Ezarian. Argazkilaritza

Natura arte bilakatzea

Naturaren gaineko 26 autoreren ikuspuntua erakusten duten 175 argazki bildu ditu Portfolio Natural elkarteak. Euskal Herriko zortzi argazkilarirenak ere badaude, tartean.

Oscar Fernandezek Suitzan egindako argazki bat. OSCAR FERNANDEZ.
Inigo Astiz
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Oso erraza da naturari argazki bat ateratzea. Euskal Herria argazki makinak dituzten mendizalez beteta dago, adibidez, baina badago kamerarekin naturari begiratuta autore izaterik ere». Koldo Badillo argazkilari bilbotarrarena da aldarrikapena. Portfolio Natural elkarteko kideetariko bat da bera, eta hori da haien asmoa: natura erretratatzea, ukitu artistikoa ahaztu gabe. Urteak daramatzate horretan, eta luxuzko edizioa duen liburua kaleratu dute orain, Altus Editions argitaletxearekin: Natura. Regards Creatives sur la nature (Natura. Naturari buruzko begirada sortzaileak). 175 argazki bildu dituzte, guztira. «Orain arte egindako lanaren erakusgarri izan dadin».

Orain hamar bat urte sortu zuen taldea Badillok beste hiru kiderekin, Fernando Puche, Antonio Real eta Jesus Rodriguezekin. Webgune bat da proiektuaren muina, www.portfolionatural.com izenekoa, hain zuzen ere. Hasieran lau zirenak 26 dira egun, baina sarea da oraindik ere haien lanaren azpiegitura nagusia. Erakusleiho moduko bat da webgunea, eta taldeko kide bakoitzak bere argazkiak erakusteko aukera du bertan. Bakoitzaren zortzi bat argazki hautatu dituzte libururako.

Zortzi dira taldean parte hartzen duten Euskal Herriko argazkilariak. Luis Llavori, Juan Carlos Muñoz, Eduardo Blanco, Isabel Diez, Oscar Fernandez, Asier Castro, Raul Esteban eta Badillo bera. Argazki aukeraketa bat bidali behar izaten dute argazkilariek taldeko kide bilakatu nahi izanez gero, eta jadanik kide direnek erabakitzen dute lanak maila ematen duen edo ez. Demokratikoki. «Gero eta gehiago gara, eta, egia esan, gero eta zailagoa gertatzen da gehiengoena», azaldu du Badillok. Argia da bere hitzetan metodo hori erabiltzearen arrazoia: «Kalitatea ziurtatzen dugu».

Argazki makinaz soilik

Ez da hori, ordea, taldean parte hartzeko bete beharreko baldintza bakarra. Manipulatu gabekoak izan behar dira argazkiak. «Argazki kamerarekin bakarrik egindakoak behar dute argazkiek. Argazkigintza talde bat gara, ez informatika talde bat. Guri kanpoan lan egitea gustatzen zaigu, ez etxean ordenagailu aurrean». Sinesgogorra da jendea, ordea. «Egin ditugun argazkiak artifizialak diruditela diote askok, baina errealak dira, erabat. Halakorik ikusi ez badute, ez dute ikusi gu han egon garenean egon ez direlako, edo nahiko goiz ez direlako esnatu».

Esfortzu handiko hautua da hori, Badilloren hitzetan: «30 urte daramatzat lanean nik. 30 urte argazkiak atera eta atera, eta liburuan zazpi argazki baino ez ditut sartu, azkenean. 100.000 bat argazki izango ditut eginak. Baina guztiz momentu bakanak ageri dituzten zazpi baino ez ditugu aukeratu».

Montierrera ere gonbidatu dituzte (Frantzia), azaroaren 17tik 20ra bitartean egingo duten Europako naturari eta animaliei buruzko argazki jaialdi garrantzitsuenetariko batean parte hartzeko. Talde gonbidatua izango dira, eta pozarren dago Badillo. «Ohore bat da guretzat, halako jaialdi batean hala parte hartu ahal izatea». Erakusketa bat ere antolatuko dute bertan beren lanekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.