Eli Nosellas. Frankismoko biktima

«Nahiago nuen kolpeak jasan, bainuontziarena egitea baino»

Franco hil baino aste batzuk lehenago atxilotu eta torturatu zuten Nosellas. Orain hilabete batzuk jarri zuen haien aurkako salaketa. Itxaropen gutxi du justizian, baina behintzat memoria egitea nahi du.

ainara arratibel gascon
Ibarra
2016ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Gaiaz hitz egitea kosta egiten zaiola aitortu du Eli Nosellasek (Tolosa, Gipuzkoa, 1959). «Hurrengo egunetan kosta egiten zait lo egitea»; baina garbi du hitzegin behar duela, jendeak frankismoan torturatuak izan ziren biktimen errealitatea ezagut dezan. Jesus Muñecasen biktimetako bat izan zen, frankismoaren ondarrean.

Zertan da Muñecasen aurka jarria duzuen salaketa?

Salaketa jarrita dago, eta legalki entregatu behar genuen dokumentazioa, entregatuta. Orain, zain gaude. Goldatukoek esan ziguten sei hilabete eta urtebete artean itxaron beharko dugula zerbait jakiteko. Ni adingabea nintzen atxilotu eta torturatu nindutenean; 16 urte nituen. Horrek dena zailtzen du. Dokumentazioa topatzea ez da batere erraza izan. Madrilera eraman zituzten agiri guztiak.

Itxaropenik baduzu Maria Servini Argentinako epaileak hasitako bidearekin?

Espainiak trabak besterik ez du jartzen; beraz, itxaropen gutxi dut. Baina garbi daukat aurrera jarraitu behar dugula.

Aitortza batekin konformatuko zinateke?

Askotan pentsatzen dut: «Zer nahi dut?», Eta, egia esan, ez dakit. Une honetan inportanteena da gertatu zitzaiguna azaltzeko ematen dizkiguten aukerak baliatzea. Isilik egon dena azaltzea.

Nerabe bat zinen langileen eskubideen aldeko borrokan hasi zinenean. Nolatan egin zenuen?

Etxean beti esaten zidaten oso errebeldea eta mugitua nintzela. Injustizien aurrean, modu batean edo bestean, erantzun egin behar nuen. Nik uste mojetan 15 urte ikasten ibiltzeak izan zuela eragina. Han horrenbesteko injustiziak ikusten nituen, ezin nintzen geldirik egon. Gizarte klaseen artean ikaragarrizko aldea egiten zuten. Euskararengatik ere asko sufritu genuen, galtzeraino. Eskolan gaztelania jakin gabe sartu ginen, eta irten ginen euskara jakin gabe. Halako gauzak ezin nituen ulertu, ezin nituen onartu. Egun ere, bidegabea edo injustua iruditzen zaidana esan egin behar dut, eta horren aurka borrokatu.

Gurasoek zer esaten zizuten?

Erditan ez ziren enteratzen. Baina 13 urterekin manifestazioetako batean Poliziak harrapatu ninduen. Adingabea nintzenez, aske utzi ninduten. Baina txosten bat bidali zuten Donostian zegoen Adingabeen Auzitegira. Etxera idatzi bat iritsi zen, han aurkeztu behar nuela esanez. Bidean aitak ez zidan hitzik ere egin.

Beldurrik ez zenuen? Arriskuez jabetzen zinen?

Beldurra pasatu nuen lehen eguna Orixe institutua dagoen lekuan egin zen langileen batzar batean izan zen. Ni artean ikasten ari nintzen, baina joan egin nintzen batzar hartara. Polizia sekretua agertu zen, eta tiroka hasi zen. Handik ihes egin, eta gertu zegoen baserri bateko ukuilu batean ezkutatu nintzen. Orduak eman nituen han. Goizaldeko ordu bietan itzuli nintzen etxera. Pentsa nola zeuden etxean. Ez nien nondik nentorren esan. Ezin nuen. Askotan bezala, gezurren bat asmatuko nuen.

Politikoki non kokatzen zen zuen borroka?

Gu abertzaleak ginen, baina baitasozialistak eta komunistak ere. Dena denena zen. Gauzak banatzea iruditzen zitzaigun garrantzitsuena. Izan ere, ikusten genuen batzuek asko zutela, eta besteek gutxi. Mundu libre, aske eta desberdin batean sinesten nuen. Uste osoa nuen sistema hura irauliko genuela.

Nola duzu gogoan senarra eta biok atxilotu zintuzteten eguna? Espero zenuten?

Inondik inora ez. 1975. urteko urriaren 16a zen, larunbata. Senarra eta biok zinemara joan ginen, eta etxera itzultzeko taxia hartu genuen. San Cosme San Damian parean kontrola zegoen. Guk artean ez genekien Zarautzen [Gipuzkoa] guardia zibil bat hil zutenik. Geratu, eta senarra ikusi zutenean, berehala atxilotu gintuzten. Izan ere, hamabost egun lehenago atxilotzen saiatu ziren panfletoak banatzeagatik. Nahiz eta gero aske utzi zuten. Gogoz zeuden, berez, hura harrapatzeko. Norbaiti ordainarazi behar zioten hilketa, eta guri egokitu zitzaigun. Berehala esan ziguten guk hil genuela. Etengabe galdetzen ziguten: «Non daude armak?» eta «Non dago pisu frankoa?». Nik ez nekien ezta zer zen pisu franko bat ere. Handik kuartelera eraman gintuzten.

Inoizko zortzi egun eta gau gogorrenak pasatu zenituzten senarrak eta zuk, ezta?

Bai. Iritsi orduko bulego batera eraman gintuzten. Han gizon bat zegoen zutik. Senarrak dio Muñecas zela. Ni ez naiz gogoratzen. Sekulako kolpea eman zidan aurpegian, oso bortitza. Hiru egun pasatuta, egoera hain zen muturrekoa, edozer gauza esateko eta aitortzeko prest nengoen. Hala, esan nien armak Monteskun genituela, borda batean. Vietnamita txiki bat genuen han, eta pentsatu nuen hori ikusita ni torturatzeari utziko ziotela. Baina erabat inozoa izan nintzen. Han bai, beldur handia pasatu nuen. Belauniko jarri, eta guardia zibiletako batek esan zidan: «Hemen txori bat bezala hiltzen bazaitugu, ez du inork jakingo».

Shock-a hain zen handia, hainbat gauzaz ez zara gogoratu ere egiten, ezta?

Gauza batzuk oso garbi ditut, eta besteak, erabat ahaztuak. Ebakuntza bateko anestesia ematen dizutenean bezala da. Kontuan izan behar da kolpeak etengabeak zirela, eta bainuontziarena eta halakoak ere maiz egiten zizkigutela. Pentsa nolakoa zen egoera: nik nahiago nuen kolpeak jasan, bainuontziarena egitea baino. Hainbestekoa zen inpotentzia bainuontziarena egitean...

Gurasoek noiz eta nola izan zuten zuen berri?

Orduan ez zegoen sakelako telefonoa, ezta Whatsappik ere. Baina segituan jakin zuten. Berehala etorri ziren kuartelera. Ama gaixoa termo eta guzti etorri zen, kafesnearekin. Hain zegoen urduri, erori egin zitzaion barrukoa, eta garbitzeko agindu zioten. Ni nola nengoen ikustea oso kolpe gogorra izan zen haientzat.

Eta handik Martutenera eraman zintuzten.

Bai, hilabete inguru egon nintzen han. Gogoan dut senarra eta biok batera eraman gintuztela. Senarra niregana hurbildu, eta indarra ematen saiatzen zen. Baina hain nengoen gaizki, ez nion ezta ukitzen ere uzten. Pentsatzen nuen bera zela egoeraren erruduna. Ikaragarri gaizki iritsi nintzen: aurpegia eta gorputza kolpez beteta, sabela puztua... Behintzat, han gure inguruko jende asko zegoen, eta babestu egin ninduten.

Nola lortu zuten zuek kartzelatik ateratzea?

Nire aldetik osaba bat eta nire senarraren aldetik koinatu bat hara eta hona ibili ziren gu ateratzeko. Madrilera ere joan ziren Gregorio Peces Barbarekin hitz egitera. Franco hil baino aste batzuk lehenago atera nintzen, 50.000 pezetako bermea ordainduta.

Jazarpenak, ordea, ez zuen etenik izan.

Ez. Nik eskolara joaten jarraitu behar nuen, oraindik adingabea nintzelako. Santa Klaran hartzen genuen autobusa, eta hantxe egoten ziren guardia zibilak egunero. Tolosan zerbait gertatzen zen aldiro ere, gure etxean zeuden. Nik bizitza normala egin nahi nuen, baina ezin nuen. Osasunez ere oso gaizki nengoen. Eskerrak Ibarrako gure familiako medikuari. Hark izugarri lagundu zidan aurrera egiten.

Azkenerako, 18 urterekin Euskal Herritik alde egin zenuten.

Bai. Andaluziara joan nintzen, Huelvara. Hasieran bakarrik, senarra soldaduska egiten ari baitzen. Hura bukatu, eta etorri egin zen. Han ere zorte txarra izan genuen. Izan ere, topo egin genuen gu torturatu gintuen guardia zibiletako batekin. Zorionez oso harreman onak egin genituen han. Oraindik ere badugu harremana hango jendearekin. Bi urte egin genituen han.

Itzultzean zer moduzko egoera topatu zenuten hemen?

Oso aldatuta, gauza askotan. Lasaiago, baina gauza askotan okerrera eginda. Gure leloa beti izaten zen: Kontuz demokrazia burgesarekin. Izan ere, gauza on asko ditu, baina baita arriskuak ere. Gu ezer gabe etorri ginen, eta jendea oso eroso topatu genuen. Egoera politikoari dagokionez, gertutik jarraitu genuen, baina beste modu batera.

Egun nola ikusten duzu egoera? Nola eragiten dizu?

Iloba bat daukat kartzelan, eta herriko hainbat gazte ere atxilotuak izan dira urte hauetan. Horren berri dudanean beti eragiten dit zurrunbilo bat barnean. Inpotentzia handia sortzen dit. Ilobarekin asko sufritzen dut. Bisitan joan, eta nola dauden ikustea oso gogorra da. Gainera, etxetik milaka kilometrora daude. Presoen auziari behingoz heldu egin behar zaio, baina ez dute hatz bat ere mugitzen horretarako.

Militantzian jarraitzen duzu egun, baina kulturaren alorrean.

Halaxe da. Herri mailan guraso elkartea zegoen. Hor sartu, eta Alurr dantza taldean hasi nintzen. Horrek betetzen nau. Inguruko herri txiki askotara iristen gara.

Zer da zuretzat dantza taldea?

Nire bizitza. Denbora asko kentzen dit, baina aldi berean asko lagundu dit aurrera egiten. Pena da krisiagatik kultur alorrean murrizketak egin direla. Egun, emanaldi gutxiago daude, zailagoa da. Baina egia da, bestalde, dantzak asko egin duela aurrera, talde asko daudela eta maila handikoak. Gazte asko daude, eta hori ere oso inportantea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.