Victor de Diego. Saxofoi jotzailea

«Musika desberdina egiten dugun artistok ere gure lekua behar dugu»

Victor de Diego musikariak kontzertua emango du gaur, Zumaian. Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan kontzertu ugari eman ondoren, etxean joko du bilbotarrak, aspaldiko partez.

CARLOS PERICA.
Donostia
2012ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Victor de Diego (Bilbo, 1964) saxofoi jotzailea Euskal Herrira itzuliko da kontzertuak ematera. Besteak beste, Enrique Garcia Asensio eta Josep Pons maisuekin jo izan du, baita Errusiako Orkestra Sinfonikoarekin ere. Zumaian (Gipuzkoa) joko du gaur, 20:00etan, Itzurun tabernan.

Etxean joko duzuberriro. Itzulera berezia?

Noski, nire etxea Euskal Herria da, eta ahal dudan guztietan bertan jotzen saiatzen naiz. Hala ere, zoritxarrez, ez daude aukera asko jazz kontzertuak egiteko, nahiz eta urtean behin edo bitan Bilbaina Kultur Elkartera joaten saiatzen naizen.

Nondik datorkizu saxofoi jotzaile sen hori?

Musika klasikoko eskolak jaso nituen txikitan, eta ondoren, kontserbatorioan aritu nintzen. 13-14 urterekin, antzeko musika interesatzen zitzaigun lagun batzuk elkartu, eta berehala hasi ginen jazza entzuten. Miles Davisek harrapatu gintuen, eta musika hori kontsumitzen hasi nintzen etengabe.

Geroago, zure lehen agertokira igo zinen.

Bai, oso gaztea nintzen, eta Deustuan zegoen jazz taberna batean izan zen. 1980. urte inguruan izan zen, eta gogoratzen dudan gauzetako bat da hazten ari zen musikari bat nintzela. Ilusio handia nuen, baina onartu behar dut egiten nuen musikak ez zuela hainbesteko kalitaterik. Nire maila oso mugatua zen, baina urteekin eskarmentua lortu dut.

Zein musikarik izan du eragina zuregan?

John Coltrain, Miles Davis, Gil Evans… Musika estilo hau ezagutzen hasi nintzenean, horiek ziren garaiko musikari interesgarrienak. Urteek aurrera egin ahala, Wyne Shorter, Mark Turner eta halako musikariek ere eragin zuzena izan dute. Garai guztietan egon dira musikari interesgarriak, eta guztiek izan dute eragina nire musikan.

Jazzean, inprobisazioa nagusitzen da teknikaren gainetik?

Bai, nik uste dut inprobisazioan oinarritzen den musika bat dela. Hau da, nahiz eta instrumentuarekin oso ona ez izan, ideia oso onak badituzu eta ongi adieraztea lortzen baduzu, jendearengan interesa piztu dezakezu.

Musika komertzialarekin lehiatzea ez da erraza izango, ezta?

Ez, zoritxarrez oso zaila da. Jendeak musika komertziala kontsumitzen du. Horrekin ez dut esan nahi musika komertziala txarra denik, baina entzuleak esfortzu handiago bat egin behar du beste musika estilo bat aurkitzeko. Medio handietan zaila izan ohi da gure musika sarritan entzutea. Gainera, produktoreek diru asko inbertitzen dute artisten abestiak irratian jartzeko, eta guk, horren aurrean, ezer gutxi egin dezakegu. Ez dut esaten Shakiraren azken diskak oihartzunik izan ez dezala, baina bai musika desberdina egiten dugunok gure lekua behar dugula.

Europako eta Euskal Herriko publikoa ezagutu duzu. Desberdintasunik nabaritu duzu?

Ez nuke euskal publikoa gaizki utzi nahi, baina Pirinioetatik gorantz jendea musikarekin hezi izan da. Jendeak txikitatik jaso izan du hezkuntza musikaren inguruan; errespetu eta zailtasun handiko gauza bat dela txertatu diete umeei. Alde horretatik, euskal publikoan hori faltada. Euskal Herrian, jende gazteari oso zaila egiten zaio kontzertu hauetan arreta jartzea. Pena da, ez dugulako urrutira joan behar musikari onak ikusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.