Maratila

Naziotasuna berriro

Lucien Etxezaharreta.
2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Abertzaletasuna sozialismoarekin uztartu behar zelarik baitezpada, garai batean, idazlan ugari euskal adituek naziotasunaz paratu zituzten. Nazionalismoaren itzal historiko beltzak berdintasuna, parekotasuna, askatasun indibiduala aldarrikatzen zutenak gaitzesten hasi ziren. Frantziako intelektualek, zakurkeria doi bat sartuz, «komunitarismoa» goraki salatu zuten: ez ote zen hemen egin nahi «garbiketa etniko» bat euskal departamendu bat eskatuz? Esaldi politak ere atera ziren nola «repli identitaire», «nortasun atzerakoia» salatuz. Alabaina, hemen badugu gure Errepublikaren lelo ziurra, askatasun, berdintasun eta anaitasunarekin. Horrela, komunitarismoa bekatu mortala bilakatu zen, Frantziako «modelo integratzailearen» emaitzak goraipatuz.

Baina, batek zioen bezala, «datuak tematsu» dira. Eta horra nola ikertzaile batzuek Frantziako eremu batzuetan erakusten duten integrazio hori porrot eta gezur nagusi dela. Datuen artean Clichy-sous-Bois herrian, Parisetik hurbil, 1968 eta 2005 artean, guraso bat bederen atzerritar dutenak %22tik %76ra igo dira, gehienak musulmanak, horien alderako jarrera gero ta ezkorrago delarik eta, Christophe Guilluy-k dioenaz, «kultur separatismoa» guztiz indartzen ari da.

Eta hemen? Ziur ez dira mahometanoak kostalde honen erosleak eta biztanle berriak. Euskal kultur ukamen isila egiten digute. Baina ahazten nuen: estimatzen dituzte Ezpeletako piperra, Baionako urdai azpia eta festak eta gure kanta xarmagarriak, erran gabe doa ere gure bazter ederrak. Eta non da euskal nazioa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.