Musikaren erresuman

Etenik gabeko kontzertua dira sanferminak; musikak hiriko bazter guztiak hartzen ditu egunotan, besten soinu banda osatzekoAdinduek bat egiten dute egunero Sarasate pasealekuan, jota emanaldiez gozatzeko prest

Voces Navarras taldeko jota kantariek alaitu zuten atzo goizean Sarasate pasealekuko giroa. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Uztailaren 6ko txupinazoak zeruan eztanda egin bezain pronto, musikak hartzen du Iruñea. Suziria lehertu eta berehala, txistulariak dira bestako lehendabiziko protagonista. Haiek dira herriko etxetik ateratzen lehenak. Gaiteroak abiatzen dira Alde Zaharreko karriketan barrena haien atzetik, eta, azkenik, La Pamplonesa udal musika bandako kideak.

Musikariok jartzen dute sanferminetan hiria eta hiritarrak dantzan, eta, gainera, uztailaren 14ko gauerdira arte etenik ez duen kontzertuari hasiera ematen diote. Sanferminik ez baitago musikarik gabe. Txarangak, batukadak, kaleko musikariak, txalapartariak... hamaika artista igotzen da egunotan Iruñeko oholtza erraldoira, Nafarroako hiriburua musikaren erresuma baita.

Atzo, musikaren erresuma fresko eta goibel ernatu zen. Euriak busti zituen Iruñeko karrikak, eta sumatu zen eguraldiaren eragina Alde Zaharreko giroan. Euri tanten artean, hala ere, estilo bateko zein bertzeko musikariak saiatu ziren tenperatura igotzen eta etxetik jertsea edo txaketa jantzita atera ziren iruindarrak dantzan jartzen.

Erritmo batetik bertzera

Gazteluko plazan, batukadaren erritmora dantzan aritu ziren gaueko parranda hurrengo egunera arte luzatu zuten gazteak. 10:30ean, jendetza bazen musikarien inguruan, zeruko goibelak musika tresnen hotsekin eta dantzekin uxatu nahian. Ez zuten halakorik lortu, baina ez zuen ematen gehiegi axola zitzaienik ere.

Gazteluko plazatik hurbil, San Nikolas karrikan, erritmo lasaiagoetan murgilduta zegoen Urko Menaia musikaria. Gitarra zuen abeslariaren ahotsak lagun bakar, baina, hala eta guztiz ere, lortu zuen aurretik pasatzen zirenen arreta bereganatzea.

Karrika batetik bertzera, txoko batetik bertzera, sekulakoa izan daiteke sanferminetako soinu bandaren erritmo aldaketa. Batukadaren eta Menaiaren doinuek, adibidez, jotekin egin zuten topo atzo eguerdian, Sarasate pasealekuan. Hiriko txoko hori da sanferminetan adinduen bilgune nagusietako bat goizero. Jendetzak egiten du bat jotak entzutera. Atzo ere bai. Eguraldi freskoak ez zuen jendea kikildu. Aterkiarekin, baina karrikara atera ziren eguneroko kontzertua entzuteko prest.

Voces Navarras taldea igo zen atzo Sarasateko oholtza gainera. Txalo zaparradak jaso zituzten. Baita taldeko kideekin batera jotak kantatzen aritu ziren bi haurrek ere, Laura Ferranek eta Carolina Luquik.

Entzuleen artean zegoen Manuela Lopez. Jaenen jaio (Espainia) zen, baina duela 40 urte Iruñea du bizitoki. Sanferminak izugarri gozatzen dituela azpimarratu zuen atzo. «Karrikako giroa sekulakoa da. Musikak duen guztia ematen dio bestari». Musikaren esparruan, noski, jota emanaldiak nabarmendu zituen. «Ahal dudan guztietan etortzen naiz, biziki maite ditut».

Tere Maeztu iruindarra egunero egon da aurtengo sanferminetan Sarasateko jota emanaldietan. «Ez galdetu zergatik, baina jotak anitz gustatzen zaizkit». Ilobarekin zegoen atzo jotak entzuten. Gazte zenean bestak bertze modu batera bizi zituela aitortu zuen. «Gehiago egoten nintzen karrikan. Orain, hala ere, gauza gehiago dago bestetan. Gauza anitz egin daiteke. Musika ez da falta, gainera, eta horrek giroa anitz alaitzen du», nabarmendu zuen.

Musikak ez baitu etenik. Kontzertua ez da oraindik amaitu. Jotek albokariei eman zieten atzo lekukoa, arratsaldeko 13:00etan. Euskal txokoan aritu ziren bazterrak alaitzen, eguraldia kontra izan arren. Sanferminetako etenik gabeko kontzertuaren azken txanpan sumatzen da iruindarren nekea. Gero eta gehiago kosta egiten zaie herritarrei besoak altxatzea gorputzak dantzan jartzeko. Baina, oraindik ere, bazterrak hankaz gora jartzeko gaitasuna ez du galdu musikak. Ez, behintzat, bere erresuman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.