Nature aldizkarian gaur argitaratutako artikulu batean egiaztatu dutenez, argiaren eta materiaren arteko interakzioak baditu bereizgarri batzuk eskala azpinanometrikoan. Hain zuzen ere, Javier Aizpuruak (Donostia International Physics Center eta Materialen Fisika Zentroko ikertzailea) zuzentzen duen taldeak teoria iraultzaile bat zeukan garatuta gai horren inguruan, eta gaur plazaratu duten artikuluan azaltzen den esperimentuari esker, egiaztatu egin dute.
Artikulu horretan bildutako ekarpenak aukera berriak zabaldu ditu nanooptikaren alorrean. Izan ere, argia gero eta eskala txikiagoetan maneiatzea funtsezkoa da teknologia aplikazio iraultzaileak garatzen jarraitzeko.
Aizpuruak berak azaldu duenez, nanoantena optikoen ikerketan aurrera egiteko oinarri berrien beharra zegoelako hasi ziren teoria berria garatzen. Fisika kuantikoaren arauek definitzen dute diziplina hori, baina gero eta distantzia txikiagoak (eskala azpinanometrikoa) adieraztea interesgarria izango zelakoan, egoera berri horri egokituko zitzaion esparru teoriko propio bat osatzeari ekin zioten.
Teoria horretan zehaztu bezala, argiaren eta materiaren arteko interakzioa desberdina da eskala azpinanometrikoan. Hau da, fisika kuantikoari neurri txikiago horren bereizgarri diren fenomeno berri batzuk gehitzen zaizkio.
Ideia hori egiaztatzen duen Nature aldizkariko artikuluan, Aizpuruaren taldeak Paris Sud eta Cambridgeko Unibertsitateko zenbait ikertzailerekin lan egin du. Hain zuzen ere, Cambridgen egin dute teoria egiaztatzen duen esperimentua. Bi esfera metaliko nanometro baten azpiko tartean jarri zituzten, eta bien artean geratutako hutsune horretan gainazaleko elektroiek argiarekin zuten interakzioa aztertu zuten. Hala, DIPCko eta CFMko ikertzaileek aurreikusitako efektu berezitasun horiek baieztatu zituzten.
Eskala azpinanometrikora egokitutako ezagutza berri horrek argia harrapatzeko beharrezkoa den gutxieneko dimentsioen oinarrizko muga kuantikoa ezartzen du. Gainera, mundua tamaina horietan deskribatzeko eta neurtzeko era berriak ahalbidetu ditzake. Esaterako, gero eta gailu optoelektroniko txikiagoak egiteko estrategiak garatu ahal izateko.
Ezarian. Zientzia
Nanometroaren azpiko eskalaren berezitasunak, 'Nature'-n
Javier Aizpuruaren taldeak argiaren eta materiaren interakzioaz garatutako teoria egiaztatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu