Komunikazioa. Ekografiak

Nahieran

Jokin Labaien.
2011ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Fakultatean sartu nintzen lehen egunetik zurrumurru moduko bat entzuten nuen etengabe, karrera amaitu artean. Gaia, zuzenean ala zeharka, beti zegoen presente. Garaiak aldatzen ari ziren. Gizartea aldatzen ari omen zen. Eta, haiekin batera, baita komunikatzeko era ere. Papera, hainbat denboran xarma ikaragarri izan zuen hura, indarge erakusten zidaten, desagertzear batzuentzat. Telebista ere ez zen izan zena, sarearen mesedetan. Irakasleen artean, denetik: teoriaren aldekoak nahiz aurkakoak. Batzuek, hotzean egindako azterketak hartzen zituzten hizpide; besteak, berriz, malenkoniatsu mintzo ziren.

Ukaezina da, apokalipsiaren zaleen ideiak albora utzita, garaiak, gizartea, komunikazioa eta hedabideak aldatzen ari direla. Eskerrak. Telebista bera ere, itxuraldatzen ari da. Formula berriak eskaintzen zaizkigu, behin eta berriz, izan pantailan bertan ala pantaila inguratzen duen kaxan. Esaterako, duela ez hainbeste TVEk eskainia gurera ere iritsi da. Proiektu berria aurkeztu digute asteon: EITB Nahieran proiektua. Aurrerantzean, telebistako zein irratiko edukiak sarean izango dira ikusgai. Batetik, emanaldiak zuzenean ikusteko aukera izango da. Bestetik, artxiboan bila aritzekoa, zahar eta berri, betiere eduki horien eskubideen jabetza EITBrena den kasuetan. Ideia ona da. Baliagarria. Ikuspegiduna. Erabilgarria oso.

«Ezin izan nuen ikusi» famatua zentzugabea bihurtu da. Bertan izango dugu. Eskuragarri. Adituek, zaleek eta gaixook nahi adina emanaldi izango dugu gozatu eta aztertzeko. Eta, orain aztertu esatean, nago, betiko harri berarekin estropezu egiteko arriskua izan dezakegula. Itxurari garrantzia eman eta mamia ahaztea da garai, gizarte eta komunikabideen gaitz handienetako bat. Eta oraingoan ere, formula berriaren hastapenetan, eskaintza interesgarriaren estreinaldian, ahaztu egin dakiguke zer bilatua izateko eskaintzaren mamia dela ezinbestekoa. Dagoena eskuragarri izatea bezain garrantzitsua dela sortzen jarraitzea, zentzuz sortzen, emankor sortzen.

Nahieran hori ez dadin hatzen eta ordenagailuko saguaren arteko harreman soila izan. Benetakoa izan dadin, klikbatekin hasi eta begietan, belarrietan, zentzuetan amaitzen dena. Zentzu askotarikoa izan dadin nahi duguna. Orain arteko hainbat gabezia beteko dituena. Nahi dugun bezalakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.