Nanoteknologiaren erreferentzia nagusia da BEC nazioartean egunotan

Mundu zabaleko ehunka ikerlari eta enpresaren bilgune da nanoteknologiaren ImagineNano ekimena

Nanoteknologiaren alorreko 130 enpresa elkartu dira BECeko azokan. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Barakaldo
2011ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
«Zientzian ez dago bigarren edo hirugarren mailarik: zure lan eremua zehaztu behar duzu lehenik, eta gero, hura jorratzen hoberenetakoa izan; bestela, ez dago biderik». Pedro Miguel Etxenike Donostia International Physicks Centerreko presidentearen hitzek laburbiltzen dute ImagineNano nazioarteko jardunaldien espiritua. Nanoteknologiaren inguruan atzotik ostegun artean Barakaldoko BECen antolatutako ekimen aberatsak mundu zabaleko ehunka ikerlari eta enpresa elkartu ditu, gunea munduko erreferentzia nagusia bilakatuz nanoteknologiari dagokionean.

Besteak beste, Jose Mari Pitarke CIC Nanoguneko zuzendaria, Kostya Novosevol fisika arloko Nobel sariduna eta Pedro Miguel Etxenike bera izan ziren atzoko inaugurazio ekitaldian. Novoselov grafenoari buruz aritu zen; 2010ean Nobel saria ekarri zion aurkikuntza azaldu zuen. DIPCeko eta CIC Nanoguneko zuzendaria, berriz, Elektroien dinamika gainaldeetan eta nanoegituretan izenburupean aritu zen. Etxenike gustura zegoen BECen ukan zituen entzule espezializatuekin. «Hiru helburu ditugu hemen: lehena, ikerketa bera sustatzea, hau da, zientzia aurreratzea; bigarrena, zientzia hori ekonomia sustapenerako erabiltzea; eta hirugarrena, hori dena gizarteratzea. Jardunaldi hauek hiru bideak jorratzen dituzte. Begiratu zure ingurura eta zuk zeuk erabaki hau aurrerapauso garrantzitsua den edo ez».

Nanozientzia eta nanoteknologiaren alorreko aurrerakuntza berrienak plazaratuko dira egunotan BECen. Zientzialarien arteko elkarlana, inbertsoreekin eta industriarekin loturak erraztu eta negozio eredu berriak bultzatu nahi dituzte ImegineNanoko bultzatzaileek, DIPCek, CIC Nanogunek, EHUk, eta Phantoms Fundazioak. Izan ere, nanoindustriak epe ertainera aukera zabalak izango dituela diote adituek. CIC Nanogunek nazioarteko erreferentzia gisa ipini nahi du Euskal Herria, eta helburu horrekin bat antolatu du ImagineNano. 130 enpresek jarri dituzte erakuslekuak BECek hartu duen nanoteknologia azokan. Bestalde, sei ataleko hitzaldiak izango dira: energiak, biomedikuntza, optika, konputazioa, nanozientziaren azken joerak eta grafenoa. Azken horrek leku berezia izango du.

Paseoa nano mundutik zehar erakusketak jarriko dio arte ukitua ImegineNano ekimenari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.