Ez da oso hegalaldi luzea izan helikoptero batentzat, baina urrats interesgarria izan da gizateriarentzat. NASAk Martera bildalitako Ingenuity helikopteroak lehenbiziko hegaldia egin du. Helizeak piztu eta azeleratu ditu; hiru bat metro egin du gora Marteko airean, eta berriz zegoen lekura jaitsi da. Perseverance ibilgailuaren sabelean bidaiatu zuen helikopteroak, eta hark harturiko bideoa erakutsi du AEBetako espazio agentziak, saioaren arrakasta frogatzeko.
You wouldn’t believe what I just saw.
— NASA's Perseverance Mars Rover (@NASAPersevere) April 19, 2021
More images and video to come...#MarsHelicopterhttps://t.co/PLapgbHeZUpic.twitter.com/mbiOGx4tJZ
Minutu bat baino gutxiago iraun du hegaldiak, baina aski izan da NASAk ikusteko eta erakusteko ideiak funtzionatzen duela. Datozen aste eta hilabeteetan, hegaldi luzeagoak egingo ditu gailuak, eta zientziarako baliagarriak diren misioak egingo ditu.
NASAren arabera, beste mundu batean hegazkin batek bere indarrez eginiko lehenengo hegaldi kontrolatua izan da. Bideoaz gain, datuak jaso dituzte NASAko kontrolatzaileek, eta horiek ere baieztatzen dute gailuak Marteko atmosfera finean egin duela hegan.
«Orain, esan dezakegu gizakiok lortu egin dugula errotore-gailu bat beste planeta batean hegan eginaraztea», adierazi du MiMi Aungek. Ingenuity egitasmoaren burua da Kalifornian. Gogora ekarri ditu Wright anaiak, eta haiek 1903. urtean eginiko lehenengo hegaldiarekin parekatu du gaur gertaturikoa.
Perseverance-k harturiko bideoaz gain, helikopteroak berak harturiko argazkia zabaldu du NASAk. Horretan, gailuak bere itzala erretratatu du, goitik, Marteko azalean.
Ingenuity-k egin duen hegaldiaren grafikoa.NASA
Ez da erraza Marten helizeen bitartez hegan egitea. Marteko atmosferaren dentsitatea Lurrekoaren %1 da; hau da, airea askoz finagoa da, eta errotoreek oso azkar egin behar dute bira, gorako indarra sortzeko. Gaurko hegaldirako, errotoreek 2.500 itzuli egin dute minutuko. Lurrean, helikoptero modelo txiki batzuek 400-500 itzuli minutuko behar dituzte, eta handi batzuek, gutxiago: 250 bat. Zorionez, grabitatea ere txikiagoa da Marten, eta horrek lagundu egiten du hegan egiten.
Ingenuity-ren lehen erronka Marteko gau hotzak jasatea izan da. Otsailaren 18an iritsi zen Martera. Marteko zero azpiko 90 graduko tenperaturei aurre egin behar izan die. Arriskutsuak dira, muturreko hotzak helikopteroaren osagaiak honda ditzakeelako. Konpentsatzeko, helikopteroak berogailu bat du. Eguzki plaka txiki baten bidez pilatzen du hegan egiteko behar duen energia.
Datozen egunotan, beste lau hegaldi egingo ditu gailuak, eta hegaldi bakoitzean urrunago bidaiatuko da.