Astelehenetik aurrera, Napardeath filma oso-osorik ikusi ahalko da Interneten, BERRIAren webgunean. Azkeneko egunetan, Berria.eus zatika ari da ematen pelikula —urtarrilaren 13an hasita, egunero eman du atal bat, eta horrela jarraituko du egunotan, igandera arte—. Bizpahiru minutuko eszena horiek sare sozialetan ere ari dira zabaltzen, haietan agertzen diren zenbait pertsona ezagunei erreferentziak eginda.
Napardeath pelikula Ataun of the Dead trilogiaren hirugarren zatia da. Katihotsak Logia kultur elkarteak egin ditu hiru filmak, auzolanean, eta zuzendariak Beñat Iturrioz eta Xabier Padin dira. Aurreneko bi zatiak —Ataun of the Dead eta Joxean's hil eben— Youtuben daude ikusgai, baina hirugarrena soilik BERRIAren webgunean ikusi ahalko da, oraingoz. 60 herritan baino gehiagotan eman dute.