Ezarian. Zientzia

Neanderthalen botila lepoa

Neanderthalak galtzear egon ziren Europan, orain 50.000 urte. Lurraldea birpopulatu zuen atzera, eta beste 10.000 urtean iraun zuten. Hala dio genetikan oinarrituriko ikerketa batek.

Homo neanderthalensis espezieko banako biren simulazioa. JAN PRILLWITZ.
xabier martin
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Espeziearen eboluzioaren ezagutzan sakontzeko ate berri bat zabaldu du nazioarteko hainbat adituk elkarlanean egindako ikerketa baten emaitzak. Molecular Biology and Evolution aldizkarian argitara eman duten artikuluan diotenez, Homo neanderthalensis galtzear zen Europan, Homo sapiens iritsi aurretik. Duela 50.000 urte galdu ziren Europan neanderthal banako gehienak; talde txiki batzuek birpopulatu zituzten atzera Europako mendebaldeko lurraldeak, eta espezieak beste 10.000 urtean bizirik irautea lortu zuen, hain justu gizaki modernoa azaldu arte. Batzuk eta besteak kontinentean izan ziren batera epe batez.

Hipotesi hori plazaratu dute, besteak beste, Love Dalenek (Suediako Natur Historiako Unibertsitatea), Anders Gotherstromek (Uppsalako Unibertsitatea, Islandia) eta Juan Luis Arsuagak berak, Atapuercako aztarnategiko zuzendariak. Neanderthalen hainbat fosilen azterketa genetikoa izan da hipotesia egiteko gako nagusia. Espainiako iparraldeko hainbat aztarnategitako (Kantabria eta Burgos) antzinako fosilak baliatu dituzte DNA azterketak egiteko. Analisi horiek erakutsi dute Europako neanderthalen aldatze genetikoa oso mugatua izan zela espezieak iraun zuen azken 10.000 urteetan. Antzinatasun handiagoa duten neanderthalen fosiletan, berriz, aldatze genetikoa handiagoa da, 50.000 urte inguruko botila lepoa gertatu aurretik alegia. 50.000 urte inguruko epe horretara iritsi baino lehen, neanderthalen aniztasun genetikoaren maila beste espezie batzuetan aurkitu ahal direnen parekoa da, betiere espezie horiek leku berean egon badira eta epe luze batean.

Hau da, Europako neanderthal antzinagokoenen aniztasun genetikoa —baita Asiako neanderthalena ere edozein arotan— gizaki modernoarena bezain aberatsa izan zen espezie gisa. Aldiz, Europako azken neanderthalen populazioarena ez. Haien aniztasun genetikoa ez zen izan, kasurako, Islandiako Homo sapiens populazioaren parekoa ere.

Hipotesia ontzat jotzen bada (luze gabe etor daitezke froga gehiago, DNA analisiei esker), muturreko klima aldaketak (azken izotz aroak) neanderthalen populazioan uste baino eragin handiagoa izan zuela pentsatu beharko da.

Ezuste handia

«Erabateko ezustea da Europako Homo neanderthalensis ia galdu izana, eta gero berriro populazioa berreskuratu izana; eta hori guztia gizaki modernoa Europara iritsi aurretik gertatu izana ere bai». Hala dio Love Dalen suediarrak. Ikuspuntu berria da, eta iraultzailea, neurri batean, neanderthalek eta gizaki modernoek espezie gisa elkarri zer-nola eragin ziotenaztertzeko. Neanderthalen fosilen DNA analisiak aintzat hartzen dituen ikerketaren egileen ustez, «berraztertu» egin behar da orain arteko uste zabaldu eta onartu bat: neanderthalen populazioa egonkorra izan zela Europan ehunka milaka urtean, harik eta gizaki modernoa iritsi zen arte.

Oso baldintza txarrean dauden DNA laginak aztertu behar izan dituzte adituek, eta metodologia aurreratuenak erabili dituzte azterketok egin ahal izateko; Hamahiru neanderthal banakoren DNA mitokondrialaren sekuentziak lortu dituzte. Danimarkako eta AEBetako estatistikoek parte hartu dute ikerketan, baita DNA dekodetzeko zientzialari daniarrek ere. Juan Luis Arsuagak gidatutako paleontologo taldeak osatu du nazioarteko talde hori. Euren lanen emaitzak bateratzean ohartu dira «neanderthalen historiaren zati ezezagun bat» azaleratu dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.