«Erorikoek sekulako grazia egiten didate». Barre konplize batek lagundurik esan ditu hitzok, infusio ketsu bati tragoa eman ostean. «Eroritakoa ondo dagoela ziurtatutakoan, noski», esan du, katilua mahai gainean ezarriz. Gizakiaren ezaugarria ei da, erori eta horretaz barre egitea. Horixe da, hain zuzen, pailazo izatea, Virginia Senosiainen aburuz (Iruñea, 1973): norbere hutsegite eta porrotak abiapuntu izanik istorio bat kontatzea. Narices Emakume Pailazoen Nazioarteko Jaialdiaren sortzailea da bera; urriaren 8an bukatuko da jaia.
Segunsurja ekoiztetxearekin sortu zenuen jaialdiak hiru aldi egin ditu jada. Kontent?
Oso. Pixkanaka hasi ginen, pandemia garaian gauzatxoak eginez. Juan Luis Napalen urtebetetzea zen, eta ospakizunik eginen ote genuen galdetu zigun lagun batek. Suertatu ahala eginen genuela erantzun nion [gazteleraz, según surja], eta izen ezin hobea iruditu zitzaigun ekoiztetxerako.
Aurtengo aldiak berrikuntzarik dakar?
Anuar Daimon Black queer artista eta voguelaria izanen dugu gurekin.
Emakume clown asko daude Euskal Herrian?
Bai, mordoa. Azken hogei urteetan sortu dira bereziki. Baina pailazo hitzarekin sentitzen gara identifikatuen.
Ez al dira gauza bera clown izatea eta pailazo izatea?
Berez, bai, baina pailazo hitzak badu esanahi gutxiesgarri bat, gure egin duguna. Pailazo dei nazaten nahi dut, ez clown.
Gutxiesgarria?
Pailazogintza haurrentzat pentsatutako zerbait dela dirudi maiz, eta clown esaterakoan badirudi profesionalagoa zarela, edo serioagoa apika.
Gizarteak ez du ogibidea serio hartzen, beraz.
Batzuetan, ez. Noiz edo noiz ika-mikak izan ditut lagunekin, irain gisa erabiltzen baitute. «Iturgin hutsa haiz» esanen diot iturgina den lagunari, orduan? Barkamena eskatzen didate gero.
Oraindik ere zalantzan jartzen da emakumeen komikotasuna?
Bai, baina gainditzen ari gara hori ere. Emakume zein gizon pailazoak ikustera joaten da jendea.
Emakume pailazoak aldarrikatzaileagoak zarete.
Noski. Oraindik ere asko dago egiteko.
Zinemagilea ere bazara. Nolatan?
Betidanik egin zait deigarria zinemagintza. Kezkatzen ninduten auziak kontatzeko tresna gisa ikusi nuen. Dokumental batetik sortu zen Narices Nafarroako Emakume Pailazoen Nazioarteko Jaialdia.
A bai?
Valentina-Ausartatxo Klown dokumentala grabatzen ari ginela, protagonistok ikuskizun bat egitea pentsatu genuen, eta Viaje en Zapato ikuskizuna mustu genuen Gaiarre antzokian. Emakume pailazoen jarduna islatzea zen helburua; zergatik ez segida eman eta jaialdi bat sortu?
Nor da Valentina?
Nire alter ego-etako bat. Eztia da bera, inozentea. Dokumentala egiterakoan sortu nuen.
Pailazo bat baino gehiago duzu?
Bai. Gerbera da horietako bertze bat. Zirkuko pailazoek zapalduriko pailazoa da bera; ahalduntze prozesu bat irudikatzen du.
Horregatik dira zureak hain aldarrikatzaileak?
Interpretatzen dituen pertsonaren araberakoa da hori, eta ni halakoxea naiz.
Sudur gorria erabiltzearen aldekoa zara?
Sudur gorria maskara bat bezalakoa da niretzat, ezkutatzeko balio didana. Gustuko dut.
Zeri egiten diozu barre oholtzara igotzean?
Neure buruari. Nire hutsegiteei. Norberaren porrotetatik sortzen da pailazoaren ikuskizuna.
Esaterako?
Ez dakit. Zintzoki, nahiko baldarra naiz. Ikuskizuna dudan egun horretan gertatu zaidan zerbait erabili ohi dut. Edo momentuko zerbait. Inprobisazioa da pailazogintzaren berezitasuna.
Autoritatea umorearen beldur da?
Bai. Desorekatu egiten du, maskara kendu.
ATZEKOZ AURRERA. Virginia Senosiain. Pailazoa
«Nahiago dut 'pailazo' dei nazaten, eta ez 'clown'»
Narices Nafarroako Emakume Pailazoen Nazioarteko Jaialdiaren lemazaina da Virginia Senosiain: «Berdintasuna eta aniztasuna landuko ditugu pailazogintzaren bitartez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak