Pozarren daude Anartz Sereno eta Nerea Balbas aurten egokitu zaien ardurarekin. Ametsa baita edozein umerentzat Zeledon Txiki eta Neska Txiki izatea. Biak ala biak txikitatik daude blusa eta neska kuadrilla batean: Desigualesekoa da Sereno, eta TxolintxokoaBalbas. 11 urte bete berri zituen neskak hilaren 2an, eta beste horrenbeste beteko ditu mutilak gaur bertan. Ilusioz jaso dute Zeledon eta Neska txiki izateko erronka. Umeen egun handia baino lehenago egon dira BERRIA-rekin.
Nola jakin zenuten Zeledon Txiki eta Neska Txiki izango zinetela?
Anartz Sereno: Nire gurasoek esan zidaten duela hilabete batzuk. Asko poztu nintzen, ez bainuen espero halako berria jasotzea. Ilusio handia egiten dit Zeledon txiki izateak.
Nerea Balbas: Duela denbora dezente esan zidaten nire gurasoek. Oheratu baino lehen eman zidaten albistea, eta gau horretan ezin izan nuen lorik hartu, oso urduri nengoelako.
Zeledon eta Neska Txiki izatea ardura handia da edozein umerentzat. Zer sentitzen duzue?
N.B.: Urduri nago apur bat…
A.S.: Hasieran urduriago nengoen, baina, egia esan, gero eta gutxiago.
Berria jakin zenutenetik asko kostatu zaizue sekretua gordetzea?
N.B.: Sekretua gordetzeko esan zidaten gurasoek, hasieran haiek ere ez zekitelako ziur. Nik soilik nire lagun hoberenari kontatu nion, ez beste inori. Gero gure gurasoek esan ziguten edozeini kontatu ahal geniola, eta, orduan, ezagun guztiei esan genien.
A.S.: Niri sekretua gordetzea kostatu egin zait, egia esan.
Eta zuen lagunek zer esan zizueten?
A.S.: Suerte handia genuela esan ziguten. Eta nola aritzen garenikustera etorriko zirela ere bai.
N.B.: Nire lagunak asko poztu ziren, eta esan zidaten beraiek ere nahiko luketela Neska Txiki izan… Ni ikustera etorri behardute, eta argazkiak aterako dizkidate.
Aurreskua asko entseatu duzue?Nola prestatu duzue zuen eguna?
A.S.: Azken egunotan aurreskua entseatu dugu, baita zein bide egin behar dugun eta jendaurrean zer esan behar dugun ere.
N.B.: Kiko gure dantza irakasleari eskerrak eman behar dizkiogu, berak erakutsi digulako aurreskua dantzatzen. Egunero ordubete entseatu dugu aurreskua.
Gustuko duzue dantza egitea? Aurretik ba al zenekiten dantza egiten?
N.B.: Nik banekien dantza egiten. Txikitanikastolan dantza egiten nuen, eta gero Musika Etxean jarraitu nuen.
A.S.: Nik ez nekien aurreskua dantzatzen, baina oso azkar ikasi dut. Gustatzen zait.
Blusa eta neska kuadrilletako kideak zarete txikitatik, ezta?
A.S.: Ni Gasteizko jaietan jaio nintzen, abuztuaren 8an da nire urtebetetzea, eta txikitatik naiz blusa.
N.B.: Ni abuztuaren 2an jaio nintzen, eta egun gutxi batzuk nituenetik neskaz jantzita neramaten gurasoek.
Zer da kuadrilletan parte hartzeaz gehien gustatzen zaizuena?
A.S.: Oso ongi pasatzen dugula. Neskaz eta blusaz jantzita ez doazenak baino hobeto!
N.B.: Giroa da gehien gustatzen zaidana. Kuadrillan oso ongi pasatzen dugu.
Eta zer da jaietatik gehien gustatzen zaizuena?
A.S.: Nire urtebetetze eguna! Jaiak eta nire urteak batera ospatzea gustuko dut.
N.B: Lehen azken eguna gustatzen zitzaidan, kuadrilla batzuk zikinaren eguna ospatzen genuelako. Orain ospakizun hori ez dago, baina lehen hori nuen gustukoen.
Zuek jaietan zer egiten duzue? Zein da zuen eguneko plana?
A.S.: Egun gehienetan zezenen joan-etorrira joaten naiz, eta egun batean, barraketara.
N.B.: Nik betidanik plan bera daukat: buruhandietara noa, gero bazkaltzera, zezenen joan-etorrira ostean, eta, afaldu eta gero, zenzensuzkoak ikustera.
Abuztuaren 4an Zeledonen jaitsierara joateko ohitura duzue?
A.S.: Bai, abuztuaren 4anZeledonen jaitsierara joaten naiz; baina igoerara ez, oso berandu delako.Gustuko dut txupinaren eguna, nahiz eta jende asko egoten den plazan.
N.B.: Ni ere Zeledonen jaitsierara joaten naiz, baita azken eguneko igoerara ere.
Nagusi izandakoan ere nahiko zenukete blusa eta neska izatea?
A.S. ETA N.B.: Bai, bai, blusa eta neska izan nahiko genuke beti!
Anartz Sereno eta Nerea Balbas. Zeledon Txiki eta Neska Txiki
«Nagusi egiten garenean ere blusa eta neska izan nahiko genuke»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu