Arantza hotelaren arduraduna

Alberto Madinabeitia: «Natura errespetatzea da gure oinarri handienetako bat»

Bost izar ditu Nafarroako Arantza hotelak. Eurena «naturaren aldeko proiektu bat» dela defendatu du Madinabeitiak. Europako hotelik jasangarrienaren saria irabazi berri du, Only Adults kategorian.

Arantza hotela
IÑIGO URIZ / FOKU
urko iridoy alzelai
2024ko otsailaren 1a
05:00
Entzun

Mendiak, turismoa, jasangarritasuna, luxua... hainbat kontzeptu uztartzen ditu Arantzan (Nafarroa) dagoen bost izarreko Arantza hotelak. Alberto Madinabeitia (Donostia, 1971) da hotelaren arduraduna, eta, proiektua duela 24 urte planteatu ondoren, «arrakastaz eta sariz beteta» ikusten du gaur egun. GrINN sarietan, Only Adults kategorian, Europako hotelik jasangarrienaren saria irabazi berri du hotel horrek.

2023ko hotelik jasangarriena da zuena, Only Adults kategorian. Zer garrantzi du horrek?

GrINN sarietan lortu dugu izendapena. Enpresa batek eman digu saria, enpresa pribatu batek. Ez da aldizkari bat, eta ezta bezeroen iruzkinak jasotzen dituen webgune bat ere. Guk ez dugu haiekin kontakturik eduki.

Zerk bihurtzen du Arantza hotela jasangarri?

Hainbat ezaugarri ditugu. Adibidez, energia sortzeko eguzki panelak ditugu; Arantzan baimendurik daude. Ura ere hemen ondoko iturburu batetik hartzen dugu. Ura guk berotzen dugu, egurrezko pinportak eta hemen ondoko egurrak erabiliz. Gauza asko dira, xehetasun txikienak ere bai; xaboiak ere, adibidez, jasangarriak dira. Natura errespetatzea da gure oinarri handienetako bat, eta egunerokoan garrantzi handia ematen diogu.

Autosufizienteak zarete?

Hori da gure helburu nagusia. Pauso txikiak ematen ari gara helburu hori lortu arte.

Ez da zuen lehenengo saria, ezta?

Ez. Zorionez, sari gehiago lortu ditugu azken urteetan. Ecolabel etiketa duela urtebete lortu genuen; Europako Batasunak proiektu jasangarriei ematen dien etiketa da. Baina Ecolabel lortzeko, baldintza asko bete behar dira. Horrez gain, beste webgune batzuen sariak ere jaso ditugu, baina guretzat bezeroen iruzkinetatik datozenak dira garrantzitsuenak. Balorazio oso onak jasotzen ditugu hainbat webgunetan, bikainetik gorakoak beti, eta horri ematen diogu guk garrantzia.

Zenbat eta izar eta sari gehiago, orduan eta hobea da hotela?

Ez. Norberak bizi duen momentuaren araberakoa da hori. Nik, adibidez, hainbat bidaia egin izan ditut motxila bizkarrean hartuta, eta izar gutxiko hoteletan hartu izan dut ostatu, momentuan hori nahi eta behar nuelako. Beste bidaia batzuetan, bost izarreko hoteletara joan izan naiz, baina norberak egiten du bizipen bakoitza hobea edo okerragoa, ez izarrek.

Zer momentutan disfrutatzen da ondoen Arantza hotela?

Gure hotela bikotekidearekin disfrutatzeko eginda dago. Hori da proiektuaren funtsa: bikoteen artean lasaitasuna aurkitzea, deskonexioa.

Beraz, umeak debekatuta daude zuenean?

Ez, ez dago debekurik. Guk bi eskaintza ditugu: Arantza hotela eta Arantza apartamentuak. Bigarren hori familientzat eta talde handiagoentzat pentsatuta dago, eta lehenengoa, esan bezala, bikotekidearekin egoteko da. Guk badakigu familiarekin etorrita bizipena ez dela berdina; horregatik, apartamentuarena aukera aparta da. Hoteleko eskaintzez gozatu dezakete kasu horretan ere, spa zerbitzuaz, adibidez.

Momentu ezberdin horiek ezin dira nahastu?

Gure ustez, ez. Bikotekidearekin lasaitasuna bilatzen baduzu, familia giroa ekidin nahiko duzu. Zerbitzuak denentzako dira, baina bakoitzak bere orduan disfrutatuko ditu, giroak edo momentuak ez nahasteko.

Zer aisialdi eskaintza dituzue?

Jendeak, normalean, bi gau pasatzen ditu hotelean, eta ia denek ez dute autoa ukitu ere egiten. Inguruaz disfrutatzeko aukera ematen diegu, Bortzirietako paisaiez goza dezaten. Inguruan hainbat ibilbide ditugu, 45 minutukoak nahiz ia bost ordukoak. Horrez gain, bizikleta elektrikoak ere baditugu hotelean, bezeroek erabil ditzaten. Gastronomia tailerrak, ardo dastaketak eta bisita gidatuak ere antolatu izan ditugu.

Bost izarreko hotel bat, Nafarroako herri txiki batean, mendialdean... Ez da ohikoena, ezta?

Ez. Normalean, jendeak hiri handietan edo kostaldean irudikatzen ditu bost izarreko hotelak, eta ez mendian galduta. Horregatik, gure proiektua oso berezia dela uste dut. Maila handi hori lortu dugu, eta jasangarritasunaren alde ari gara ekinean, era berean. Ez da erraza Arantza bezalako herri txiki batean horrelako toki galdu batean horrelako proiektu bat edukitzea. Hemen, bezeroari bizipen oso bat eskaini behar diogu. Hau ez da Donostiaren parekoa; han hiriak berak ematen du eskaintza.

lotsabako

Arantza hoteleko txokorik gustukoena? Spa. Bost izarreko hotel bat? Nobu, Donostian. Eta izar gutxiagokoa? Beragu hotela, Galipentzun [Nafarroa]. Euskal Herriko toki bat? Arantza ingurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.