Nahiarentzat elkartasun nahia

Elkartasun jaialdi bat egingo da otsailaren 5ean, Donostian, Nahia de Cos gaixo dagoen haurraren alde

Gure Nahia elkartasun jaialdia aurkezteko ekitaldian, Irrien Lagunek eta hainbat eragilek partu hartu zuten. GARI GARAIALDE/ ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Donostia
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoak mundua aztoratzen duen arren, elkartasuna ez dago krisian, Porrotx pailazoaren ustetan. Abenduan sortu zuten Irrien Lagunak elkartasun taldea, eta otsailaren 5ean egongo da modua elkartasun olatuarekin bat egiteko. Nahia de Cos haurraren alde Gure Nahia elkartasun jaialdia antolatu dute, Donostiako Viktoria Eugenian. Batten gaitza izeneko gaixotasun arraroa du Nahiak, eta dirua behar du familiak New Yorkeko (AEB) erietxe batean sendabidea jasotzeko.

Nahiak eta haren desioak elkartu dituztela adierazi du Nerea Txapartegik, Donostiako Udaleko Kultura eta Euskara ordezkariak. «Osasunaren garrantziaz ez gara ohartzen huts egiten digun arte, eta osasuna nahi dugu Nahiarentzat». Enpatiaren beharra azpimarratu du Txapartegik, zientifikoki frogatuta baitago pertsona gisa hobeak egiteko balio duela.

Porrotx pailazoak ere elkartasuna izan du hizpide, eta kantuan definitu du hitzaren adiera: «Eman eta jaso, jaso eta eman, elkartasuna da hori. Eman eta jaso, jaso eta eman; ba al dago ederragorik?». Eta gaineratu du euskaraz eta alaitasunarekin balioak zabaltzea dela Irrien Lagunak elkartasun taldearen helburua: «Osasuna, natura, zientzia, kultura, elkartasuna eta gisa bereko balioak».

Hala, Euskal Herrian auzolanean eta boluntario gisa lan egiten duten elkarte txikien lana goraipatu du Porrotxek, haiengandik asko ikasi dutelako. «Tristurak eta pozak partekatzen direnean, beti dira goxoagoak».

Dantzan eta kantuan

Irrien Lagunak eta Gure Señeak elkarteak antolatu dute ekinaldia, Donostiako Udalaren eta Donostia Kulturaren lankidetzarekin. Kultur, kirol eta gizarte arloko zenbait pertsona ezagunek parte hartuko dute jaialdian, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Viktoria Eugenia antzokiko emanaldiak dantza eta kantua izango ditu ardatz. Pirritx, Porrotx, Marimotox eta Irrien Lagunak taldeko pertsonaiek Xabier Zabalaren laguntza izango dute jendaurrean. Abesti bakoitzean, zeinbat arlotako pertsonak eta zenbait elkartetako ordezkariak igoko dira agertokira. Zerrenda luzea da oso; han izango dira, esaterako, Ramon Agirre aktorea, Beñat Gaztelumendi bertsolaria eta Kresala dantza taldea. Bera Bera Rubgy taldekoak, Realeko neskak eta Gipuzkoa Basketeko jokalariak ere egongo dira tartean, baita Gehitu eta Banaiz Bagara elkartea eta Etiopia Utopia Fundazioko kideak ere.

«Suhiltzaileak etorriko dira, eta oraingoan dutxa haiek jasoko dute. Eta Ezkila eta Patakon piratek ez dute hutsik egingo», esan du Porrotxek. Edonola ere, ekitaldian ikusleek parte hartzea bultzatuko dute, eta abesten eta dantzan jarriko dituzte Viktoria Eugenian bildutakoak.

Jaialdiaren helburua Nahiari eta haren familiari elkartasuna adieraztea da eta, bide batez, laguntza ekonomikoa lortzea. Iaz diagnostikatu zioten Batten gaixotasuna haurrari, eta ekainetik oinez ibiltzeko gaitasuna galdu du, eta ez du indarrik giharretan. Arraro bat da Batten gaitza, trastorno neurologiko bat, eta oraingoz ez dauka sendabiderik. New Yorkeko erietxe batera eramateko dirua nahi dute gurasoek, bizi-kalitatea hobetzeko aukera izango baitu han haurrak. Horrez gain, alabak parte hartuko luke gaixotasunaren inguruan egiten diren esperimentuetan, etorkizunean beste haur batzuei mesedegarri izango zaielakoan.

Gaixotasun arraroen errealitatea gizarteratu nahi dute jaialdiaren bitartez. Horretan esperientzia badu Gure Señeak elkarteak. Luisma Landaluze arduradunak esan duenez, horrelako gaitzak dituzten haurrei laguntza emateko asmoz sortu zen Gure Señeak, Derion (Bizkaia). Gertutik izan dute Batten gaixotasunaren berri, bi haur egon baitziren gaitz horrekin elkartean, eta Nahiaren ingurukoei bultzada ematea «ezinbestekoa» iruditu zaie.

Sarrerak eta kontu korrontea

Nahiaren gurasoek eskerrak eman nahi izan dituzte jaso duten laguntzarengatik, eta gaineratu dute aukera hori izateko borrokatu nahi dutela.

Bi emanaldi eskainiko dituzte otsailaren 5ean Viktoria Eugenian: 16:30ean eta 18:30ean. Sarrerak hamar euroan eros daitezke, bertako eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta Kutxako ohiko kanaletan. Ilara 0 izeneko kontu korrontea ere ireki dute dirua sartzeko:2101 0381 06 0012609814.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.