ETB

Natura, fikzioa eta gastronomia ETB1eko udako programazioan

Euskarazko kateak Beti mugan telesaila estreinatuko du hilaren 15ean; Alberto Iñurrategik Natura bizia dokumental saioa aurkeztuko du; eta Joseba Argiñanok gastronomia lehiaketa bat gidatuko du.

Getarian aurkeztu dute udako programazioa. EITB
urtzi urkizu
2021eko uztailaren 1a
14:01
Entzun

Gertutasuna eta freskotasuna izango dira ETBren udako programazioaren abiapuntua, aktualitateari eta jendartean interesekoak diren gaiei adi eta entretenimendurik onenarekin orekan. Hala, ETBk eskaintza zabala izango du, eta bertan ez dira faltako gastronomia, musika, kirolak eta euskarazko fikzioa, ezta azken ordukoari eta analisiari etengabeko arreta ere. Unai Iparragirrek bere lehen prentsaurrekoa eman du gaur ETBko zuzendari gisa. Getariako Balentziaga museoan (Gipuzkoa) egin dute aurkezpena.

Udan saio hauek estreinatuko ditu ETBk: Joseba Arguiñanoren Altxa txapela (ETB1) eta Dani Alvarezen El Día de Mañana (ETB2) saio berriak; eta, horiekin batera, Beti mugan euskarazko telesail berria; eta Alberto Iñurrategik, bestetik, Natura bizia dokumental saila aurkeztuko du.

Gauetan, iaz bezala, Udak dakarrena aurkeztuko du Julian Iantzik. Horrez gain, jada erreferente diren arratsaldetako programak ez dira faltako: Joseba Arguiñano Sukalerrian, Ahoz Aho eta Biba Zuek! ETB1en; eta QMEC eta A Bocados, ETB2n.

ETBko udako euskarazko saio nagusiak egun hauetan ikusi ahalko dira: Natura bizia, hilaren 13tik aurrera, asteartetan, 22:30ean. Euskal biodibertsitatea ardatz duen zortzi ataleko dokumental sail bat da; Beti mugan, hilaren 15etik aurrera, ostegunetan, 22:30ean. Koronabirus kasurik ez duen herri batean girotutako umorezko fikzioa da, eta Elena Irureta, Itziar Aizpuru, Miren Gaztañaga, Mikel Laskurain, Iker Galartza, Amancay Gaztañaga, Mikel Ibarguren eta Xabi Jabato López aktoreak dira protagonistak; Altxa txapela, hilaren 18tik aurrera, igandetan, 22:30ean. Joseba Arguiñanok aurkeztutako sukaldaritza lehiaketa berria da, eta Euskal Herriko jakirik bereizgarrienen lau ekoizle arituko dira bertan lehian; Ahoz Aho: Uda, hilaren 19tik aurrera, astelehenetik ostiralera, 17:00etan. Ilaski Serranok aurkeztuta, Euskal Herriko sortzaileak eta dibulgatzaileak pasatuko dira bertatik, kulturaren, zientziaren eta beste hainbat gairen inguruko jakin-minak asetzeko gogoz.

Kirol emanaldiak ez dira faltako ETBn uda honetan: Plazandreak saioko emakumezko pilotaren asteleheneko saioarekin batera, ETBk astean zehar hainbat jaialdi eskainiko ditu datozen asteetan. Bihar, uztailak 3, abiatuko da arraun denboraldia ETBn, eta astero bi saio emango dituzte. Txirrindularitza ere protagonista izango da Euskal Telebistan, eta herri kirolen leihoa zabalik izango da uda osoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.