Kakiturri elkarteaIñaki Landa

«Nekatuta nagoenean bizitzaz gozatzeko etortzen naiz hona»

Gutxi dira lagunekin edo familiarekin giro onean lasai-lasai egoteko lekuak. Haritz baten itzala, botila bete sagardo, isiltasuna eta afari bat aski izan daitezke pertsona bat indarberritzeko. Hori guztia eta gehiago ematen dio Kakiturrik Zeledon ohiari.

Iñaki Lasa Etura.
Gasteiz
2013ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Non, bestela. Haurtzaroa, gaztaroa eta heldutasuna leku berean eman baditu, zein izango du norberak leku kutunena. Edozein unetan sentipenak eta memoriak azalarazten dizkion txoko berezi hori. Zalantza gutxi izan zituen Iñaki Landa Zeledon ohiak (Araba, 1952) haren tokirik gogokoena aukeratzeko. Bi jarri zituen mahai gainean: Kakiturri elkartea edo Gorbeia mendi gaina, «batez ere goizean-goiz, gandua erabat desagertu aurretik, zer esan tontorraren beste aldetik erromeri doinuak iristen bazaizkizu». Praktikotasunagatik, eta elkartea Eharin egotegatik —han jaioa da Landa—, lehena aukeratu du.

«Erlaxatzeko etortzen naiz hona, lanaren egunerokoaz nekatuta nagoenean bizitzaz gozatzeko. Gozatzera nator azken finean, hemen une ederrak ematen ditugu lagunok elkarrekin, gure gaztetasuna edo bestelako pasadizoak gogora ekarrita». Elkarteko sortzaileetako bat da Landa: «Ehariko gazteek egin genuen gauza onenetakoa elkarte hau sortzea izan zen».

1995. urtean ireki zuten elkartea. Aurretik nesken ikastetxea eta Ehariko lehenengo ikastola izan zen lekuan. Ikastola egoitza handiago batera aldatu zenean hutsik geratu zen. Lan gogorrak eta ilusioak atera zuen aurrera proiektua: «Lan handia egin dugu, ikus dezakezun guztia guk egin edo erosi dugu, sabaitik hasita». Egun 50 bazkide inguru ditu Kakiturrik, asko Okerrak blusa taldekoak dira. «Gutxienez, astean behin» joaten saiatzen da.

Maitasuna dario elkarteko zoko guztiei. Beheko solairuan hainbat argazki zahar eta nekazari tresna dituzte, gela txiki bat, biltegia, komunak eta mahai futbola. Pare bat botila bete sagardo atera diu Landak elkarrizketa hasi aurretik. Solairu nagusiak ere altxor bat baino gehiago du. Atentzioa ematen du, batez ere, atetik sartu eta ezkerretara ikus daitekeen margolanak; esku-huskako partida bat ezkerreko eta aurreko paretetan margotua, eta sabaitik, pilota zintzilik. Landak harrotasun betez erakutsi du behera jaisteko eskaileren ondoan dagoen arasa ederra. Zaharkin denda batean erosi zuen.

Kanpoan dute, baina, elkarteko altxor preziatuena: lorategia. Leku gogokoeneko txoko kutunena aukeratu beharko balu, hor luke Landak erabakia. «Batez ere udan, haritzaren gerizpean baso bete sagardo eskuan izanda». Bikote gazteak seme-alabekin datozenean jolasteko leku bikaina dela adierazi du elkarrizketatuak: «Guk ere hala egiten genuen gureekin».

Atetik gertu, eguzkiak aspaldi higaturiko ikurrina bat dago, haize epelarekin jostari. Paretaren ondoan, bi burruntzi handi dituzte, eta beste horman, haurrentzako saskibaloi taula. Erdian, gurutze handi bat daukate, eta hor eseri da Landa. Atzean Ehariko eliza ikus daiteke.

Neska-rekin etorri da Landa, dratar arrazako txakurrarekin. Bidean galdu du bestea, baina telefono dei batek etxera itzuli dela baieztatu dio. Segituan bihurtu da Neska egoeraren jabe. Jolaserako gogoa du, eta han dabil bazter guztiak nahasten. Bat-batean litro eta erdiko botila batekin azaldu da, alai, saltoka. Errieta egin dio Landak, baina bost minutu geroago botila bete urekin agertu da txakurra. Auskalo nondik atera duen, baina bost axola hari. Nola ez, argazkietan ere atera nahi du Neska-k .

Herri izaerako auzoa

Lasai egon daiteke Kakiturriko lorategian eserita. Apenas entzuten den zaratarik. Kalean ez dabil inor, autorik ere ez. Haur batzuen builek apurtu dute isiltasuna, bero sapari aurre egiteko igerilekuan baitabiltza. Urrutiago, obren burrunba entzuten da; etxe orratzak eraikitzen ari dira, eta mehatxari begiratzen dute Ehari. Urrun daude, bai; baina gertu, gero eta gertuago. Urteak dira Eharik herri izendapena galduzuela eta Gasteizko parte bihurtu zela, eta Hiriburu Berdea hura irenstear dago. Eharik, baina, gorde egin du herri izaera; jateko zaila da.

Landa izaera, berriz, aspaldi galdu zuen. 1950eko hamarkadatik erabat aldatu da. «Hamazazpi baserri eta bi etxe zeuden. Gero, Mercedes fabrika ireki zuten, Ehari eta Gasteiz hazten hasi ziren... gaurdaino». Nekazari herria baino gehiago, lo-hiria dirudi gaur egun. Lehen baserria zena, orain adreiluzko txaleta da. Horrek pena ematen dio Landari: «Nire herriak jada ez du behi usainik, galdu du xarma hori. Herri txiki batean behi usaina usnatzen dudanean oroitzapen pila etortzen zaizkit». Lurrari begira geratu da Zeledon ohia.

Ez du horrek soilik penatzen. Amorratuta aipatu du Ehariko toponimiaren galera, eta mahaia gogor kolpatzen duela mintzo da: «Hemengo izenak galarazi nahi dituzte zenbait agintarik! Berdin die!». Luze eta zabal hitz egin du Landak. Maite ditu Kakiturri eta Ehari. Horrelako sentipenekin, luze iraungo dute elkarteak eta auzoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.