Mocongo Son taldea 2003an sortu zen Burgosen. Antonio Murdoch arduratzen da gitarra jotzeaz eta abestien hitzak idazteaz. Haren ideia izan zen, hain justu, musika kubatarra hip hop, rock and roll, reggae eta funk doinuak fusionatzea. Haien musikaz gozatu ahal izango da gaur gauean Donostiako jaien barruan.
Zerekin topo egingo du gaur Bulebarrera joaten denak?
Musika dantzagarri, entretenitu eta askotarikoa aurkituko dute. Abestien estiloa aldatzen saiatzen gara, eta hitzak mezuz beteak daude. Nire ustez, pozik geratuko dira entzundakoarekin, gustu guztientzako musika joko baitugu.
Donostian emango duzuen lehen kontzertua izango al da?
Duela zortzi bat urte ere jo genuen, baina beste izen batekin. Abuztuaren 25ean izan zen, katedralaren atzean ipinitako Heinekenen karpa handi batean. Irrikan gaude itzultzeko, oso gustura geratu ginen, bai jendearekin, bai hiriarekin. Egitekorik ez badugu, turismo pixka bat egiteko aprobetxatu nahi genuke, eta hiria gertuagotik ezagutu, oso polita baita.
Zuen abestiez gain, bertsioak ere jotzen dituzue.
Bertsio ugari ditugu, eta guztietan tradizionaltasunetik aldentzen saiatzen gara, nahiz eta azkenean beti atera bereizten gaituen kubatar kutsu hori, saihetsezina da. Comandante Che Guevara, adibidez, pop-rock moduan jotzen dugu, eta Guantanamera hip hop doinuekin. Cuba quiero bailar la salsa abestia ere errepertorioaren barruan egon ohi da.
Gitarra jotzeaz gain, abestien hitzak ere zuk konposatzen dituzu; zein gai jorratzen dituzu?
Egunero kalean gertatzen diren gauzei buruz hitz egiten dut, maitasunaren inguruan ere idazten dut, eta, noski, Kuba gogoan izaten dut askotan. Nahiko gai irekiak dira, edozerekin topo egin daiteke.
Zergatik aldatu zenioten izena taldeari?
Partaide askok taldea utzi zuten, eta jende berria sartu zen. Energia berri batekin hasi nahi genuen ibilbidea, eta Mocongo Son izena jartzea erabaki genuen. Mocongo hitza afrokubatarra da, printzea edo xekea esan nahi du,eta Kuban asko erabiltzen da. Son-aren printzea esan nahi du, beraz, taldearen izenak.
Bateria jotzailea izan ezik, beste guztiok kubatarrak zarete; lehendik elkar ezagutzen al zenuten?
Ez, bakoitza bere aldetik etorri zen, eta Burgosen elkar ezagutu genuen. Kuban jada musika tradizionala nahikoa jo nuela pentsatu, eta hip hop, rock and roll, reggae, funk eta bestelako doinuekin fusio pixka bat egitea proposatu nien gainerako kideei. Izan ere, hona iristean konturatu nintzen jendeak gustukoa zuela musika kubatarra, baina ez da arrakasta lortzeko musika aproposa; arrakastaz hitz egitean jendea dantzan jartzeaz ari naiz.
Etorkizun hurbilean proiektu berriren batean murgiltzeko intentziorik ba al duzue?
Kontzertu ugari eman ditugu Burgosko musika aretoetan, baita inguruko herrietako jaietan ere. Donostiakoa izango da azkena, eta ondoren disko berriaren grabaketan murgilduko gara buru-belarri. Amaitzean, Madriletik bira bat egitea da asmoa. Dena den, geldialdi txiki bat ere egingo dut, Kubara joango bainaiz oporretan.
Donostiako Aste Nagusia. Antonio Murdoch. Mocongo Son taldeko gitarra jotzailea
«Musika dantzagarria eta askotarikoa joko dugu Donostian»
Kultur aniztasunaren aldeko apustua egingo du Mocongo Son taldeak gaur gauean Bulebarrean emango duen kontzertuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu