Udako proposamenak

Musikaz beteriko oasi bat Elorrion

Hasi berri da Elorrioko Musikaire jaialdia. Uztailean asteburuero egingo dituzte saioak.

Elorrioko (Bizkaia) Musikaire jaialdia, artxiboko irudi batean. BERRIA
Elorrioko (Bizkaia) Musikaire jaialdia, artxiboko irudi batean. BERRIA
ane insausti barandiaran
2025eko uztailaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Urteko kultur eskaintzari jarraipena emateko sortu zen Elorrioko (Bizkaia) Musikaire jaialdia, udan kultur ekintzen emariak etenik izan ez zezan; herria kulturaren basamortu beharrean oasi bihurtzeko. Atzo hasi zen aurtengoa, eta uztailaren 27ra arte iraungo du; uztaileko asteburu guztietan egingo dituzte emanaldiak, ostiraletik igandera.

Arriola antzokiko kideek antolatzen dute, eta urteko ekintzak maiatzean amaitzen direlako bururatu zitzaien hura sortzea, Aitor Iriarte antolatzaileak azaldu duenez: «Pentsatu genuen horrenbeste hilabete ezer egin barik egotea basamortu bihurtzea zela. Eta erabaki genuen jaialdia sortzea».

Horrela hasi ziren, «zoro-zoroan», eta iritsi dira 25. aldiraino. Ermitetan egiten hasi ziren lehenik, Elorriok ermita asko ditu eta. Baina, txiki geratzen zirela ikusita, leku aproposagoen bila hasi ziren: plazan, Arespakotxaga zelaian eta Lariz jauregian egiten dituzte emanaldiak, karpa bat eraiki beharrean. «Beste aukerarik ez badaukazu behar dira karpa horiek, baina horrenbeste aukera edukita, pentsatu genuen: 'Zaindu behar dugu bai non egiten den ekintza, ingurua txukunduta, eta, gero, taula gainean jartzen den emanaldia kalitatezkoa izatea'». 

Helburua ez da ahalik eta jende gehien biltzea. Herritarrentzat pentsatuta baitago jaialdia, kultura ohitura bihurtzeko, eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko, Iriarteren hitzetan. «Posible zen asteburu batean dena batera egitea, gainezka jarri herria, hankaz gora, milaka lagun sartu, eta, gero, uda osoan basamortu bihurtzea. Baina guk kultur ekitaldi potente bat egin nahi genuen, doan, herriko plazan edo jardin bateko lorategi batean».

Egitaraua

Guztira, 11 emanaldi antolatu dituzte. Ez dira estilo jakin bateko saioak, herritar guztien gustukoa izatea nahi baitute. Lehen egunean EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak abiatu zuen egitaraua; 28 gaztek osatzen dute taldea, eta musika eskoletakoak eta kontserbatorioetakoak dira denak. Euskal kantak eta tradizioa uztartuz egin zuten jazz saioa.

Horrez gain, talde ugari igoko dira oholtzara. Gaur, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Ostirala iritsi da! emanaldia izango da. Plaza betetzen du urtez urte pailazoen emanaldiak. Nabarmentzekoen artean, Bascolombia taldearen ikuskizunaren estreinaldia izango dute hilaren 18an, Oreka TX eta Kolonbiako Phonoclorica taldeek elkarrekin sortutako emanaldia. Palestinako Sol bandak ere joko du, Palestinari elkartasuna adierazteko. Eta dantza garaikideko saio bat ere egingo dute, hilaren 20an.

Aurten, inoizko aurrekonturik txikiena izango dute, eta horregatik ez dute kanpoko beste talde «potenterik» ekarri. Dena den, «sekulako maila» duten Euskal Herriko taldeak gonbidatu dituzte; Anarik, Olatz Salvadorrek eta Pettik joko dute, besteak beste. Oasiaren egitarau osoa Musikaire.eus webgunean dago ikusgai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.