ATZEKOZ AURRERA

Nazismoaren biktimei aitortza

Nazien kontzentrazio esparruetan preso egon ziren Maria Gesalaga eta Jose Hernandez omendu dituzte, Zarautzen. 70 gipuzkoar inguru izan ziren nazien errepresioaren biktima.

Maria Gesalaga eta Jose Hernandezen etxearen parean oroimenezko plaka jarri zuten eta lore eskaintza egin zuten, atzo. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
Zarautz
2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Maria Gesalaga zuen izena, Madame deitzen zioten haren ilobek Bordelen (Okzitania) bizi zen izeba zelako, eta 19425 zenbakia zen nazien begietara. Ravensbruckeko kontzentrazio esparruan bi urte pasatu zituen, eta bizirik ateratzea lortu zuen. 2005ean hil zen, 98 urte zituela. Nazien biktima gipuzkoarrak oroitzeko ekitaldia egin zuten, atzo, Zarautzen (Gipuzkoa). Maria Gesalaga eta Jose Hernandez zarauztarrak gogoratu zituzten, hain zuzen. Hernandez Mauthauseneko kontzentrazio esparruan egon zen preso.

«Atzoko historia irakurri nahi dugu, bihar berriz ere gerta ez dadin», azaldu zuen Florentino Mariñelarena La Ilusion elkarteko ordezkariak. Memoria historikoa berreskuratzeko ikerketak egiten dituzte elkartean. Nazien biktima gipuzkoar guztien herrietan oroimen plakak jartzeko ekimena abiatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. 70 biktima inguru dituzte zenbatuta.

Mariñelarenarekin batera, Jose Luis Illarramendi Zarauzko alkatea eta Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia izan ziren ekitaldian. Garitanok azaldu zuen gipuzkoar horiek haien ideologia eta jarduera politikoarengatik jasan zutela errepresioa, eta erakundeen ardura dela oroimena berpiztea. Ekitaldia Gesalaga eta Hernandez jaio ziren etxeen alboan plaka jarriz amaitu zuten.

Erresistentzian

Hantxe zeuden Gesalagaren senideak ere, Maria Luisa Gesalaga Maria Gesalagaren iloba, esaterako. Ongi asko ezagutzen du izebaren istorioa. 1907an jaio zen Maria Gesalaga, Zarautzen, eta 1931n Jose Miguel Begiristainekin ezkondu zen. Begiristain Alderdi Komunistako kidea zen, eta 36ko gerraren ondorioz, Frantziara alde egin zuten biek. Erresistentzian sartu ziren, eta Bordelen atxilotu zuten Maria Gesalaga. Ravensbruckera bidali zuten, 1943an. «Gure osaba desagertu egin zen», kontatu du Maria Luisa Gesalagak.

Emakumeentzako kontzentrazio eremurik handiena izan zen Bigarren Mundu Gerran Ravensbruck. Milaka pertsona hil ziren eta hil zituzten. 1945eko apirilaren 23an askatu zuten Gesalaga.

Frankismo garaian, Bordelen bizi zen izebak opariak bidaltzen zizkien urtero ilobei Euskal Herrira. Bigarren gizona hil eta gero, adinean aurrera joanda zegoela, Zarautzera itzuli zen bizitzera. Orduan hasi zen iragan lazgarriaren berri ematen. «Bati gauzatxo bat eta besteari beste bat kontatzen hasi zen. Nola igandeari beldurra zioten, zaintzaileak erdi mozkortuta itzultzen zirelako kontzentrazio esparrura eta denetik egiten zietelako...».

Mariñelarenak kontatu zuenez, Jose Hernandez 1921ean jaio zen, Zarautzen. 1941ean Fallingsbotelgo kontzentrazio eremutik Mauthausenera eraman zuten. Lau urte beranduago irten zen, eta Perpinyan (Katalunia) hasi zen bizitzen. Hantxe hil zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.