ATZEKOZ AURRERA. Zarys Falcon. Artista eta Katanga Dubeko abeslaria

«Musika elkarrekin ehuntzea da niretzat»

Bere bizipenek zeharkatzen dute bere sorkuntza lana. Migrazioa, identitatea, memoria eta lurraldea ageri dira Falconen doinuetan. Dantza eta besta transformaziorako tresnak izan daitezkeela uste du.

IÑIGO URIZ / @FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Iruñeko Katanga Dub taldean aritzen da Zarys Falcon artista (El Carmen de Bolivar, Kolonbia, 1976), baina beste hamaika sorkuntza proiektutan ere bai. Mendira ihes egin zuten esklabo kolonbiarren jarrera nahi du bere lanetan. Memoriaz, lurraldeaz, identitateaz eta soinuez mintzo da. Larunbatean kontzertua emanen du Katanga Dub taldeak Lido Pimientarekin batera, Donostiako Dabadaban, 20:30ean.

Katanga Dub taldea nola definituko zenuke?

Katanga Dub muga kontzeptu bat da. Dubaren estetikari ez, bere poetikari lotzen gatzaizkio: barreiatzearen ideiari. Niretzat, migratzea, mugimendua, transformazio kontzeptu bat da; mundua ikusteko beste manera batzuekin harremana izatera bultzatzen zaitu. Ezin dut neure buruaz pentsatu lurralde honek aldarazi izan ez banindu bezala.

Identitateak kezkatzen zaitu?

Gatazka handia dut horrekin. Etiketei oso loturik dago, eta etiketak zurrunak izaten dira. Beste pertsonak saiatzen dira zu definitzen, baina, niretzat, barreiatzen den subjektibitate bat da identitatea. Esaten didate hango musika egiten dudala. Ez ba, hemengoa da, hemen sortua.

Mendira ihes egindako iheslariei dagokie cimarronaje kontzeptua. Zer da? Zer lotura du zurekin?

Maria mendietako esklabo iheslarien lurralde batetik nator. Kontzeptu horrek sinergia eta kolektibitatea ditu oinarrian. Kolektibitatea gozamen bezala, lurraldearen ezagutzari lotuta; eta migrazioa bizitza ikusteko modu bezala, bizi estetika gisa. Sinergiarekin esan nahi dut etengabe harremanetan eta hibridazioan egotea besteekin.

Nola ulertzen duzu zuk musika?

Arratsaldeetan eta asteburuetan familiarekin eta haien lagunekin biltzen ginen kantatzeko eta ipuinak kontatzeko. Niretzat musika elkarrekin ehuntzea da. Denbora luzez saiatu nintzen zerbaiten antza izaten, artista ona izateko akademia behar nuelakoan. Ez da egia. Artea bizitzarekin bat doa. Artistaren antza du arteak. Nik ezin dut ulertu nire artea transformazio kolektibo bat bultzatzen ez badu.

Bizipenek zenbateraino eragiten dute musika sortzerakoan?

Asko hitz egiten dut gerrari buruz, sendatzerik ez dudan zauria baita. Min, heriotza, jazarpen eta izu testuinguruan hil ziren nire gurasoak. Galera handiak dira, baita identitatearena ere, lurraldea ez baituzu berdin ikusten. Horregatik nahiago dut sorkuntza, posible baita fikziozko munduen bidez bestetasunaz hausnartzea eta ulertzen saiatzea.

Zer doinu du Euskal Herriak?

Egurrarena, baso hezeena eta lainoarena. Badago sentsazio trinko bat, goibela, eta tonalitate minorren doinua du. Txistuaren, gaita kirrinkarien eta joten doinua ere badu, eta txalaparta ez dut beste inon ikusi. Musika tresna horietan memoria bat dago, etengabe barreiatzen den identitate bat. Noski, rock doinua ere badu; eta txaranga, brass band eta sound system asko. Azkenaldian, bere cumbia doinu propioaren bila ari da, eta bere doinu urbanoa. Horrelakoak kanpoko doinuak direla pentsatzeari utzi behar diogu.

Ezin bada dantzatu, ez da zure iraultza?

Transformazioa mugimenduan egiten da, baina dantza hori pentsamenduari eta kontzientziari lotuta dago. Reggaetonaren estetikarekin kritikoa naiz, eta uste dut dantzaren kodeak ezagutzea garrantzitsua dela. Erritmoak eta mugimenduak nondik sortu diren jakin behar da; mugimendu hori sortzen duen pentsamenduari zor zaiolako.

Nola izan liteke besta transformaziorako bidea?

Besta gozamenarekin lotuta dago. Ez naiz ari diskotekez; beste soinu batzuk dituzten bestez ari naiz. Hemen rock asko dago; beste doinuek ekartzen dute mugitzeko beste modu batzuekin eta beste hitz batzuekin topo egitea. Jaia aktibismo bezala da aniztasunarekin elkartzea, azaletik eta gozamenetik egiten den hausnarketa hori. Ekitaldi politiko oso indartsua izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.