ATZEKOZ AURRERA. Jose Maria Arosa. Bildumagilea

«Nahiago dut ez kalkulatu zenbat gastatu dudan»

Laser ezpatak, pistolak, panpinak, bustoak... 'Star Wars' filmeko hamar mila produktu baino gehiago bildumatu ditu dagoeneko. Piezok Donostian daude erakusgai, hilaren 15era arte.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2015eko azaroaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bost urte zituela ikusi zuen Jose Maria Arosak (Bilbo, 1973), aurrenekoz, Star Wars filma. Oraindik ere,garai hartako filmeko pertsonaien figura eta panpinak gordetzen ditu, «kaxa eta guzti». Urte hauetan, baina, beste 10.000 pieza inguru bildu ditu, eta urteetan osatutako bilduma Aieteko Kultur Etxean (Donostia) egongo da erakusgai azaroaren 15era arte. Arosa Star Wars magazine aldizkariaren argitaratzailea izan zen —munduan guztira bost zeuden—, eta George Lucasekin izandako hartu-emanari esker, sagako II. filmaren (2002) errodajean izan zen Australian. Urte amaieran estreinatuko dute VII.a: The Force Awakens.

Gogotsu film berria ikusteko?

Jende guztia bezala. Orain arte erakutsitakoak oso itxura ona du. Gainera, gauza gutxi kontatu dute.Abenduaren 17 gauerako sarrera bat dut, lehen emanaldirako. Beste bat dut hurrengo egunerako, eta uste dut Gabonetan hiruzpalau aldiz ikusiko dudala berriro.

Adi egongo zara merchandising berriarekin.

Dagoeneko lortu ditut figura batzuk. Ekainean, San Diegon saldu zituzten aurrenekoak, eta lagun baten bitartez lortu ahal izan nituen. Hemen, irailean hasi ziren aurrenekoak saltzen: Legoko figura eta espaziontziak, Disneyk ateratako figurak... Amaitu den aurreneko gauza BB-8 robot berria [irudian] izan da.

Nondik datorkizu zaletasuna?

Aurreneko filma zineman ikusi nuen, eta txundituta gelditu nintzen. Txikia nintzenean panpina horiek zeuden modan, orain Minions-ak dauden bezala. Garai hartan, pelikulek urte osoa irauten zuten zinemetan. Filmak zerbait berezia izan behar zuen niretzat, oraindik ere gordetzen ditut-eta garaiko panpinak, kaxa eta guzti. Askok El Corte Ingleseko etiketa dute oraindik. 900 pezeta, adibidez [5,41 euro]. Garai hartan diru dezente zen.

Gaur egun, balio handia izango dute merkatuan.

Askok, panpina hutsak direnez, balioa galtzen dute. Baina kondairen eraginez, hainbat figurari balioa handitzen zaie.

10.000 pieza ditu zure bildumak.

Horrelako zerbait. Kontuan hartu behar da film bakoitzeko figura txiki berri mordoa ateratzen dituztela. Filmeko, 250 bat. Gero pieza handiak daude, Aieteko jauregianikusgai daudenak. Adibidez, tamaina errealean badaukat Han Solo izoztuta, R2, marrazki bizidunetako klon bat, gudari inperial bat...

Badago pertsonaiaren bat bereziki zaila dena lortzen?

Badaude bai, asko. Batzuk ezinezkoak dira, edo posible dira bakarrik diru asko gastatuz gero. Interneten aurki ditzakezu hogei mila euroren truke, baina nik diru hori sekula ez nuke ordainduko. Izango banu ere ez.

Kalkulatu al duzu zenbat diru gastatu duzun orain arte?

Nahiago dut ez kalkulatu zenbat gastatu dudan. Erakusketara eraman behar nituen gauzen zerrenda egiten hasi nintzenean, ikusi nuen ez zegoela 600 edo 700 euro baino gutxiago balio zuen piezarik. 60 edo 70 bat pieza eraman baditut... ba atera kontuak!

Eskaini dizute dirurik?

Bai. Erakusketaren batean gertatu zait. Bartzelonan, esaterako, Espainiako pertsona ospetsu batek diru asko eskaini zidan laser ezpaten erreplika batengatik. Ezetz esan nionean ia haserretu egin zen, uste baitzuen diru gehiago eskatu nahi niola. Nik ez nuen saldu nahi.

Zure bildumaren artean zein da baliorik handiena duen pieza?

Sentimenduei dagokionez, txikitakoak. Argazkiak ditut familian ateratakoak, eta panpina horiekin agertzen naiz jolasean.

Eta diru aldetik?

Azken urteetan saltzen ari diren piezak. Fabrikatzaileak konturatu dira unitate gutxi aterataarinago amaitzen direla, euren balioa igoz.

Non erosten dituzu?

Interneten gehienbat. Baina zoramena da, gaur egun edozein supermerkatutan saltzen dituztelako filmaren markako produktuak. McDonalds kaxetan etortzen diren panpinak ere biltzen ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.