Abenturaz betetako bizitza izan du Floren Unzuetak (Aramaio, Araba, 1941). Gasteizko elizkizunetako organista titularra da egun. Datorren urtean ehun urte beteko dituen organo bat jotzen du, Alde Zaharreko San Pedro elizakoa. Denetarik egin du bizitzan, ez da geldirik egon: ezin du utzi bizitza aktiboa. Orain askoz erlaxatuago dago, haren konpositore kuttunen piezak jotzen. Gasteizen organista gisa egin duen ibilbidean, mila hiletatan baino gehiagotan eta igandeko meza askotan jo du organoa. Erlaxatuago bizi da, baina irakurle eta idazle amorratua da oraindik ere. Azken liburua idazten hasi dela iragarri du: El lenguaje simbólico de las obras de Bach.
Astiro edan du kafea San Pedro elizaren aurreko tabernan. Gero, elizan sartu da, hori ere astiro. Elizbarrutiko gotzainentzako eta langileentzako bulegoko aulki batean eseri da. Ahots leuneko tinbre lasai batekin, galderei erantzuten hasi da. Elizako organoan pieza bat jo ondoren amaitu da elkarrizketa.
Arratsalde askotan etortzen zara organoa jotzen entseatzera San Pedro elizara.
Duela 35 urte hasi nintzen mende bat beteko duen organo hau jotzen. San Pedro elizan egiten diren hileta guztietan jotzen dut, baina baita igandetako mezetan ere. Txandaka egiten dut: aste batean Santa Maria katedralean jotzen dut, eta beste batean, hemen. Kalkulatzen dut urtean 50 hiletatan jotzen dudala. Gainera, esan behar dut ez dudala ezer kobratzen jotzeagatik.
Sentitzen duzun zerbait da, beraz; borondatezko lana. Gustuko duzulako?
Beti gustatzen zait entzuleek gozatzea jotzen ditudan pieza bereziekin. Askok esan ohi didate organoa entzutera etortzen direla mezara, gero eta gutxiago entzuten baitira elizkizunetan.
Ezin du edonork egin eta. Ondo jotzeko, asko entseatu beharko da, ezta?
Apaiztegian hasi nintzen ikasten, baina autodidakta nintzen orduan. Urte batzuk geroago, organista izan nahi nuela erabaki nuenean, musika kontserbatorioan izena ematea erabaki nuen; behar bezala ikasteko. Baina hori Ekuadorretik itzuli nintzenean izan zen.
Hala ere, aurretik, umetatik desiratzen zenuen organoa jotzen ikastea.
Beti gogoratzen dut Roque Amilburu herriko organista ikusten nuela jotzen. Berak egiten zuena egin nahi nuen nik, txundituta geratu nintzen lehen momentutik. Orduan hasi zen organoarekiko daukadan pasioa.
Etxean ere musika asko entzuten zenuten?
Ez bereziki. Aita musikazalea zen, eta gustatzen zitzaion, baina ez geneukan ez diskorik, ez horrelako ezer. Elizan entzuten genuen musika gehiena.
Lehen esan duzu Ekuadorren izan zinela apaiztegitik atera ondoren. Misiolari bezala joan al zinen?
Hala da. Apaiza egin eta zortzi urtez egon nintzen Euskal Herrian. Soziologia eta ekonomia ikasteko aprobetxatu nituen urte horiek.Horren ondoren erabaki nuen misiolari joatea. Nire helburua ez zen, baina, mezak ematea eta fedea zabaltzea: irakasle izatea zen nire bokazioa, eta lortu nuen hango zenbait ikastetxetan irakasle izatea, baita unibertsitatean ere. Horrez gain,alfabetatze prozesuan lagundu nien hainbat pertsonari. Bost urte pasatu nituen guztira.
Gauza ikusgarriak ikusiko zenituen bost urte horietan.
Gogoratzen dut, adibidez, neska gazte asko etortzen zirela nire eskoletara. Gehienak ezkonduta zeuden ordurako, eta haien haurrekin etorri behar izaten zuten, eta bularra ematen zieten askotan. Anekdotaz betetako garaia da.
Zure apaiz garaiko zati handi bat Ekuadorren pasatu zenuen. Frankismo garaiak ziren, baina, Euskal Herrian. Ez zen erraza izango diktadura garaian euskal apaiza izatea, ezta?
Ez zen erraza, ez. Adibidez, oroitzen naiz Guardia Zibilak geratzen ninduela askotan Bilbora autoz joaten nintzenean. Ikasteko apunte batzuk eraman ohi nituen autoan, eta propaganda ote zen galdetzen zidaten haiek. Ezetz esaten nien nik, kalkulu matematikoak zirela [amaitu du barrezka].
Ekuadorretik itzuli zinenean, apaiz izateari utzi zenion, eta irakasle egin zinen.
Arrazoi pertsonalengatik utzi nion apaiza izateari. Aldi berean, filosofia irakasten hasi nintzen Durana ikastetxean. Hori bai, eskolak ematen hasi arren, beti nuen musika buruan. Eskolak ondo ematen nituela uste dut, baina, aldi berean, organoa ikasten ari nintzen kontserbatorioan. Oso urte politak izan ziren, asko disfrutatu nituen.
Nire emaztea ere aipatu behar dut, asko lagundu baitzidan garai hartan, eta kontserbatorioan hastera eta jarraitzera animatu ninduen. Gaur egun ere asko laguntzen dit. Nire bizitzaren parte garrantzitsu bat izan da eta izango da beti.
Idazlea ere bazara. Noiz hasi zinen horretan?
Duela hamabost urte, erretiroa hartu nuenean. [Hiru liburu erakutsi ditu] Hainbat partituraren artxiboa bildu dut hiru liburu hauetan: apaiztegikoa, katedral zaharrekoa eta katedrala sortu baino lehen zegoen artxibokoa. Nork konposatu zuen, obraren izena, edukiaren azalpen laburra... Dena dago bilduta. Lan nekeza izan zen, baina merezi izan zuen.
Urrezko Zeledoneko bazkide egin zintuzten 2018an. Arabarra izanda, egon daitekeen errekonozimendurik eta aukerarik garrantzitsuenetako bat da. Zer sentitu zenuen?
Arabako elizetan zeuden harmonium guztien eta haien ezaugarrien bilduma idatzi bat egin nuen: horregatik egin ninduten bazkide. Araba osoa zeharkatu nuen, lurraldeko herri guztiak ezagutu nituen. Asko gozatu nuen esperientzia bat izan zen. 170 inguru aurkitu nituen guztira.
Harmoniuma organoa baino askoz txikiagoa da; ba al dituzte desberdintasun gehiago?
Bai, asko. Soinua ezberdina da. Organoak, gainera, tutuak ditu; harmoniumak, berriz, metalezko barrak ditu barruan. Bibrazioari esker ateratzen du soinua. XIX. mendean du jatorria harmoniumak, Parisen. Hasieran ez zuten uzten elizetan jartzen, baina denborarekin bai. Merkeagoa eta txikiagoa da; izan ere, garestiegia da eliza guztietan organo bat izatea. Biak jotzen ditut nik.
Baduzu jotzea gustuko duzun pieza kuttunen bat?
Johann Sebastian Bach eta Johann Pachelbel konpositoreek sortutakoak gustatzen zaizkit gehien. Joan den igandean jo nuen Pachelbelen pieza bat, adibidez.
Jo duzu kontzerturen bat Gasteiztik kanpo?
Gutxi. Ez zait kontzertuak ematea gustatzen. Nahiago dut elizan lasai jo. Oso urduri jartzen naiz, gainera. Hemen urduri jartzen banaiz ere, kontzentratzea lortzen dut, eta asko gozatzen dut.
Baina hiletetan jotzeak, adibidez, ez dizu edozein kontzertu emateak baino errespetu handiagoa ematen?
Familietan pentsatuz jotzen dut. Ez da erraza, baina haiei inporta zaielako egiten dut. Gero ez dira eskerrak ematera igotzen, horrek berdin dit. Baina haientzat momentu berezi bat da, eta badakit eskertzen dutela. Familiak dira garrantzitsuenak hiletetan, haiengatik egiten dut.
Organoa eta eliza beti egon dira lotuta. Baina hori baino askoz gehiago da.
Nik ez ditutelizkizun kantak bakarrik jotzen. Askotariko piezak jotzea gustatzen zait. Kanpoan organoak daude.
Ez da ohikoa elizkizun kantetatik edo musika klasikotik aldentzen diren estiloetan organoak entzutea, baina erabili izan dira. Originala iruditzen al zaizu, gustatzen zaizu?
Organo elektronikoak erabili ohi dira beste estilo batzuetan. Halere, ez naiz ausartzen ezer esatera, aldenduta sentitzen bainaiz estilo horietatik. Musika egiten badute, ederra izango da, ziur.
Gasteizko San Pedro elizako organista titularra zara. Euskal Herriko eliza garrantzitsuenetako bat da. Ez da erantzukizun makala...
Katedral zaharrekoa ere bai. Duela bi urtera arte berrian jotzen nuen, baina konpromiso handiegia zen, eta utzi egin behar izan nuen. Ohore bat da niretzat jotzeko aukera izatea.
Bietako organoen mantentze lanez arduratzen zara?
Urtero arduratu izan naiz organo konpontzaile bat ekartzeaz, eta behar diren berritzeak eta konponketak egiteaz.
Gaur egun ez da ohikoa gazte bat organoa jotzen ikasten hastea. Nola ikusten duzu instrumentuaren etorkizuna?
Nik izan ditut hainbat ikasle, eta elizan ematen nizkien organo eskolak. Batxilergoko bigarren mailara iristen zirenean, denborarik ez zutelako utzi ohi zuten. Beste arazo bat ere badago: kontserbatorioan organo ikasleak egon arren, gero zaila da organista bezala etorkizuna izatea. Elizak ez du ordaintzen organoa jotzeagatik; orduan, ezin zara horretatik bizi. Nik zale gisa jotzen dut, beste lanbide bat izan dudalako eta orain erretiratua nagoelako. Zaila da belaunaldi aldaketa bat egotea. Halere, organista berriak oso onak dira. Aurreko belaunaldikoak baino hobeak.
Elizetan iluna da etorkizuna. Emango dira kontzertuak, baina ez dago erreleborik hiletetan eta mezetan jotzeko.
Misiolari, organista, irakasle, idazle... Denetik egin duzu eta egiten duzu oraindik ere. Bakean egongo zara, ezta?
Oso bizitza oparoa izan dut, oroitzapen eta bizipen gozoz betea. Jende askok ezagutzen eta agurtzen nau kalean, batez ere nire ikasleak izandakoek. Asko pozten nau horrek.
Zure ibilbidean, zenbat elizkizunetan jo duzu organoa?
Mila hiletatan baino gehiagotan, eta igandeko meza gehiagotan. Hiru gotzain pasatu dira Gasteiztik San Pedro elizako organista naizenetik.
Zer geratzen zaizu egiteko, beraz?
Musikari buruz idazten jarraitzen dut, asko. Orain, nire azken obra idazten hasi naiz: El lenguaje simbólico de las obras Bach. Zaila egingo zait, baina lortuko dut. Sinbologiaz beteta daude Bachek konposatu zituen partiturak. Haren piezen letrek notekin zeukaten lotura aztertu nahi dut. Ikaragarria da.
Zurea kontatu duzu, baina nolakoa izango da musikaren etorkizuna?
Musikarik gabe ez dago etorkizunik; gizakiok behar dugun zerbait da. Musikarik gabe ez dago mundurik.
[Elizako organoa jo du] Azken galdera: ez zaizu iruditzen asko okupatzen duela organoaren soinuak?
Horretarako sortu zen.
Floren Unzueta. Organista
«Musikarik gabe ez dago etorkizunik; gizakiok behar dugun zerbait da»
Misiolari, senar, idazle, organista, irakasle... Hau da galdera: zer ez da izan edo zer ez du egin Unzuetak? «Bizitza oparoa» izan duela esan du, baina oraindik ez du atseden hartu nahi. Ia egunero joaten da Gasteizko San Pedro elizara organoa jotzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu