Ezarian

Neguan lo, udaberrian lore

Maiatzetik aurrera lore berriak ikusiko dira Euskal Herriko hirietako hainbat parke eta lorategietan. Haiek kolorez betetzeko lanean ari dira hainbat langile.

Iruñea
2011ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Bilbo, Gasteiz, Donostia, Baiona eta Iruñeko udaletan heldu den maiatzean lorategietan ikusiko diren diseinuak prestatzen ari dira. Bien bitartean, hiriotako lorategietan hasi dira joan den udazkenean landatutakoak loratzen. Hostoak erortzen diren urte sasoian landatutako lilipak edota hiazintoak loretu dira. Ereindako idi bihotzen erraboilak ere hasi dira irekitzen. Lozorroan zeuden lorategietan, kolore biziak erne dira nunahi egunotan.

Plazer xume bezain merkea da udaberriko egun eguzkitsu batean etxetik atera eta lorategiren batean leku hartzea. Zer esanik ez, lizar baten itzalpean, belar atera berriari emandako lehen mozketak uzten duen usain freskoari, lilipen, hiazintoen edo idi bihotzen lurrina eta kolore mosaikoa gehitzen badiogu. Eta hori guztia hiriaren erdian.

Dena dela, hirietako lorategiak egoki edukitzea ez da merkea, eta udalek diru asko eta lantalde handiak bideratzen dituzte. Adibidez, Gasteizko Udalak urtero milioi bat euro gastatzen du lorategietan loreak sartzeko egiten dituen udaberriko eta udazkeneko kanpainetan. Atzetik doaz gainontzeko udalak: Bilbok 298.540 euro erabiliko ditu lan horretarako; 87.000 euro Iruñeak, eta 40.000 Baionak. Donostiako Udalak ez du datu hori eman.

Euskal hirien artean gehien gastatzen duena Gasteiz bada ere, ez da biztanleko berdegune kopuru gehien dituen hiria. Biztanleko berdegune kopuru gehien Iruñean daude, 26 metro koadro; eta, atzetik, Donostia dago, hogei metro koadrorekin. Hiriotako udalek lorategiak hornitzeko bi kanpaina egiten dituzte, bata udazkenean eta bestea udaberrian. Egunotan, udaletako teknikoek hirietako parkeak eta lorategiak aztertzen dituzte, zein egoeratan dauden ikusteko eta maiatzeko deseinuak zehazteko. Diseinuetan landareen garaiera, koloreak, itxura eta bolumenak uztartzen saiatuko dira. Gasteizkoak 145.000 landare landatuko ditu bi kanpainetan; 518.700 Bilbokoak, 160.000 Iruñekoak, 138.000 Donostiakoak eta 100.000 Baionakoak.

Kolorea urte osoan

Zehatzera hurbilduz, Iruñeko Udalak hogei espezietako 85.000 lore berri landatuko ditu maiatzetik aitzina, hirian dauden 110 lore tauletan. Azken bizpahiru urteetan, Nafarroako hiriburuko udalak diseinuari garrantzi handiagoa eman dio, eta berdea nagusi zen lorategietan kolore gehiago sartzen hasi da. Lehen xumeagoak ziren, eta orain, berriz, estetikak garrantzi handia hartu du. Xabier Kerejeta Eulen enpresako kudeatzaileak helburua urte osoan lorategietan kolorea ikustea dela azpimarratu du. Eulen, Ciclo Tecnigral enpresarekin batera, Iruñeko lorategiak eta berdeguneak zaintzeaz arduratzen den enpresetako bat da. Kerejetak dio 2008. urtera arte «betiko» landareak jartzen zirela: alegriak, geranio, andere belarrak, petuniak eta surfiniak. Baina azken urteetan etengabe ari dira landareak merkaturatzen, eta udaletako teknikoak beste landare batzuk erabiltzen hasi dira.

Lorezaintzan bi korronte nagusi daude: bata, lorategi klasikoa deritzona. Frantziako Versalles jauregiko lorategia da horren eredurik argigarriena. Bestea, berriz, herri anglosaxoietako lorategi paisajista edo naturala. Lehenengoan, ordena eta kontrola dira jaun eta jabe; hesi asko ditu; zuhaitzak oso kimatuak eta kontrolatuak daude, eta loreak ere oso sailkatuta sartzen dira. Aldiz, lorategi naturalean zuhaitzak kontrolik gabe hazten dira; lore gutxiago ikusten dira, eta landare bizikorrak landatzen dira, eta bere garaian loratzen dira. Kerejetaren ustez, bi korronteen nahasketa da Iruñeko lorategiena. «Lorategi ingeles batek urte osoan argazki asko ematen ditu, baina landarerik aldatu gabe. Iruñean, berriz, udaberrian eta udazkenean, sasoiko loreak landatzean, urte osoan izaten da kolorea». Eta hori da asmoa. Loraldiak mailakatzean eta tartekatzean, lorategietan beti kolorea ikustea. «Urte osoan kolorea izatea da helburua, bestela ezer ez dagoela ematen duelako. Belarra eta zuhaitzak hor diraute beti, baina arreta, batez ere, loreek ematen dute».

Azken urteetako joera aldaketaren adibide Iruñeko Sarasate pasealeku berrituan jarri duten lorategia da. «Oraintxe ziklamenak dira lorea duten bakarrak, beste guztiak zuhaixkak dira, eta, sasoiaren arabera, hostoek kolorez aldatzen dute. Errepide aldera orain kolore horixka hartu duen maoniak jarri dituzte. Aurrealdean, berriz, sanferminetarako loratuko diren hortentsia gorriak jarri dira. Beraz, lorategi horrek urte osoan kolorea izanen du».

Lore taulen eraldaketa

Loreak urte guztian ikusten dira lorategietan, udalak bi kanpainaegiten dituelako. Lorearen edertasuna behin-behinekoa da, eta, Iruñeko eguraldi aldaketak aintzat hartuz, sasoi bakarra irauten du. Horregatik egin behar izaten dira bi kanpaina. Orain lorategietako lore tauletan 60.000 lore eta 67.000 erraboila daude. Guztiak urrian eta azaroan landatu ziren. Orain, eguraldia goxatzearekin batera, loratzen hasi dira, udaberri loreak, pentsamenduak, lilipak eta hiazintoak bista daitezke, eta landaretxoen tartean sartutako idi bihotzen erreboilak ere ateratzen hasi dira.

Maiatzean eta ekain hasieran beste lore batzuk sartuko dituzte, udan loreak ematen dituzten geranioak, petuniak eta begoniak, gehienbat. Guztira, 85.000 ale. «Horiek nagusi diren arren, iaz 50 aldaera berri sartu ziren», dio Kerejetak. Landatzeko garaia iritsi aurretik, alabaina, lurra garbitu eta prestatzeko lana egin behar izaten da. Aurreko kanpainako loreak kendu, eta Arazuriko araztegira eramaten dira konposta egiteko.

Landatu baino bi aste lehenago, lurra prestatzen da; eskuz tokia txikia bada, eta makinarekin handiagoa izanez gero. Zimaurrarekin ongarritu eta gero, prest da lore berriak hartzeko. «Udalak ematen digu lore taula bakoitzeko diseinua, eta zenbat landare jarri behar ditugun». Batzuetan lerrokatuta, beste batzuetan zirkuloetan, lore handiak atzean eta txikiak aurrean. Hortik aurrera, zer lan? Belar txarrak kendu, onddorik ateratzen ez utzi eta hondatutako landareak aldatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.