraztutako irudiak 1913ko indusketetan aurkitu zituzten. Horman egindako irudiak, berriz, 1928an aurkitu ziren.
Izturitzeko horma-irudiok behe erliebean eginak dira guztiak, ildo sakoneko grabaketaz. Horregatik da aztarnategi hau Euskal Herrian parerik gabea. Otsozelaikoak, berriz, oso trazu finez grabatutakoak dira, edo pintura beltzarekin margotutakoak. Erberuara sartzea oso zaila da, nahiz eta bertan ere hainbat irudi aurkitu dituzten.
5. Zuberoa
Etxeberriko karbira iristea ere nekeza da. Gamere-Zihigako lurretan aurkitzen da, Zuberoan. Haitzulo luzea da. Lurrazpiko putzu eta pasadizo estuek zaildu egiten dute bertara sartzea. Zaldiak, bisonteak eta basahauntzak daude bi irudi multzotan banatuta. Margo beltza zein gorria eta buztinetan egindako grabaketa izan ziren erabilitako teknikak.
Sinhikoleko karbia ere Gamere-Zihigan dago.1973an aurkitu zuten Bordeleko espeleologia talde bateko kideek. Soslai beltza duen zaldi bat dauka, bisonte irudi osatu gabe bat eta beste hirugarren bat zer den zehazteke dagoena. Beste pareta batek margo gorriak ditu.
Altzürükuko lurretan dago, azkenik, Paleolito garaiko aztarnak gordetzen dituen hamargarren haitzuloa. Xaxixiloagako karbian bi bisonteren irudiak daude, bata bestearen aurrean jarrita. Elkarren oso antzekoak dira biak.
Aipatutako hauez gain, Euskal Herrian badira hamaika kobazulo gehiago, turisten bisita andana jasotzen dituztenak. Hamar hauek dira, ordea, Paleolito garaian bizileku eta sormenerako gune gisa erabili zirenak.
Museorik zaharrenetan gordeta
Paleolito garaiko hainbat kobazulo daude Euskal Herrian. Horietako hamar inguruk garai hartan marraztutako irudiak dituzte. XX. mendean aurkitu ziren bisonte, zaldi eta oreinak irudikatzen dituzte marrazki horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu