Koldo Zuazo hizkuntzalaria, EHUko irakaslea eta euskaltzain urgazlea da. 1999an euskalkien mapa argitaratu zuen. Arrasateko (Gipuzkoa) Kulturatean euskalkien jatorriaren inguruan mintzatuko da gaur, 19:00etan.
Nondik datoz euskalkiak ?
Larramendiren arabera, euskalkiak Babeletik zetozen. Mito bat egon da horren inguruan. Julio Caro Barojak euskalkiak antzinako leinuen hitz egiteko moldeak zirela esaten zuen. Eta nik Koldo Mitxelenarekin egiten dut bat. Euskalkiak modernoagoak dira, Erdi Aro garaikoak.
Zertan oinarritzen zara hori baieztatzeko?
Mitxelenak bi arrazoi zituen eta nik neuk hirugarren bat dut. Benetan bereziak diren euskalkiak Zuberoakoa eta mendebaldekoa dira. Erdialdekoak nahiko antzekoak dira euren artean. Euskalkiak oso zaharrak balira, denak ezberdinak izango lirateke.
Non sortu ziren euskalkiak?
Orain arte Bizkaitik etorri direla pentsatzen zen. Nire ustez, euskalkien sorgune zaharrenak Iruñea eta Gasteiz izan ziren.
Zergatik?
Urdiainen (Nafarroa) bizi izan naiz azken urte hauetan, eta Bizkaian bezala esaten dira gauza asko bertan, baita Amezkoa eta Lana haranetan ere. Bizkaitik oso urrun geratzen dira leku horiek. Gasteiz izan zen berrikuntzak sortu ziren gunea, eta handik zabaldu zen Nafarroara. IX.mendean Gasteiz euskalduna izan zen eta mendebaldean zegoen hiri handi bakarra zen. Bizkaiko herriak , aldiz, garai hartan oso txikiak ziren.
Bizkaian bezala esaten dira hitz batzuk Goierrin ere (Gipuzkoa). Aldapea izan daiteke adibidea. Goierrik ere Gasteizekin harreman handia izan zuen San Adriango tunelaren bidez.
Data zehatzik ba al du euskalkien sorrerak?
Nik ez dakit zehazki noiz sortu ziren. Iruditzen zait Nafarroako Erresumaren apurketak zerikusia izan zuela euskalkien arteko aldeak handitzean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa Gaztelarekin joan ziren, eta Iparraldea Frantziara begira jarri zen. Euskaren inguruko datu ugari XVI. mendekoak dira, eta hizkuntzan ikusten da eragina.
Koldo Zuazo. Hizkuntzalaria
«Nafarroako Erresumaren apurketak euskalkien arteko aldea handitu zuen»
'Nondik dator gure euskera' izenburuko hitzaldia egingo du Koldo Zuazok gaur Arrasaten. Euskalkien jatorria aztertuko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu