Zortzi talde ikusiko ditugu gaur Zarauzko Munoa plazan (Gipuzkoa), urtaro berriari «ongi etorri» esateko. Udaberri Fest jaialdiaren lehen atala izango da. Hurrengo saioak apirilean eta maiatzean egingo dituzte, Euskal Herriko zein nazioarteko taldeekin.
Mota guztietako talde eta musikariak ekartzen dituzte Zarauzko jaialdira, horrek duen abantaila eta arriskuarekin. Aurtengoan, esaterako, Soziedad Alkoholika agertzen da egitarauan, Rosario Floresekin batera. Irizpide onarekin, bi egunetan programatu dituzte aipaturiko musikariak.
Gaur, 17:00etatik aurrera, parrandarako doinuak aireratuko ditu Bizardunak taldeak. Horrekin batera, Gatibu arituko da, Alex Sardui buru. El Drogasen Txarrena entzungo dute, eta Bongo Botrako, Vendetta, Skandalue elektrotxaranga, Tiktara zein Egurra eta Kitto taldeek osatuko dute gaua.
Hurrengo emanaldia, apirilaren 28rako antolatu dute. Orduan, Igor Yebra dantzariak, Korrontzi taldeak eta Oinkari dantza taldeak Urratsa ikuskizuna taularatuko dute herriko kiroldegian. Bi egun geroago, apirilaren 30ean, Soziedad Alkoholika, The Brutal eta Ihes Naiz arituko dira leku berean. Azken saioa, maiatzaren 26an egingo dute: Rosario Flores abeslaria eta Vanpopel taldea arituko dira.
UDABERRI FEST
Noiz. Gaur, 17:00etan.
Non. Munoa plazan, Zarautzen (Gipuzkoa).
Musikaz beteriko urtaroa
Udaberri Fest jaialdiaren lehenengo atala taularatuko dute gaur Gipuzkoako kostaldeko hirian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu