Aldarrikapena, festa eta oroimena uztartuko dituzte, gaurtik hasita, Iruñeko auzoetako inauteriek. 500 urtez egingo du atzera hiriak, 1512ko gertaera lazgarriak ardatz hartuta. Izan ere, Iruñeko auzo bakoitzak bere erara antolatu eta ospatzen ditu inauteriak; gai bat aukeratu eta mozorroak eta ekitaldiak horren harira prestatzen dituzte. Aurtengoan gai bera aukeratu dute auzo guztiek: 1512-2012 Nafarroaren Konkista. Zergatia Gora Iruñea plataformako kideek azaldu dute: «Gure kulturari bultzada bat emateko, euskal kultura bizirik dagoela ozen esateko eta, bide batez, gure seme-alabek duela 500 urte, gurea, herri askea zela jakin dezaten». Aldarrikapena, festa eta oroimena, hiru hitzetan.
Inauteriak gaur bertan abiatuko dituzte Donibane, Arrosadia eta Azpilagaina auzoetan. Hiru horiek dira goiztiarrenak, baina ez bakarrak. Otsailaren 18an Alde Zaharrean, Arrotxapean, Sanduzelain eta Txantrean ospatuko dute mozorro festa, eta martxoaren 3an Mendillorrik hartuko die lekukoa.
Inauteriak jendetsuak eta parte hartzaileak izatea nahi dute Gora Iruñeko kideek, eta iruindarrei dei egin diete «euskal kulturaren eta euskararen aldarrian» mozorrotu daitezen.
Nafarroako konkista izango dute ardatz Iruñeko inauteriek
Donibanen, Arrosadian eta Azpilagainan gaur dituzte mozorro festak, eta 1512ko gertaera latza gogoratuko dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu