Ezarian. BTT zentroak

Natura pedal kolpeka ezagutuz

Valderejo Añana zentro inauguratu berriarekin bost dira jada Hego Euskal Herrian dauden BTT zentroak. Eskarmentuko kirolaria izan nahiz ez, bi gurpilen gainean hamaika txoko ezagutzeko aukera ematen dute.

Mendia eta itsasoa uztartzen dituzte Debabarrena BTT zentroko ibilbideek. Eskarmentu handiko txirrindularientzako bideez gain, kilometro gutxiko ibilbideak ere badaude. EUSKADI BTT.
Adrian Garcia.
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Txirrindularitzak zale asko ditu Euskal Herrian. Kirol jarduera izateaz gain, kutsadurarik sortzen ez duen garraiobidea ere bada, natura parajeak ezagutzeko tresna egokia. Bizikletak dituen bi ezaugarri horiek uztartuz, BTT zentroek naturaz bizikleta gainean gozatzeko aukera ematen dute. Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldea, Arabako mendialde eta lautadak eta Nafarroako basoak era berezi eta dibertigarrian ezagutzeko aukera ematen dute zentrook.

Neguko hotzak ahaztu, eta jende ugarik hartu ohi du bizikleta garaiotan. Ibilbide sare handia eskaintzen dute BTT zentroek, natura, kirola eta turismoa uztartzeko proposamena eginda. Guztira, Hego Euskal Herrian bost BTT zentro daude: Busturialdea-Urdaibai Bizkaian, Izki-Arabako Mendialdea eta Valderejo Añana Araban, Debabarrena Gipuzkoan eta Ameztia Nafarroan.

Orotara, 1.800 kilometro baino gehiago lagunekin edo senideekin Euskal Herriko parajeak pedal kolpeka ezagutzeko. Hainbat zailtasun mailatako ibilbideak daude, denak mendiko bizikletarekin egiteko prestatuak. Ibilbide bakoitzari kolore bat ezarri diote, zailtasun eta gogortasunaren arabera. Gainera, pista guztiak markatuak daude, inor gal ez dadin. Era berean, zentroetako harrera guneetan erabiltzaileentzako zerbitzu ugari daude. Ibilbideari eta inguruari buruzko informazioa eta aholkuak emateaz gain, beste zerbitzu askotaz ere goza dezake txirrindulariak:GPSa eta bizikleta alokatu, dutxa hartu, ostatu eta jatetxeei buruzko informazioa jaso, mapak...

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zentroak Eusko Jaurlaritzaren ekimenez sortu zituzten. Beste herrialdeetako ereduak oinarritzat hartuz, naturari lotutako turismoa bultzatze aldera jarri zuten abian proiektua, 2005. urtean, mendi bizikletan turismo berdea bultzatzeko helburuarekin. Frantzia, Alemania, Eskozia, Italia eta bereziki Kataluniako ereduak hartu dituzte oinarritzat.

Zentroen sustapena Eusko Jaurlaritzaren ardura bada ere, ibilbideen mantentzea eta kudeaketa eskualde bakoitzeko erakundeen esku dago. Landa eremuei bizitasuna eman eta bisitariak erakartzeko asmoa du BTT zentroen proiektuak. Hala, harrera guneetan ostatu, jatetxe eta inguruan ikusteko dauden herri eta txokoen berri ematen dute.

Nafarroako Ameztia BTT zentroaren kasua bestelakoa da. Administrazioaren laguntzarik ez du, eta ekimen pribatuari esker atera da aurrera.

Iaz 2.000 lagun inguru igaro ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BTT zentroetatik. Halere, Euskadi BTT bulego teknikoko arduradun Gustavo Alegriak azaldu duenez, datu horiek harrera bulegoan izena eman dutenen lagunenak dira. Haien kalkuluen arabera, zifra hori igaro diren erabiltzaileen %10 da. Azken urteetako joeraren arabera, zentroen erabiltzaileen kopuruak gora egingo du.

Euskal Herria gurpil gainean ezagutu nahi duenak badu non aukeratu. Bost BTT zentroen bidez, Euskal Herria paisaiaren, kulturaren eta biztanleen aniztasunaren bidez deskubritu daiteke. www.btteuskadi.net eta www.ameztia.com webguneetan eskura daiteke informaziogehiago. Ondorengoak diraEuskal Herriko bost BBT zentroak.

1. Busturialdea Urdaibai

Harrera gunea. Mendata. Eleixalde auzoa, z/g. Bizkaia.

Ibilbide kopurua. 11 ibilbide, 270 kilometro inguru.

Kontaktua. 946 25 72 04 eta [email protected].

Busturialdeko zentroa da Euskal Herrian ireki zuten lehenengoa. Urdaibaiko Biosfera Erreserbari esker, mendiko bizikleta gainean ibilaldiak egiteko leku paregabea da. Basoak eta itsasoak bat egiten dute ingurune horretan, eta itsasaldeko herri txikiek bisitariari aukera gastronomiko, kultural eta natural handia eskaintzen diote.

Harrera gunea Mendatan dago, Gernikatik bost kilometrora. Mendata ardatz hartuta, eskualdea zeharkatzen duten 11 ibilbide prestatu dituzte. Maila guztietako ibilbideak badaude ere, gehienak zailtxo samarrak dira. Mendiko bizikletan eskarmentua dutenenentzat dira aproposak, gogortasun eta zailtasun teknikoarengatik ezagunak baitira zentro horretako ibilbideak. Gernikako alde zaharreanhasi eta Mundaka itsasadarren ertzetik igarotzen den ibilbidea da zentro horretako ibilbiderik nabarmenena. Hala ere, zailtasun txikiko eta edertasunhandiko ibilbide bat ere prestatu dute.

Baso sorginduak, burdinolak, errotak, dorreak... Bizikletatik jaitsi gabe eskualdeko harribitxiak ikusi ahalko ditu bisitariak.

2. Izki-Arabako Mendialdea

Harrera gunea. Urturiko golf zelaia. Arriba auzoa z.g. Araba.

Ibilbide kopurua. 15 ibilbide, 500 kilometro inguru.

Kontaktua. 945 37 82 62 eta [email protected].

Laborantzarako erabilitako lautaden gainean altxatzen diren kareharrizko mendiek eta hostozabalen basoek hartuko dituztebisitariak Izki-Arabako Mendialdea BTT zentroan. Arabako hego- ekialdean, Arabako Mendialdean dago zentroa. Harrera gunea Urturiko golf zelaian dago, Gasteiztik 38 kilometrora, eta Guardiatik 28ra.

Eskualdean biztanle urri daude eta komunikazio bide handietatik urruti; horrenbestez, inguru lasaia da. Izkiko Parke Naturalean dago Europako Quercus Pyrenaica baso masa handienetako bat eta ondoen kontserbatuta dagoena. Paraje horietan bizikletan ibiltzeko bidexka eta ibilbide ugari topatuko ditu bisitariak. Orotara, hamabost ibilbide eskaintzen ditu zentroak, guztientzat pentsatua. Guztira, 500 kilometro baino gehiago gurpil gainean paisaia ikaragarriez gozatzeko. Hasiberriek zein adituek BTTa lasaitasunez egin ahalko dute.

Berezitasun bat du Izki-Arabako Mendialdeko BTT zentroak: bide berdea deritzon Vasco-Navarro trenaren bide zaharreko zati batzuk erabiltzen ditu.

3. Debabarrena

Harrera gunea. Elgoibarko Mintxeta kirolgunea. Azkue auzoa z.g. Gipuzkoa.

Ibilbide kopurua. 15 ibilbide, 370 kilometro inguru.

Kontaktua. 943 74 73 56 eta [email protected].

Kostaldeko kolore urdinak eta barnealdeko mendien berde bizien kontrasteak hartuko du bisitaria Debabarrena BTT zentroko ibilbideetan barna. Debabarreneko hondartza, kala eta itsaslabarrak ikusi eta flysch egitura geologikoak gertutik aztertu ahal izango du bizikletazaleak. Debabarreneko BTT ibilbide sareak hamabost ibilbide ditu, 370 kilometro orotara. Zailtasun handiko ibilbideekin topatuko da bisitaria. Maldan gora egin ostean, gailurren artean iragaten diren bidexketan zehar sari ederrekin egingo dute topo: ikuspegi ikusgarri eta abiada handian jaisteko maldak.

Halere, ibilbide errazagoak egin nahi dituztenek aukera edukiko dute horretarako. Familiako txikienekin batera egiteko moduko ibilbideak ere badaude Debabarrena zentroan.

4. Valderejo Añana

Harrera gunea. Angostoko kanpina. Vilanañe-Angosoto errepidea, Araba.

Ibilbide kopurua. 7 ibilbide, 120 kilometro inguru.

Kontaktua. 945 35 32 71 eta [email protected].

Ondo bereizitako bi paisaia eremu ditu Valderejo Añanako BTT zentroak. Batetik, mendebaldeko haranak, eta, bestetik, lautada. Angostoko kanpinean du zentroak harrera gunea. Aparteko orografia du inguruak; elkarren artean independenteak diren haranek osatzen dute eskualdea.Zazpi ibilbide ditu zentroak, 120 kilometro guztira. Zentrorik berriena da, iragan martxoaren 30ean inauguratu baitzuten ofizialki.

5. Ameztia

Harrera gunea. Ameztia 13, Doneztebe. Nafarroa.

Ibilbide kopurua. 12 ibilbide, 500 kilometro inguru.

Kontaktua. 948 45 00 28eta [email protected].

Bidasoa ibaia bidelagun, antzinako Txikito Trenaren bideari jarraituz ahaztutako bunker, tunel eta baserriz josiriko paisia ikusiko du bisitariak ibilbide berdean barrena. Ameztia BTT zentroan gehien egiten duten ibilbidea da. Txikienekin familian egiteko aproposa da, oso laua baita. Halere, eskarmentu handiko txirrindularientzako ibilbideak ere badituzte.

Nafarroako BTT zentro bakarra da Ameztiakoa. Ekimen pribatuari esker atera da aurrera. Donezteben dago, Ameztia jatetxe eta ostatuan. Zentroan bertan bizikletak alokatu, ibilbideei buruzko informazioa jaso, ostatu hartu, dutxatu eta bazkaldu ahal izango du bisitariak.

Ibilbide bakoitzari buruzko liburuxka bat har dezake erabiltzaileak, eta bidegurutze guztien argazki eta mapak izateaz gain, inguruko historiaren berri ere ematen du.

Negozioari bultzada emate aldera, orain dela hiru urte BTT zentroaren aldeko apustua egin zuten Ameztiakoek. Administrazioaren laguntza izatea ezinezkoa zela ikusi, eta euren kabuz prestatu dituzte ibilbide guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.