Alex Pinak sortutako ekoizpena Antena3 kateak estreinatu zuen, eta harrera nahiko ona izan zuen. Baina Netflix plataformak eskubideak erosi eta katalogoan sartu ostean, herrialde askotan fenomeno bilakatu zen. Ingelesez ez diren telesailen artean inoizko ikusiena bilakatu zen Netflix plataforman. Itziar Ituño aktoreak Raquel Murillo poliziaren rola jokatu zuen aurreneko bi denboraldietan, eta atal berrietan ere pertsonaiarekin jarraituko du —Amerikako herrialde askotan Ituñoren zale klubak sortu dituzte, telesailaren oihartzunaren eraginez—. Euskal Herriko beste aktore bat ere agertuko da hirugarren denboraldian: Najwa Nimri (Iruñea, 1972).
Aktore berri gehiago ere batu dira lantaldera: Hovik Keuchkerian, Fernando Cayo eta Rodrigo de la Serna. Azken horrek atzo iragarri zuen telesailak laugarren denboraldia ziurtatua duela, hirugarrena grabatzen hasi ez diren arren.
La casa de papel-en hirugarren denboraldia 2019an estreinatuko dute. Telesailak bideo bat zabaldu du gaur, iragarpen gisa. Bella ciao kanta entzun daiteke bertan, eta aktoreak gidoi irakurketa batean hasten dira.
💥💥BOOM💥💥 pic.twitter.com/J8ngUWJk89
— La Casa de Papel (@lacasadepapel) 2018(e)ko urriaren 25(a)