Asteburuko proposamenak

Musika oinarri duen jaialdia

Urdiñarbe. 'Musikaren Eguna' izena badu ere, ez da egun bakar bat, ezta musika soilik ere; eskaintza zabala da

Giro ona izan ohi da Urdiñarbeko plazan Musikaren Egunean. Argazkian, duela bi urteko ekitaldia. GAIZKA IROZ.
Joanes Etxebarria.
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Ibilbide luzea du Urdiñarbeko Musikaren Egunak. Igandea izanik ere egun handiena, 23 urtez egunak eta proposamenak gehitu dizkio Bil Xokoa elkarteak antolatzen duen asteburu kulturalari.

Aitzineko aldi batean hasi ziren ostiralean antzerkia eta herri kantuak uztartzen Muskildiko Chistera ostatuan. Aurten ere, hain zuzen, han hasiko dute egitaraua. Basabürüko (Atharratzeko kantonamendua) lau gaztek prestatu irrizko antzerkia plazaratuko dute bihar, 21:00etan. Ondotik, Xiberotarrak kolektiboak atera berri duen diskoa aurkeztuko du, eta musikaz bukatuko da, Kauter Zinfoniaren doinuekin.

Larunbatean, Bil Xokoaren egoitzan trebatu ohi diren bi taldek hasiko dute gaualdia, Urdiñarbeko plazan: Musikal'De taldeak eta Oilarrak abesbatzak. Horien ondotik, karpa azpian ariko dira antzerkia eta kantua uztartzen dituen Les Kag Frantziako taldea eta Xutik, Speiz Mukaki dantza taldeko musikariek osatu taldea.

Igandea, berriz, egun osoko besta izaten da. 10:30ean hasiko da, dantzari zuberotarrekin. Tobrogoi eta Nafartarrak taldeak ere ariko dira karrikan zehar. Ondotik, azken bi urteetako arrakasta errepikatu nahian, Xiba elkarteak antolaturik, Euskal Herriko sei talde ariko dira sokatiran eta bote luzean. Herri kiroletan, aurtengoan, Zuberoako segalari eta aizkolariak ere ariko dira Nafarroa Behereko eta Lapurdiko taldeekin norgehiagokan.

Eguerdian, Zuberoako bertsolarien urteroko bertso saioa izanen da, bazkaria aitzin. Arratsaldeko emanaldia 15:30ean hasiko da, Tobrogoi taldearekin. Motoen gainean iristen dira taldeko kideak, musika tziganoa jotzera.

Ondotik, oholtza gainean segituko du bestak, Okzitaniako Les Barbeaux ska rock taldearekin, R.I.C taldearen roots soinuekin, eta Nafartarrak txarangarekin ondotik, jendeak dantza dezan plazan. Gatibuk kontzertua joko du gero, eta gaua Ezpela eta Buuzbu taldeekin bukatuko da.

Herriko gelan, egun osoan, margo eta argazki erakusketak ere izanen dira, urtero legez. Anne Serbielle eta Anne Muller margolarien lanak dira aurtengoan ikusiko. Ion Mikel Intsaustik, berriz, Zuberoako maskaradetan egin argazkiak aurkeztuko ditu.

MUSIKAREN EGUNA

Zer. Musika, kantua, antzerkia, bertsoa, dantza...

Non. Urdiñarben (Zuberoa).

Noiz. Ostiraletik igandera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.