Koldo Berasategi. Txistularia

«Musika eta ikuskizuna batu ditugu»

Txistularien alardeak, urtero, sanferminetako igandean egiten du bere ikuskizuna. Gaur, 56. aldiz egingo dute: Eskozia eta Irlandako musika euskal txistuarekin bateratuko dute.

IÑAKI BERASTEGI.
Iñaki Berastegi.
Iruñea
2015eko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Irailean prestatzen hasi ondoren, gaur egingo du ikuskizuna txistularien alardeak, San Jose plazan. Koldo Berasategi txistulariak (Zegama, Gipuzkoa, 1958) uste du 56 urtean alardeak bizi izan duen aldaketa txistuaren garapenari lotuta dagoela. Inoiz baino jende gehiago espero dute aurten. Eguraldia lagun, joan den urtean zenbatutako 2.000 ikusleren marka gainditzea da helburuetako bat.

Ibilbide luzea duen ekitaldia da txistularien alardea.

1959az geroztik egiten da txistularien alardea. Lehenengo ekitaldi hartan ehunka txistulari bildu ziren, zezen plazan. Hala ere, San Jose plaza agertoki gisa egonkortu arte, Taconeran, Gazteluko plazan eta Sarasate pasealekuan ere egin izan da alardea, besteak beste. Aurtengoa 56. aldia da, baina XIV. mendera jo behar da txistularien lehen erreferentziak aurkitu ahal izateko. Sanferminak ospatzen hasi zirenean, bazeuden jada txistuarekin ospakizunak alaitzen zituztenak.

Musika zelta izango da aurtengo protagonista nagusia, ezta?

Musika eta ikuskizuna batu ditugu. Txistua jotzeaz gain, gaiarekin zerikusia duen antzerki bat ere antzeztu dugu. Antzerkiari buruz ezin dut askorik esan, sorpresa mantendu nahi dugulako. Gai bat aukeratzen dugu, eta horren inguruan antolatzen dugu ikuskizuna. Irlandak eta Eskoziak Euskal Herriarekin izan zuten harremana izango dugu aurtengoan oinarri. Printzesa zelta-ren izena oso egokia iruditu zitzaigun. Irlandatik etorri eta haurdun geratu zen printzesa bat izan zen. Itxuraz erabat irlandarra zen umea, Jaun zuria deitua; Bizkaiko lehen jauntxoa izan zen.

Euskal Herriko historiarekin zerikusia duten gaiak hautatzen dituzue, beraz?

Saiatzen gara, behintzat. 2013ko alardeko gai nagusia Zugarramurdiko sorginena izan zen. 2014. urtean, berriz, Amerikara emigratu behar izan zuten euskaldunen inguruan antolatu genuen ikuskizuna. Zaharrak diruditen arren, aukeratzen ditugun gaiek badute lotura pixka bat gaurkotasunarekin ere. Esate baterako, lan falta dela-eta gaur egun askok joan behar izaten dute atzerrira.

Nola uztartu duzue txistuaren erritmoa Irlanda eta Eskoziako musikarekin?

Proiektua edo ikuskizunaren gaia zehaztu eta gero, urrian, Euskal Herriko zenbait konpositorerekin biltzen gara. Gaiarekin lotura duten abestiak eskatzen dizkiegu. Urrian egiten dugu eskaera hori, nahikoa denbora izan dezaten abestiak ongi prestatzeko. Ikusi eta moldatu ondoren, ekain aldera, entseguak egiten hasten gara. Astebururo egiten ditugu entseguak, Iruñean.

Txistulari profesionalak bakarrik aritzen dira alardean?

Ez. Profesional bikainek parte hartzen duten arren, ekitaldi amateurra da gurea. Gutxieneko maila bat duenak eta entsegu kopuru batera joan den edozeinek parte har dezake, printzipioz. Hala ere, kontserbatoriotako jendea izaten da nagusiki. Euskal Herriko kontserbatorio ugaritako jendea biltzen du txistularien alardeak.

Ekitaldia antolatzeko orduan laguntza handia izaten duzue?

Egitarau ofizialean sartuta dago alardea. Iruñeko Udalak Euskal Herriko txistulari elkartearekin batera antolatutako ikuskizuna da. Babesleei dagokienez, berriz, helburua ez da soilik laguntzak lortzea. Babesle horiek laguntzaile edo kolaboratzaile izatea nahi dugu. Toti Martinez de Lezea idazlearen laguntza ere izan dugu.

Hiru keinu bereizgarri egin nahi izan ditu aurten alardeak.

Batetik, ekologia zainduko dugu tabernako edalontzi berrerabilgarriekin. Bestetik, elikadura osasungarria, hemengo kalitatezko elikagaiak eskainiz. Azkenik, Paris 365 jantoki solidarioa laguntzen saiatuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.